 |
NEGU HITSEAN
Hor dugu, hor, yin zauku elurra mendi kaskoak bere yauntzi xuriaz estaltzerat. Alhapide nasaietatik ohildu ditu arthaldeak, hain goxoki bazkatzen ziren tokietan udaberritik udazkenaraino.
Ardiak eta behiak bere bulunba eta yuare ozenekin lerro lerro yautsi dira mendietako bide xendreeri beheiti, zakhurraren gerizan eta artzainaren histu saminaren manuz.
Itzuli dira herrietako bordetarat negu borthitzaren iragaiteko atherbe goxoan nasaiki asetzeko sabaian bilduak diren belharrekin, udaminean sartuak.
Bazterretxetan negu hotz eta hitsari ihardokitzeko metatu dituzte egurrak etxe sahetsian, sugai ausarkiz hazteko supazterra eta haren gar biziaren inguruan etxekoak, afari tenoreari igurikan, han dira bilduak, etxekoandereak begitik utzi gabe dilindan den padera noiztenka itzulikaturik, bai eta ere taloa, maxarrua giderretik atxikiz ez dadin sobera erre. Eta gero supazterrean gaztain erreak hedatuak eta mailuarekin zapatuak, xabal-xabalak, nola doatzin ahoetarat, ezin utzizko ahamen goxoak. Ondotik, talo bakotx barnean gasna zerra bat sarturik marrakuku borobil eder bat egiten dute, eta hari ausiki onik emaiten, arrunt itzali artio zintzurrari beheiti. Azkenekotz, horra esnea kotxuan egosia harriburdinekin, yauzika bere irakiduran, ixurtua gophorretarat eta zalhu hustuak aho ziloari barna.
Solasño izpi bat egin ondoan loale phizu batek begiak nekez idekiak doi-doia atxikiz hertsaraztero ditu, eta bat bertzearen ondotik xutiturik, sukaldea emeki emeki husten da denak ohearen bilha lo zurrunka ederrenean etzanak guziak haindik epheño baten buruan.
Sukaldean oraiko han dago etxekoanderia azken lanak egiten eta hautsaren metatzen su miko bat pian utzirik biharamuneko goiz-askarien berotzeko ez dadin itzal.
Gathuak ere, bethi hotzperak, hurbildu dira suburdinetaraino gauaren iragaiteko borobildurik etzanak, beroaren gerizan.
Horra irakurle maiteak nun-nahiko batzerretxe baten sukhalde xokoa Eskual herriko mendietan, negu borthitz arratsetan.Oraiko bazter guzietako nahaskeriak ikhusiz, hain nekea bizia izanik, bereziki hirietan langileentzat, ba othe da zerbait ederragokorik eta bakhetiar nola gure menditarren bizitzea, bere etxaldearen yabe, lurgintzako lanak beren besoez eginak, etxetik kanpo nehoren laguntzak beharrik gabe, eta ait-amak eta haurrideak denak elkhartuak beren ontasunaren gerizatzeko?
Ez; ez daiteke asma deusere miresgarriagokorik. Bakotxak balinbaluke lurpuska bat, ez besteeri ebatsia oraiko egunetan gizon nahasle eta alferrek nahi duten bezala, bainan bere izerdiarekin ardietsia, bakhe ederrian bizi litake mundua, negu hitsari buru eginez errexki, gure menditarren ikhusbide araberan.
(La Voz de Navarra, 1932/12/11)
|
 |