www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

BENABARREKO ESKUARA

 

        Bakotxari, yakina da, iduritzen zaiko bere herrialdeko eskuara dela ederrena eta garbiena, goxoago zitzaiolakotz.

        Eta, zertako ez erran? ni ere ahulkeria hortan eroria niz, bainan ez itsuki, ene ustez, zeren eta gauzak argi eta berme ditugulakotz gure ustekeriaren finkatzeko, hein batian bederen.

        Mendiz bertze aldeko eskualdunen arthean bethidanik izan ditu errekesta eta goresmen haundienak Benabarreko eskuarak.

        Eta ez da bathere harritzeko.

        Dakizuen bezala, irakurleak, Benabarre hango eskualherriaren erdian da kokatua, eta eremu haundienekoa ere.

        Beraz, ez da kotsatua Biarno-ko eta itsas aldeko arrotzkerietatik, Xubero eta Laphurdi bezala.

        Bere zedarriak edo mugak, Gipuzkoari gerthatzen zakon araberan Espainiako aldean, inguratuak eta gerizatuak ditu eskualdunez.

        Baionako astekari Eskualduna-k bere aurthengo Almanakan eraiki du zoingehiagoka bat koblakarien arthean, eta lehenbiziko sei sarituak Benabartarrak izan dira.

        Lehen saria irabazi du E. Erramouspe aphez-gaiak, Bankarra «Arranoa» bere lan ederrarekin.

        Ez da harrigarri Banka-ko seme batian. Bazakien zerbait horgo eskuaraz, «Oxobi» idazle aiphatuak orai hogoi urthe phertsu batian Paris-tar eskualtzale bati erraiten zakolaik eskuara nahi bazien untsa ikhasi egon zeila artzain lau bortz urthe Bankan.

        Ba, Luzaide-tik ere gauza bera erran daiteke, gure auzokoak baitira Bankarrak. Bi herrien eremuak zedarri berak berexten ditu.

        Bigarren saria Baigorriar batentzat. Hirugarren saritua Ezterenzubi-koa. Laugarrena, berriz, Erramouspe Bankarrarentzat. Bostgarrena, Irulegi-koa; eta seigarrena Eiharalarrekoa. Detxepare lehenbiziko liburu eskualdun egilearen herrikoa, 1545-an agertua.

        Ageri da berriz ere Garaztarrek beren eskualdungoaren omena ez dutela arinki eta funtsegabez ardietsia.

        Bozkario eta atsegin haundiarekin ikhusi ditut ene herriaren auzoko horien sariztatzea. Gora ziek, Benabartarrak!!

        Baigorri, Banka, Irulegi, Eiharalarre, Ezterenzubi!, zer xoko miresgarritan zizten kokatuak, zer mendi ederrak zien bazterretan,zer ordoki pollitak!

        Zaudezte bethi eskualdun, arrotz galgarri ohidurak ez daiztela sekula sar; ihes egin zizte kanpotiar kotsutik.

        Eiharalarre, Banka eta Ezterenzubiko erreka xoko hohietarat ez dira hedatuko ez arrotz ohidurak. Mendiak gerizatzen zituzte: lekhu lilluragarrri horietan zirezte gordeak zoriontasun goxoenean.

        Zuen bakhetasuna eta aiseria ezagutzeko eta gehiago maitatzeko behar zinukete doi bat ikhusi bertze herrialdetako biziaren nekhetasunak, pairamenak, oinhazeak eta hertsurak.

        Oraiko gizon adimendu argikoenek erraiten daukute, ikhusiak ikhusi, mundu huntan ardiets ditaken zoriontasunik egiazkoena lurrian bakarrik kausi ditekeela. Erran nahi dute: lurgintzan edo laborarigoan.

        Zaudezte beraz, hor, etxaldeari lothuak eta yarraikiak, eskualdungoa izpirik galdu gabe mundu higuingarria alde bat utzirik.

        Donabartarrak, Garaztarrak ez gal, othoi, gure eskuara maitea.

 

(La Voz de Navarra, 1934/1/30)

 

aurrekoa hurrengoa