www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUÑETIK

 

        Larreko, gure adiskide hemengo eritegiko sendatzaile aipatuari behinkotz galdeiten diot lekhu poxiño bat zonbait lerro agerrarazteko haren aldiz Eskualdunean. Barkanezazie beraz irakurle onak.

        Astobizkar iphar aldeko azpian sorthurik, nola ez maite herriño pollit horiek, bere phentze, mahasti eta ohian ederrekin Arnegiko eta Donianeko eskoletan ibilirik gure lehenbiziko urthetan. Adin guri hortan bihotzian sartzen dena erro azkarrak lotzen ditu eta ez nolanahi ahazten edo itzaltzen.

        Horra zergatik hartzen dutan luma nere eskuetan.

        Hemengo berri haundiena tenore huntako badakizie segurki. Primo de Ribera, Espainiako yabea sei urthe luzez españolen ahoak tinki atxikarazi ondoan, bera nausi zenez, juan zaikigu etxerat, here gogoz edo hura baino goitiago den norbaitek manatuz.

        Berak azken egunetan aithortu zien etzakeela ukhatu kaseta gehienak, etsaiak edo ez onhartzen zutenetarik haren jabetasuna zirela, hala nola Espainiako gizon argienak, banketako eta lantegi haundietako gizonak ere.

        Dictateur horiek badakigu eztutela anitz urthe irauten ahal. Azkenekotz higatzen dira eta beren lekua utzi behar, gaitz haundiogotarik beiratzeko.

        Bego besteentzat egin duten gauza xuxen edo makhurren jujamendia. Guri, Nafartarreer, gaitz eta kalte haundiak ekharri daizkigu. Izigarriko zergak bortxatu gitu pagatzerat. Bi miliunetik altxatu ditu sei miliunetaraino. Maluruski sekulako gelditu zaizkigu zauri kirats hori, nik uste.

        Gobernamendu berriak hitzeman du leheneko legiak ezarriko dituela, ez batbatean, bainan emeki, eta ahal bezain laster, politikako gizonak perestutu eta oneski ibiltzen balinbadira, bere aitzineko tzarkeriak alde bat utzirik.

 

        Pilotaz

        Badakizea Espainiako bi pilotari hoberenak, les as remonte edo atxiki ttipian nor diren? Irigoyen eta Abrego. Biak hemengoak nafartarrak, Iruñeko Fronton Euskal-Jai deitu plazan eginak.

        Abrego, hemezortzi urthetako adinian kontratu eder batekin ereman dute Madrid-erat. Hogoi eta hamar partida, hogoi eta hamar mila peseta, bakotxian berrehun bost liberako sakelian. Holako sari pollita emaiteko zerbait behar du izan, alaintso!

        Donostiako kasetek nola uste duzie deitzen dutela? Artista insuperable, maravilla del remonte, fenómeno de la cesta. Batere gutiago.

        Eta bestia, Irigoyen? El león navarro. Indar gaitzekoa, gorphutz lodia bainan haragi ginharria, ukhaya zaindunak eta izterrak erne. Abrego agertu artio etzuen etsairik, buruz buru. Muthikoño hunek lan aski emaiten dako.

 

Eskualduna, 1930/2/7

 

aurrekoa hurrengoa