www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

GAZTAIN SASOINA

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Eskual-herrian zuhaitz hedatuenetarik bat da gaztain ondoa.

        Hazten da lekhu aphaletan hotz borthitzik egiten ez duen tokitan, phagodietaik beherago, lakhet zaiolakotz eremu ephelak.

        Zuhaitz ederra, larrazkenian ikhusten dugularik mokhotsez brokhatua, ihaurri; horituak eta zohituak, mihauriak ahantxu agerian, erortzeko phundian, eta haize hego zirimolekin lurrerat doatzinak... xerriak gosea asetzeko.

        Gaztaina hazkurri saluta eta indartsua da, diotenez, eta eskualdunek anitz maite dute. Gero, xerrien hazteko eta gizentzeko bazka hoberenetarik da, eta sasoin hortan berehala loditzen dira.

        Abereek, bere ezagutz zorrotzarekin badakite noiz den gaztain sasoina, eta badoatzi gaztaindegi oihanetarat, eta han, musurkaka mokhotsatik atheratzen dituzte mihauriak. Eta ez uste hok axalarekin iresten dituztela. Ez, khentzen dazkote, ez bakharrik axala, bainan haren peko mintza ere, eta gero garbi-garbia mamia yaten, etxekoandere bathek arthoski garbitzen dituen bezala erreximenta egiteko.

        Alaintso! moko finak dituzte gero, urdeek...

        Bazterretxetan gau guziz ikhusiko duzie padera lahatzetik dilindan, eta giderretik firurikan dabilate, gaztainak berdinerat erre diten, bainan lehenik pikhor bakhotxari piko edo ozka bat eginik, zaphart ez dezaten egin.

        Zopa-salda edo baratzekari zerbait, gaztain erre ausarki, mailu bathekin zaphatuak, xabal-xabalak, eta gophor haundi bat talo ta esnez gaineraino, hau harriburdinekin egosia, eta hain gustu goxoa emaiten dakona.

        Horra gehienetan bazterretxetar baten afaria. Eta, futxo, hazkurri indarrekoa eta sanhoa.

        Gaztain uzta biltzeko denbora delarik gizon gazteak iraiten dira zuhaitzetarat haga luze batzuekin, eta aldaskak azkarki inharrosten eta zafratzen dituzte. Mokhotsak erortzen dira burrustaka, erhauntsi bat bezala eta zuhaitz pian dabiltza etxekoak bere kakotxekin hartzen eta botatzen marrega haundi hedatu batzuetarat.

        Pikhor anitz barreatzen baita, han hurbil dabiltza xerriak kurrinkaka mokhotsen ondotik. Ba eta ardura zaharo ukhaldika urrunduarazi behar, zeren eta mokhotsak zaphatzen dituztelakotz mihaurien atheratzeko.

        Mihise eta marregak koropilaturik, astoekin karraiatzen dituzte etxeko ganerretarat

        Gero, etxeko beharren gaineratikoak eremaiten dituzte merkatuetara, eta sos pilixta pollitak biltzen ere.

        Ze orhoitzapen eztiak eta iraunkorrak ditutan ene aspaldiko haur denboratik, gaztaindegietarat yuaiten ginelaik, Azoleta, Lezta eta Aitzurreko hauzoetarat, bethi haurrentzat edozoin gauza yostagailu estakuru delakotz.

        Ba, egun alegerak, seurki, eta damurik, itzuliko ez direnak.

        Bainan halere etzait gogoa histen, adin bakhotxak badielakotz bere biziaren iragaiteko molde goxoak, osagarri huna dugun ber.

        Eta Yinkuak iraunaraz nezala holo-hola.

 

(La Voz de Navarra, 1935/11/14)

 

aurrekoa hurrengoa