www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

MENDIZ GAINDI

 

        Gure Manez gizon goiztiarra da. Argi-urratzean xutirik zagon, bere lanetan garraiki beharrez, bizi borthitzari buru egiteko. Gathulu bat talo eta esne yan-edan ondoan eskalapoinen gantzolak antolatzen ditu katxeta batzu itzaturik, eta barneko belharra berriturikan, mendiari goiti yuaiteko.

        Abiatzen da patarrari, leatxuna eta sega bizkarrian, ihaurgiketa, bordako kabalen xantzeak berritzeko, heien ixurgiek usteldurik, ungarri bilhakatzean, kalte haundia egiten baitute behieri zikin kotsagarriak.

        Beñat, bere semettoa, badoa aitaren lagun, bai eta xuriko ere, zakhur etxezaina.

        Maittipi, bere emazte zuhurrak, aphairu hazkor nasai bat ezarri dako, dafail xuri batean inguratua. Usain bafada goxo bat hedatzen da oihaletik, xingar xafla zerra haundi batzu eta beste yaki hun, etxekoandereak arthoski aphainduetarik.

        Ihiziko denboran gure bazterretxtarrek mendi kaskoetarat yuaiten direlarik lanerat ez dute xixpa ahanzten, eta muttikoak derama sorbaldan, uhaletik dilindan.

        Ihaurgi tokirat heldurik lotzen da Manez lanari hats gaitzian, pika eta pika, bere segarekin, eta eguerdiko bildu zituen meta haundi batzu, ez izerdirik gabe.

        Hamabi ezkila dandak entzunik phago baten itzalean yartzen dira, eta yanaria oihalean hedatu ondoan, klika lehiatsuarekin aphairua suntsitzen dute. Han zagon xuriko ere, gose hamikatua, begiak zorrotz, muthurra luze, heldorra agerian usain goxoa usnatzen. Artho eta ogi puskak iresten ditu ziniztan bertze baten igurikan.

        Gure gaizo Manez, ukhondoak altxatuak, zurrustaño goxo bat zintzurrari beheiti zoalarik, huna nun Beñat-en oihu samin batek yauziarazten duen. Bet-betan ikhusten du han berean, hurran-hurrana, harrigarriko yauzi bat eginik iragaiten, brist! ximixta bezala, erbi bat, eta agertu bezain sarri urrundua. Zakhurra ere abiatzen da haren ondotik oldar gorrian erausi garrasiaka.

        Manez, xixpa harturik, badoa lasterka erbiaren bilha eta bulta luze baten ondoan enheatzen eta akhitzen hasi zelarik, zakhurraren erausiak urrunetik entzunik, bet-betan bidexka baten bihurgunean, laphar baten sahetsetik agertzen zaio, beharriak xut, yauzika, erbi bat den ederrenetarik.

        Manez-en begiak nekez ukho egiten baitu gero, xixparen tiroa yali eta, inharroste bat eginik erbia erroz-gora erortzen da, kalitua, lau hatzak zeruari so.

        Manez-en bozkarioa ikhustekoa zen bereganatu zuenean holako erbi larria eta azta edo phizu haundikoa!

        Lehia haundiagorekin lotzen da berriz lanari eta leatxuna lurrean hedaturik, danba-danba metatzen du ihaurria, eta untsa tinkatu ondoan haga-ardatzarekin, xahakoa gohoratzen du eta zurrusta gorria iraunarazten barnea arrunt hutstu artio, brrr... luze bat ahotik yalirik.

        Beñat-en laguntzarekin altxatzen du zama bizkarrerat, eta badoatzi berehala maldari beheiti etxe alderat.

        Maittipi-k, bere senharraren eskuetatik hartzen du dohain ederra, loriatua. Manez-ek besoa luzaturik, halako urgulu izpi batekin doi bat idorki, erraiten dakolarik:

        — No, larrutzen ahal dun berehala eta hea biharko zer bazkari goxoa aphaintzen dunan.

 

(La Voz de Navarra, 1933/4/28)

 

aurrekoa hurrengoa