www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

BAXENABARRE AHANTZIA

 

        Erran zaharrak dio amodioaren ithurburuak zagutzatasunian duela bere hastapena. Ezagutzen ez dena ez da maitatzen ahal.

        Egi xume hunen mamia izan daiteken gizon zozoak eta itsuak laster ikhusiko du. Ez dea hala?

        Yarraik giten gure xederat.

        Aspaldidanik ari dira Espainia aldeko eskualtzaleak karraskan gure hitzkuntza eta ohiduren errepizten, lehiatsuki lothuak, alderdi guzietako eskualdunen anaitasuna bathetaratu nahiz, guhauren ezagutza hedatzen bazter guzietan, laborariak bere alhorrean hazia ahurtaraka ereintzen duen bezala iduriz. Eta ez daiteke ukha ereintza horrek uzta nasaiak emaiten dituela, zorionez.

        Egia ederra hori. Ba, bainan badu halere alderdi hits bat. Gure ezagutzaren hedadura mendiz hemengoen artetik ez da yalitzen edo atheratzen. Mendiz bertze aldekoak erdizka ahantziak dituzte. Benabarre berexiki arrunt ahantzia. Arras guti dakite hemen zer eta nolakoak diren; munduko herrialde urrundu baten idurikoak dituzte, naski.

        Bizpahiru aldiz erran dut hemen berean nola harritua nintzan ikhustean Gipuzkoarrek eta Bizkaitarrek frantziaren azpian dauden eskualdunez mintzatzean ez zuten bathere aipatzen Baxenabarre edo Benabarre.

        Eta huts deithoragarri hortan erortzen balinbadira yende argituak eta eskolatuak, idazleak eta mintzatzaileak, zer asmatu behar dugu yende arrunta eta xehez? Gainekoak, berexiak, erakasleak, bide zehiar eta makhurretan badabiltzanik-geroz ez da harritzeko entzutea hainbeste eta hainbeste arinkeri nola aditzen ditugun, ez nornahiri, bainan plantako yaun batzueri, hangoen ezagutza doi bat yakiteaz bortxatuak direneri, gure ustean.

        Eta ez niz ni bakharra ohar hunen hautamaiteko. Huna zer dion Revista Internacional de Estudios vascos delakoan idazle batek, Elo izengoitiarekin azpian.

        «He dicho siete provincias vascas, porque hay mucha gente que al citar las provincias vascas que radican en territorio francés olvidan la existencia de Benabarre que tiene casi tanta extensión, 1.500 kilómetros, como juntas Laburdi con sus 777 kilometros, y Zuberoa con sus 823 kilómetros, según cifras tomadas del P. B. Estella».

        Damugarri da gibel-asmurik gabe, ustegabean, holako erdeinu kiratsa egitea Eskualherriko eremu den eder eta nasaiari, ez yakitearen dohazkon ondoriozganik.

        Horra zer heineko hutsetarat erorrarazten dituen yendeak beren artekoen ezagutzak ukho egiten duelarik.

        Ba eta gero, huts hori, hain larria izanik nola ez daiteken sinets ere, badu oraino bere alderdi bitxia eta izpi bat irringarria.

        Laphurdin yauzi bat eginikan eta Benabarre, eskualde zabala, ixtapean utzirik, gutietsia, erortzen dira Zuberoko eremu ttipian.

        Bainan zer debru sarthu zaiote buru kaskoan holako harrigarriko itzulipurdia egiteko? Ixterrak zail eta luze behar dituzte, futxo, egundainoko yauzi hortarat heltzeko. Ba eta gero buria arin eta huts, aztak edo pizuak poxelu ez egiteko.

        Eta, nola eta zergatikan ixiltasun hori Benabarreko eskualdeaz? Galde horri ihardets ginezake, bainan... ixo; bego hortan, samur ez diten hobendunak.

        Eskual-herriak hedadura murritza izanki eta oraino gutisko ezagutzen balinbagira gure artean, zertako, bada hainbeste oihu, irrintzina, xirula, dantza eta harrabots? Igandetan yostatzeko?

        Lehen lehenik ezagut giten. Hori da lan beharrena, baitezpadakoa, lehenbizikoa. Gero yinen dira ondorioak; yin behar direnak oro.

        Zer nahuzue, irakurleak; nik aldi bakotx ikhusten nuelarik «Laburdi y Zuberoa» motz motza, hangoez mintzatzean, halako ukhaldi latz eta hits bat emaiten zauztan bihotzian, eta arrunt etsitzen nintzan, begitartea goibeldua.

        Ilhuntasun hortan bizi gireno gutarteko ezagutzaz, zonbeitek igurikatzen duten ethorkizuna urrunxko dela eta nekez ardiestekoa iduritzen zaizkigu.

 

(La Voz de Navarra, 1933/5/24)

 

aurrekoa hurrengoa