www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

OROITZAPEN ZAHARRAK

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Ez dira segurki anitz oroitzen direnak ene herrian «Zimun kauterraz». Hiruetan hogoi urthetakoak goiti baditake, bainan adin gazteagokoak ez dut uste, zeren eta gure haur denboran hila baitzen.

        Zimun kauterra biarnesa zen, eta urthian bi aldiz agertzen zen Luzaiden, bere tresna zaharrak bizkarrian zakhu batian, eta haren ondotik zakhur fidel beltza, gose hamikatua, hezurrak agerian, dena larru.

        Itxura bitxia zuen, eta adin haundikoa. Zapel hegal labur bat burian, Ameriketako «gauchoen» idurikoa, eta bilho harro zuriek beharriak erdizka estaltzen zituzten, bat bere petenta eraztunarekin, eta eskian bethi zabiltzan makhil lodi bat, urhatsen laguntzeko.

        Herrirat helduzkioz, plazako xoko bat hautatzen zuen, haizetik gerizatzeko, eta han husten zituen zakuko tresna bitxienak. Kobre puskak, itziak, haixturrak, trukesak, hari-burdina, mailuak, marteiluak, burdin-xuria, beruna, eta ungidias. Nik dakita zonbat errekaitu!

        Eskolako haur guziak han biltzen ginen, bainan Zimun zaharrak baitzakien (zerbait ikhusirik bere bizi luzean), zein gaixtarrotak ginen muttikoak, bere lehenbiziko lana zen ungidia azkarki finkatzea lurrian, eta hari estekatzea bere xakhur fidela. Norbait ausartatzen bazen soberaxko hurbiltzera, zakhurrak, muthurra zimurturik, hortz zorrotz batzu erakhusten zituen, eta futxo, ez ginen haren peskizan ezartzen. Erausi guthi, bainan ausikias prest.

        Nausia urruntzen zelarik uzten ahal zituen lantokiko tresnak haren gerizan. Etzen zaintzale hobeagokorik.

        Zimun kauterra etxez-etxe ibili ondoan ekhartzen zituen bizpahiru pertza edo untzi disdirant, kobrezkoak. Langile biphila eta abila zen, eta berehala hasten zen panpa, panpa, mailu ukhaldika ungidiaren gainean, bertzaren uspelak leguntzeko edo ziloen estaltzen, heieri puska bat eratxikiz itzekin eta kobre urtuarekin.

        Bainan, nork ikhusi ahal du lanpide hortako gizon bat, eta gehiago dena, biarnesa, Nafarroako ardo gorriari itsuki emana ez dena? Gaizo Zimunez sos multxo bat bildu ondoan ostatuan sartzen zen eta han edan ahala ari zen. Eta noizian behin bere biarnes mintzo herrebesian oihu egiten zuen; «Au diu biban; aqueste-plau».

        Bainan gizon zuhurra zen, eta anitz ardo xurgatu ondoan ere etzuen sekula burua galtzen; zentzua argi zuen, eta bidia zehiarkatuz ere heltzen zen bere lan tokirat, eta han zakhurrari ogi puska batzu emanik, luze luzea etzaten, bere zaintzale fidelaren gerizan, philik axolarik gabe mundu huntako nahaskeria eta nahigabetarik, bere moldeko zoriontasunak gizonik dohatsuena egiten baitzuen. Bertza anitz antolatzeko izanez geroz, etzuen deusere besterik gutiziatzen, eta han hemenka ibiltzea herriz herri, deneez ezagutua eta maitatua bere zuzentasunaz, bizitze goxoena zitzakon.

        Gizon yakintsu eta adimendu handienekoek bethi erran daukute egiazko bizi dohatsua aphaltasunatik kanpo ez daitekela kausi.

        «Zimun kauterra» gizon zuhurra zen beraz.

 

(El Día, 1935/7/21)

 

aurrekoa hurrengoa