www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURE GIZONAK:
JUAN DE HUARTE

 

        Baxenabartar yakhintsu hau Doniane Garazin sorthua zen 1530-an.

        Mendiz hunaindiko Nafarroa Espainiarrek menperatu ondoan, 1512-an, lauetan hogoi urthez oraino iraun zuen gure erresumak edo nazioneak, nahiz ttipitua, mendiz haraindiko aldean, Frantziari eratxiki gabe.

        Beraz, gure yakhintsua etzen Espainiarra, nahi dutena erranikan ere Ebro-tik beste aldekoek, eta etziren ere San Frantsisko Xabierrekoa eta Martin Azpilikuetakoa, hiruak sorthuak Nafarroako erresuma xutik zelarik.

        Erdaraz eskolatuak zirela eta Nafarroa-tik kanpo hilak?

        Horrek deus eztu erran nahi, eta eztu ezeztatzen erraiten duguna.

        Juan de Huarte (Juanes Uhartekoa) etzen bakharrik denbora hetako mediku aiphatuenetarik bat, bana asmatzaile gaitza, gizonaren adimenduko eta arimako zolan barnago sartu zena, gure gogoaren ikhertzaile eta ohartzale haundia, bihotzaren ezagutzaile zorrotza eta argia.

        Bere gogoeta eta oharmen horietaz egin zuen liburu bat, Examen de Ingenios deithua, eta hain aiphu eta omen haundia ukhan zuen, nun Frantzian, Angleterran, Alemanian eta Italian berehala itzuli zuten bere hitzkuntzetarat, eta Europa guzian hedatu zen gure Huarteren yakitate haundia.

        Uharte, Doniane Garazi-tik (ez dakigu nola eta zer inguruz) yuan zen Huesca-ko hirirat, Aragonen, eta diotenez, medikuntza han ikhasirik, eskol-nausian erakasle izendatu omen zuten. Bainan berri hok ilhunskoak dire.

        Denbora hartan, Baeza, Andalucia-ko hirian, izurrite izigarri batek yendeak xahutzen zituen, eta neholere kotsuaren hedadura etzezaketen garhaitu edo atxiki bere zedarrietan eta bazter guzietarat berduratzen zen herioa sarraski haundiak eginik.

        Ordian Espainiako erregeak erabaki zuen harat igortzea mediku aiphatuena, eta hautatu egin zuen gure yakhintsu au.

        Eta Uhartek, egin ahalak eginik, emeki emeki eritasunak bakhandu zituen, eta azkenian hiria izurritetik garbitu.

        Linares-eko hirian hil omen zen, eta diote hango eliza batian ehortzia dela, nahiz oraino ez den ori argiki yakina.

        Oixtian erran dugun bezala, Uhartek oldozpen eta oharmen sarkhorrak utzi dauzkigu bere liburuan.

        Luze, arras luze liteke hemen aiphatzea, lau hitzez ere, ze goresmen eta laudorio haundiak egin dituzten Espainiako eta Europako gizon yakhintsuenek gure Uhartez.

        Bana erran dezagun denek aithortzen dutela bere adimenduaren ohartze zorrotzen ausartasunez eta bere oldozpen eta erakaspen argi eta barnakorrenganik, hiru edo lau ehun urthez aitzinatu zela haren denborako gizonen artekoetik, ez bakharrik Espainian, bana Europa guzian.

        Holako gure gizon haundiaz oroitu gira azkenian, uzkurtasuna inharrosirik. Yuan den Urrian ospatu dugu Iruñen haren izena. Marañón mediku aiphatua yin zen Madrid-etik eta Ateneo Navarro delako batasunian mintzaldi eder bat egin zuen haren ohoretan. Eta geroago, berriki, Doniane Garazin, bere sortlekian, egin dituzte ospe haundiko bestak, harrizko oroitzapen bat eraikirik haren iduriarekin. Tenore zen holako zerbaiten egitea.

        Eta zonbat Nafarroako seme haundi ditugun arrunt ahatziak!

        Huna Uharten erran batzu, eskuararat itzultzen ditudanak:

        «Yakhintsuen liburuen irakhurtzeak argitzen du ernearen adimendua, bainan mutzitzen du gizon ilhunarena».

        «Haur phestuntziak sekula ez du ikhasiko bere amaren altzoan. Yakhitateak derama berekin nekheak eta pairamenak, eta etxetik lekhutu behar da deus onik egiteko».

        «Ikhas zak untsa liburu baten mamia, eta ehizala sar liburu anitzetan, adimendua trabatuko zaik. Hazia bota zak ildoan, ez besainka barreatuz. Bestenaz, ura saskian bezala litekek».

 

(La Voz de Navarra, 1934/5/1)

 

aurrekoa hurrengoa