www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

AGUR IRAKURLEAK

 

        Udako itzulia eginik, huna hemen berriz, zien artean solaskari eskualduna, luzesko urrundua egon ondoan. Sailari lotzeko xedean yina edo ethorria niz, bakharrik dakitan mintzairan, Baxenabartarrean, irakurleen barkamenduaikin.

        Bi ilhabete eta goxoki iraganak gure sortherri maitian ez dira nolanahi ahaztekoak, ene herritarreri hain atxikia izanikan, eta eskualdungoak erro azkarrak bihotzian ditienarentzat.

        Bake eder hartan, miresgarrizko leku eta aurkintza heien artean, mendiz goiti eta behiti, oihan eta phentze kurritzen. Noranahi gure begiek behakoa finkatzen diteken alderdietarat, nun nahi, bazter guzietan kausitzen ginuen edertasun xoragarria. Begien loria, bihotzaren bozkarioa, arimaren xaramela!

        Hego aldeko herrialdetan idorteak eta bero izigarriek bazterrak agortu eta kixkaldu omen zituen udaminean. Luzaiden, haatik, phentziak doi-doia horitu ziren, bainan ez guziak gero; iguzkiak egun guzia yotzen zituztenetan bakarrik. Bertzeak, udaberrian bezalatsu, pherde bizi-biziak zauden. Ikhustekoak ziren Aitzurreko errekako pentziak!

        Eta ze erran hango uretatik? Marimatteneko bordako ithurriño hartakoak, ahoan kasik ezin atxikia bere hotztasunaz, bazien errekesta, bero sapha haundietan! Itzal goxo hartan, haritzen pian biltzen ginen alfer egarrituak.

        Hitz dautziet, irakurleak, ase hun bat egin dutala gure hitzkuntza maitetik; bethi solasian, bethi kalakan, eta noizian-behin hitz zahar bat ikhasten, damurik ahatzia, haren ordez hitz arrotza ibiltzen dutelakotz.

        Gauzarik harrigarriena da ikhustea nola igandetan gaingainetako bazterretxe urrunduenetarik yausten diren goizmezaren entzutera gizon eta emazte xaharrak, adin haundikoak, zonbait lauetan hogoi urthekoak eta gehiago. Eta gero, etxeratekoan, patar lotsagarriari goiti, hats gaitzian, izerdituak, gaixuak. Balio du zerbait heien mezak!

        Ez bazituztet enheatzen, eta nagitasunak ez banu beretzen, noiztenka agertuko dira ene lerroak, norbaitek egin beharko baitu lantto hori, zeren eta ohartzen niz aspaldidanik arrunt ixilik daudela eskual idazle guziak, ezpainak yosirik.

 

(La Voz de Navarra, 1933/10/10)

 

aurrekoa hurrengoa