www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURE DANTZAK

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Hego aldeko eskualdunen dantza ederrena eta aiphatuena da, iduriz, aurreskua. Dantza aithorensemea, egiazki.

        Mendiz beste aldeko dantza eskualdun huts mami gehiago duenak, eta denen arthean ezagutuena da, Yantza-yauzia.

        Baztan'go Mutil-dantzak badu eite zerbait harekin, eta nik uste dut handik hartua dela, bainan neri etzait hain ederra.

        Behialako dantza, bihotza inharrosten daukuna, zeren eta dantzak eta bere soinuak badute usain bat aitzineko mendeetako urrunduenetakoa, eta gure barnea hunkitzen du entzuten dugularik. Hain dugu sarthua bihotzian, hain da gurea, hangoa! Errotik eskualduna.

        Badira dantza berarentzat aire mota zonbaitetakoak, bakhotxa bere izenarekin: Baxenabartarrak, Laphurtarrak, Xuberotarrak, Luzaidetarrak, Muxikonak, Xibandarrak. Horra Yantza Yauziaren aireak, bainan neri iduri zait ederrena Muxikonak.

        Hitz hau Xuberokoa da, eta nik uste dut aldatua edo bihurtua dela. Batzutan idazten dute «Mutxikouak», eta hitz hau gure eskuararati itzulia, ez othe da «Mutikoak»?

        Lerro inguru zabal bathian dantzatzen dira eta soinulariak manatzen ditu bere harat-hunatetan eta yauzietan. «Ezker, eskuin, hiru yauzi, ozka, pika» eta dantzariak harek erranaren arau ibiltzen dira. Eta zangoak airian dardarikatzen dituzte.

        Dantza hunen lerrotan sartzen dira gizon zaharrak ere (dardarikarik gabe, yakina...) bere pipa ahoan, eta paisola besapian.

        Baditugu ere beste dantza eskualdun hutsak. Bolant-yantza, Yantza-luzia, Atxo eta tupinak, eta bertze.

        Ihauteri egunetan besta ederrak egiten dituzte, «karakotxak» deithuak.

        Izen horrek «mascarada» erdarazko hitzaren ordezkoa ditake. Nehork ez du begitartea estaltzen edo zikhintzen. Denek agerian.

        Berrogoi «bolant» bi lerroetan, xuriz ederki yauntziak, bonet gorriekin, punpuladunak, galtzak xingolaz aphaindiak, ba eta sorbaldak ere; gerriko zetazkoak, eta eskiak eskularru xuriekin.

        Heien aintzidari doatzi, «banderaria», eta haren ondotik «gorria», bere palto gorriarekin, ezpata bat xuta eskian.

        Gero «yaun-tzarra, atxo eta tupinak», eta beste yende irringarri.

        Luzaide'ko ohidura zaharraren arau karakotxak yuaiten dira goizian Arnegi-rat, eta bolantak bethi dantzan, lerroak galdu gabe, agur egiterat auzo herriari.

        Eta ikhusi behar da arratsaldean ze yendeketa ethortzen den Luzaideko plazarat, Arnegi, Lasa, Uharte, Izpura eta Donianetik besta ederraren ikhusterat eta dantzatzerat, zeren eta gure herriko karakotxek aiphu haundia dutelakotz.

        Eta ilhunabarrian kanpokoak etxeratekoan ze irrintziak, ze ayui, ayui! eta harrabots. «Espainiako» ardo lodixka dastatu ondoan.

        Egun hortan dantza eskualdun guziak dantzatzen dituzte.

        Yantza-yauziaren airea paperrian dut, eta Gipuzkoa'ko dantzari Batzak nahi balinbadu ikhasi, gogotik bialduko dakot.

        Nik uste dut aire horrekin dantzatzen ahal dela Mutildantza.

        Eskeintza hau egiten dut ezagutzen ez dutelako ustean.

 

Iruñen, 1935'eko Otsailan.

(El Día, 1935/3/23)

 

aurrekoa hurrengoa