www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ESPAINIAN IBILIA

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Geaxan, Eiharaberriko semia soldadogoaren egiterat ereman zuten, amaren besoetatik poiramen garratzenetan bazterturik, Espaiña barnian den hiri urrundu eta itsusi batetarat, izenez Albacete...

        Auritzetik hego alderat etzien fitsik ezagutzen, eta lau egun gostatu zitzakon harat heltzea, Espainia guzia ibili ondoan.

        Bi urthe hits han iraganik itzuli zen bere sortleku maiterat. Iduri zitzakon sorgin amets itsusi batetik iratzartzen zela.

        Bere adixkideek, haren itzultziaren ohoratzeko egin zuten apari eder bat ostatuan.

        Untsa yan-edan ondoan, Geaxan, mahi buruan yarria, ari zen ihardesten adixkideen galdeeri, hea ze eskualdeak kurritu zituen, nolako yendeak ziren, eta beste xehetasuneri.

        — To, erraiten dako batek, ohartzen nuk han beltzatu hizala.

        — Eztuk bathere harritzeko, hango bero izigarriek lama kixkaltzen die.

        Trenetik yautsi nintzalaik yendiak ari zitukan saltzen izigarriko ganibet batzu bi zehe luzetasunekoak, oihuka, «Navajas y puñales de Albacete»... eta idekitzean, karrask! egiten zitean.

        Eta, futxo!, izitu nindukan ustez eta han denak ari zirela ganibet ukhaldika tripa lehertzen, eta tresna tzar hori ezinbertzezko beharrekoa zela yende heien arthian ibiltzeko.

        Badakizie, gero, erdi moruak direla odolez, eta ohidurez.

        — Eta bestenaz, hiri ederra dea, Geaxan, Ahalbatzete hori...?

        — Arras itsusia eta zikhina. Sekhula ez dik eurik egiten, dena herrautsez estalia duk, karrika zolak lurrezkoak dituk gehienak.

        Phentsatzen ahal duk ze garbitasuna izan ahal diteken hurik gabe.

        Etxe aitzinetan yarriak, karrikan, erraztatzen dituk emazteak, ba eta bere haurren burutan ihizin... ibiltzen ere...

        Hots, hemengo buhamiak bezalatsu.

        To, behin ze irriak egin nitien eskola batheko haurrak ikhustean! Bazitean maiñu baten beharra! Soinekoak, phildetan: orthotxik, eta begitarteak, urthian behin ikhuziak.

        Orhoitzen nindukan ba, gure bazterretxetako haurrez, menditik yausten direlarik eskolarat, hain garbiki yauntziak eta ikhuziak.

        Bainan, hail, hail, holakorik han ikhustea...

        Espainia barne hura ikhusi nuelaik harritu nindukan.

Han eztuk zuhaitzik nihonere ageri, ez eta phentzeik. Mendiek iduri die herrauts metak. Begiek hel-ahala, alderdi guzietan idortasuna eta idortasuna.

        Nik etxikiat nola debru lakhetzen ahal den yendia eremu hetan.

        Eta hango herriak ere araberakoak dituk, beltz-beltzak, eta garbitasuna entzutez bakharrik ezautzen die...

        Debrien bisaia! handik urrundu nintzalaik eta gure lurretan sartzian iduri zitzaikan ifernutik athera eta parabisuan sarthu nintzala.

        Eskualdun guziek ikhus balezazte eskualde horiek, gehiago maite luzketek, ba, gure Eskual-herri miresgarria. Han dituk, han phizten eskualdungoaren phindarrak.

        Hori litekek phitzgailu hoberena zonbait eskualdunen bihotzeko hotztasunaren suntsitzeko. Gure menperatzaileen eremu eta herri tzarpail horien ikhustea.

        — To, hala uk, ba, Geaxan, ederki mintzo hiz, eta gauza berak entzun ditiat hego aldeko arrotz herrietaik itzuli diren eskualdun guzieri.

        Alo, alo!, edan eta kanta dezagun Geaxanen eta Eskualherriaren ohoretan.

        Eta basoak eskutan hasi ziren...

                «Urzo xuria, errazu,

                Norat yoaiten zira zu...»

 

Iruñen.

(El Día, 1935/12/22)

 

aurrekoa hurrengoa