www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZUBEROKO ESKUARA

 

        Zonbat aldiz ez dugu entzun Xuberoko eskuara arras nekez ulertzen dela. Eta guk bederen aste guziz irakurtzean Baionako Eskualdunan eskualde hortako idaztiak, ikusten dugu zoin arinki ezarria eta hedatia den omen edo fama hori. Bai; nola ukha badituela hitz batzu, haboro (gehiena), heben (beren), arra (berriz), egartu (yasan), eta holako bertze zonbait guri bitxi zizkigunak. Bainan mintzaiaren mamiak, inguruak, erroak eta ithurburuak baxenabartarrekoak dira huts-hutsak. Guk Luzaidekoek, garaztarrek eta aldudarrek errexki ulertzen dugu; eta hemen berean, Iruñen, ari niz egun guziez solasian xuberotar batekin, biak buruz buru, bathere nekerik gabe, legunki, trebeki.

        Ba eta, futxo! etzait gauza bera gerthatzen gipuzkoarrarekin, erdizka baizik ezin ulertuz. Eta Naparroan, hain eskuara ederra izanik ere, Iruñarrak ari dira gipuzkoarraren ikasten!

        Orai yiten zait gogorat, zer egi haundia erran zien Mr. Lacombe-ek «Revista Internacional de Estudios Vascos» delakoaren zuzendariak, solas batean, Iruñeko eskualtzale batekin. Yaun horrek erran zakon huni Frantzia aldeko eskuara mota guziak Napartarrak zirela. Laphurtar, Xuberotar eta Baxenabartar, denak bat, guziak ama berekoak, ohantze berdinekoak, seaska batekoak.

        Lakonbe-n aitzinetik beste eskualzale barri (sic) batek omen haundiko gizona eskuarazko lan horietan, Mr. Saroihandy-k (damuz, berriki hila) erran zien etzela bathere ta lapurthar mintzorik, zeren eta horgo mintzaira Napartar hutsa zelakotz. Ba eta hori nornahik frogatzen ahal du «Eskualdunan» irakurtzean Laphurdiko idaztiak. Hitzez-hitz Baxenapartar ber-bera da.

        Horra ba, mendiz haindiko, Bidasoz bertze aldeko eskualde guzietako eskuara dena bat, Xuberotarreko hitz zonbait alde utzirik. Beste ohar bat ere egin behar dugu, erranez zer irudi haundikoak diren Erronkariko eta Saraitzuko eskuarak gure Baxenabarrekoarekin eta Xuberotarrarekin. Behin agertu zen VOZ DE NAVARRA huntan berean, Orontz, Saraitzuko herrixka bateko idazti bat, eta harritu nintzan zer eite haundizkoa zen Luzaidekoarekin, eta loriatua nagon iduri hortaz.

        Azkenekotz lerro hautan nahi dut, beraz, oharrarazi zer hedadura nasaia duen Naparroako eskuarak, Laphurdi, Xuberoa, Baxenabarre, Erronkari, Saraitzu, Aezkoa, Ultzama, Basaburua, Baztán, Esteribar, Erroibar, Artzibar; guziak erro berekoak.

        Ba... bainan Iruñarrak gipuzkoarra ikhasten, eta nahiz, goitiago erraten dugun bezala, erdia ere ez dugun ulertzen, zonbait aldiz, hitzak banazka yakinak izanik ere, asmatzen dugu zer debru erran nahi izan othe duen eskualdun berriak. Bizpahiru aldiz irakurtzen dut, eta ezin argirik athera, edo biziki nekez.

        Burua gogorra baitut, naski.

 

(La Voz de Navarra, 1932/10/18)

 

aurrekoa hurrengoa