www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

SANFERMINETARAT

 

        Uztailako 6-an gure herritik iragan eta iragan egun guzia zabiltzan automobilak, Iruñe alderat, hemengo besta aiphatuen ikhusterat.

        Lau gizon gazte, adixkide minak, han zauden karrikan, so eta so, nola zoan yendea yostatzerat, eta gutizia hortarik kotsatuak erabaki zuten lauek hek ere, zer demuntre, behar zutela gorphutzari eman eskatzen zuen inharroste eta bozkarioa.

        Hartu zuten auto bat eta bazkal ondoan, trenpe ederrenian badoatzi alegera eta lorios Iruñeko besta ederretarat, egundaino bezala ez diren yostatzeko ustean.

        Autoan izterrak zabal zabalak hedaturik, zonbait irrintzina egin ondoan, hasten dira Urso xuria kantatzen.

        Gure muthikoak Auritzetik hego alderat etzuten philik ezagutzen, eta Iruñerat hurbiltzean harrituak zauden eremu agortu eta idor horiek ikhustean. Gaizoek uste zuten mundu guzian bazirela Garazi aldeko phentze eta larre pherde eta muskerrak.

        — Debrien bisaia, erraiten zuen batek, neholere ez nezakek laket lur kixkaldu itsusi hautan.

        — Ba, altaa, ihardesten dako lagunak, Kalifornian ere berdintsu omen dituk, eta hea ez denetz han egiten sos ederrik. Hire osabak zerbait erran lezakek hortaik.

        — To, nahukana; bana ez nezatela athera ene xoko pollitetik.

        Ilunabarrian sartzen dira Iruñen, eta plaza haundi nasaia ikhustean harritzen dira. Yendez leherra alderdi guzietan, haro eta marruma haundian, dena harrobots eta argi disdirant: lilluratuak zauden.

        — Hauxe duk, hau, hiri ederra eta miresgarria.

        Tetelduak, begiak larrituak harat-hunata zabiltzan, oro ikhusi nahiz, botiga ederren aitzinian loriatuak, argi disdirant itsugarriak alderdi guzietan.

        Karrikaz karrika ibili ondoan, lehertuak, azkenian ardietsi zuten nun afal eta etzan. Bostgarren bizitoki batian hegatsari hurbil izigarrizko bero egun batian, lauak ganbera berean!...

        Berant afaldurik, akhidurak loelatu zituen eta badoatzi oherat, biharamunean zezenen sartzea ikhusteko xedean.

        Bainan doi-doia ohean sartu ondoan, zimitza eta kukuso madarikatuak hedatzen dira mihisetan, eta nihondik ez dira han egoiten ahal: osteka dabiltza mamutxa gohaindigarriak. Zer egin?

        Badoatzi kanporat karriketan gaindi ibiltzerat, zezenen sartzeari igurikan. Eta seiak eta erditan ardiesten dute plazan sartzea, ukhondoka bidia eginik yende trumilka hartan.

        Kanpoko aldeko sohailuan kokatzen dira, handik ikhusteko zezenen yitea karrikatik landa.

        Izigarriko furfurian, buztanak inharrosiak, ximixta bezala ikhusten dituzte zezen muthur beltzak gazteriaren ondotik begiak phindarretan, adarrak heien iphurdieri hurbil, eta, brist! sartzen dira barnerat. Eta plaza hartan denak nahastekatuak gizonekin, adar ukhaldika ezker eta eskuin ikhustean, gure gaizo muthikoen bihotzak punpa panpaka yauziarazten ditu, ikharatuak, izialdura haundian, hertsura gaitzian.

        — Debrien arima, Joanes, (dio batek), egundaino ez nikek sinetsi bazirela holako zezen errabiatuak.

        Iduri dik debrua bera dutela barnian. Ageri duk ba Españako odola dela. Eta adixkideak erraiten dako:

        — Ze, uste hien Doniane Garaziko zezen xuri maltso hetarik zirela?

        Handik athera eta yakin zutelarik atsaldian Corrida de toros hartan zezenek zaldieri adar ukhaldika tripak lehertzen zazkotela, eta hertzeak dilindan eta lurrian herrestan daramaztela gaixo zaldiek, ohkaztagarri sarraski odolztatu hori neholere etzuten ikhusi nahi izan. Basakeria holakoak bihotzgabekoentzat.

        Atsalde hartan etzakiten zer egin, zer ikhus.

        — To, gogoratzen zaio bati: guazen Circo-rat, han yostatuko gituk.

        — Goazen ba, iardesten dute guziek.

        Circo-aren athe aitzinian bazen zimino bat, eta ze irriak egin zituzten debru apho xar haren itzulipurdiak eta bere begitarte biziaren kheinu eta yestuak ikhusirik.

        Zukre mokhorrak maite zituen itsuki, bainan norbait ausartatzen bazen trufatzerat, borthizki mendekatzen zen.

        Han zagon muthiko batek zukrearen iduriko harri koxkor xuri bat eman zakon, eta ziminoak ahoan xehatu nahiz, hortzak kraskatu zitzazkon. Herra gorrian yauzi batez khendu zakon muthikoari bere lastozko xapela eta han berian zintzirikatu, pusketan, yende guzia irriz urraraziz.

        Sartu ziren barnian eta harrituak zauden ikhustean nola gizon alimale batek, erdi buluzia, indar gaitzekoa, bihurtzen zituen burdinak eta izigarriko phizuak altxatzen.

        — Debrien urdia! horren pasoa ez dutek Manezttipiarena bezalakoa, dio Yuanesek.

        Gero athera zen itxura arras txarreko gizon bat, bizarduna, burlan debruaren iduriko adar gorri batzuekin, eta zetazko soineko luzeak herrestan, ezin sinetsizko sorginkeriak egiten zituenak. Iztupa phiztuak garrian iresten zituen, ba eta sagar oso-osoak ere. Eta azkenian iru zehe luzetasuneko kanibet edo nabala bat, hertzetaraino heltzen zena, zintzurrari behiti sartu zuen.

        Baina hau zen, hau, harrigarriena. Suian gorritu burdin bat ekharri zakoten. Eta, ze uste duzie egin zuela harekin? Zakhurrak eztian ibili untzi bat milikatzen duen goxotasunian, harek ere milikatu zuen burdin gorritu hura... eta mihia bathere erre gabe, gero.

        — Debrien arima! guazen hemendik, guazen etxerat; eztikiauk zer debrukeriak ikhusiko ditugun Iruñe huntan, gehiago egoiten balinbagira, zioten izituak muthiko eskualdunek.

        Berehala autoa hartu eta afal aitzinean, sartu ziren herrian.

        — Ze, yostatu ziztea Iruñen?, erraiten zakoten herritarrek...

 

(La Voz de Navarra, 1934/1/24)

 

aurrekoa hurrengoa