www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

MANEZ, THEMATSUA

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Bazterretxetarrek bere bizitze dohatsuan, etxaldeko lanetan goizetik arratseraino, batbere ez dute axolarik edo griñarik munduan gerthatzen diren gauzetarik, eta gero ez dituzte nolanahi sinhesten, zonbaitek, hiri haundietan izanikan, kondatzen balinbaduzte han ikhusi gauzak, eta gizonak asmatu dituzten tresna miresgarriak.

        Beren azinda untsa haztea, funtsak lantzea; alhor eta phentzeek emaiten ahal dituzten uztak eta mozkinak bethi gogoan. Horra beren buru-hauste guziak.

        Heien bizipidetarik kanpo tuntik ez dakite, eta ez nahi yakin ere. Zertako? Buria nahasteko?

        Egia erran, hobe dute hitzik ez yakitea mundu okaztagarri huntaik.

        Bainan noizian-behin, karrikarat yausten direnean menditik, eta ostatuan sartzen direlarik zintzurraren bustitzerat, kausitzen dute norbait, noiztenka, hiri haundi batian izan berria, espantu gaitzetan an dena haundikeriak kondatzen, hau eta hura ikhusi dituela, eta denak hari so daudenak tetelduak.

        Manez Arnegiberrikoa behin yin zen herrirat, ahetxe eder batekin, tratulant batek erosi zakona, eta haren sari yoria sakhelan sartu ondoan, ze demuntre, ahoa idortia baitzuen, sartu zen ostatuan haren leguntzeko.

        Bere aspaldiko adixkide bat, Parisen zonbait egun egon berria, ari zen ozenki mintzatzen, Frantzia'ko hiri nausian ikhusi zituen gauzetarik eta gizon multxo bat bazen haren ingurian hari beha zagona, ahoak zabalduak eta begiak larrituak.

        —Badakizea zoin den gizon yakhintsuek orai asmatu duten tresna miresgarria?, zion harrokeria batekin, Paris'etik ethorriak. Radio deitzen dena!!

        —Eta zertako da hori? zioten guziek.

        —Zertako!... gaizo pulloak!... Tresna sorgin horrekin hemen giren guziek, ostatu huntaik beretik, Bones-airesen, San Frantsiskon edo Paris'en arrabitas soinulari bat edo kantuz ala solasian ari direnak entzuten ahal ditugu, hementxe berian izan balite bezal-bezala...

        Irri zalaparta bat egin ondoan, Manez'ek erraiten dako, trufa aire samin batekin:

        —Bainan, errak, Paristar hanpatua, asto kankail batzu girela uste duka holako gezurrak iresteko?

        —Ez nuk batbere gezurtaria, Manez, nik erraiten dutana egia duk, eta gero, mihi hori koropila zak...

        —Baia? Alta, eni ez duk sinetsaraziko hori sekhulan. Ze, Paris'en kantuz ari den bat hemendik entzuten ahal dugula? Ago ixilik, burutik yuana othe hiza?

        —Thematsu bat hiz, Manez, eta nahi balinbaduk zerbait yokatuko diauk hori xuritzeko.

        —To, —ihardesten du Manezek— sakhelan dituan sos guziak yokatzen ditiat, ez dela hori egia.

        —Ba, ba, zioten besteek, yoka zazie, bainan ez diruik, bazkari on bat daneentzat...

        —To, sendagileak erosi dik berriki tresna hori, dio batek, eta guazen, han ikhusiko diauk egia denetz.

        Guziak yuan ziren sendagilearen etxerat, eta erran zakoten ze eztabaia ukhan zuten ostatuan, Manezek ez sinetsi nahiz tresna horrekin entzuten dela nornahiren urrun denaren botza.

        Denak yarri zirelarik tresnaren aitzinian, sendagileak hunkitzen du botoin bat, eta «tarrat, tarrat, pin, pin» azantza bitxi batzuen ondotik, horra nun aditzen duten Pariseko teatro batian ari zen kantari baten botz ederra eta ozena.

        —Sinisten duka orai, debru kasko gogorra? —erraiten dako Paris'en egonak...

        ...Hogoi lagunen bazkaria pagatu ondoan bazoan bero-beroa mendian goiti, gogoetan, ze gasaila phiztuko othe zakon etxekanderiak, ahetxaren salneurriaren erdia xahuturik bere burukoikeriaren hobenez.

        —Debrien bisaia!, mundu madarikatu eta iguingarri hortan bano goxoago bizi nuk, to, artho yorratzen, zion berari gaizo Manezek...

 

Iruñen, 1935'ko Urtharrilan

(El Día, 1935/2/12)

 

aurrekoa hurrengoa