www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

YATZARTZE EDERRA

 

        Eskual-herria bi zathitan berexturik-geroz, batzuk Frantziaren menpean, bertzeak Espainiaren manu azpian, mende bat egon da lokhartua, ezinbertzean uzkurtua, nagitasunean eroria, indarrak ahulduak, etsitua.

        Hego aldeko Eskualdunak 1839-ko lege higuinak yo zituen hain azkarki, nun bere lege ederrak, Espainiako gobernuak hitzeman ondoan berak gerizatuko zituela, khendu zitzazkon, pilik axolarik gabe hitzari ukho egiteaz.

        1839-garren artio baginituen Nafarroek edozein erresumak dituen legeak, eta Espainiarekin ez ginuen lokharri bat beizik. Errege bera bi erresumerentzat. Deus besterik. Gure mugak nun, herri arrotzen mozkinak sartzean legarrak edo zergak pagatzen zituztenak; gure gudulariak; gure dirua guhauk egina; eta hots, erresuma baten beste lege guziak.

        Horiek oro lege tzar madarikatu harek arrunt kendu zitzaizkun eta geroztik burua aphaldua oinhaze latzan ezinduak, zigorraren mehatxuan ixilduak ginauden.

        Bainan zorionez azkenian gure herabe eta uzkurtasunaren garhaitzen hasi gira, eta horra egungo egunean zertaraino yin giren, ikhusten dugun iatzartze huntaraino.

        Bazter guzietara hedatzen da Eskualdungoa: mintzaira eta ohidurak errepizten eta goresten.

        Behinere ikusi duguia holakorik? Ez, eiki. Eta egunez-egun indar haundiago hartzen du iatzartze samin hunek, bere hedaduraren zedarriak gero eta zabalago eta urrunago doatzi. Eskual-herriko xoko kukutuetaraino heltzen.

        Gizona oinhazeak beretzen duelarik, haren ukhaldi gaixtoaren azpian delarik, uste zaio bethikotz hortan egoitekoa dela, bainan minak, hain gaitza izanikan ere, badu bere ephea, bere muga. Denborak luzarat bihotzmina epheltzen eta eztitzen du, eta barneko zauriak eta pairamenak sendatzen azkenian.

        Zerbait holatsu gerthatu zaio eskualdunari. Gaitzari ihardokitu da eta inharroste bat eginik berriz xutitu arin eta erne eginbide baitezpadakoari yarraitzeko.

        Eta eskualdunaren eginbide hertsiena da eskualdunki bizitzea. Zorigaitzez gure hitzkuntza ez dakitenek oroz gainetik behar lukete ikhasi, zeren eta mintzai arrotzarekin bakarrik ez da egiazko eskualdungorik; bihotza eta gogoa bereganatzen du elhe arrotzak.

        Ondikotz, ez dira anitz suharki ikhasterat lotzen direnak. Eta bizkitartean ez da hain gauza ezinezkoa eta nekezkoa nahikunde khartsu bat bihotzean alhatzen delarik.

        Ikhusbide edo etsenplu miresgarriak ikhusten ditugu zonbaitetan, orai lau-bost urthe doi-doia hasiak murduskatzen, hitzik etzakitenak, eta hain errexki eta garbiki orai mintzatzen direnak. Zer goresmenak ez dute merexi holako gizonek! Eta entzuten ditutalarik asmatzen dut noraino nahiak eremaiten ahal duen gizona helbururat heltzeko, bere baitan itzatu zaiolarik xede bat, eta egin-ahalak oro egiten dituelarik hartarat bururatzeko eta ardiesteko.

        Nahikundearen bothereak ez du neurririk, ez zedarririk. Ez da deus ederragokorik nola bakhotxak bere yendaki edo arrazaren hitzkuntza yakitea. Enetzat bederen hori daukat ohore haundiena, bai eta ere ene izenondokoak edo apellido guziak eskualdun hutsak izaiteaz, arrotz odol xortarik gabe.

 

(La Voz de Navarra, 1933/5/24)

 

aurrekoa hurrengoa