www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

IPHAR ALDEKO ESKUALDUNAK

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Ez nuke nahi, irakurleek uste dezaten itsuki ari nizala mendiz haraindiko eskualdunen goresten.

        Nik uste dut hango eta hemengoen ezagutza hedatu behar dugula gutartean, eskualdun guziek yakin dezagun nolakoak giren eskualde guzitakoak, zeren eta ezagutzetik sortzen delakotz amodioa eta anaitasuna.

        Hangoek eskualdungoa errotik sartua dutela gogo bihotzian, ez daiteke ukha, eta frogak baditugu ausarki.

        Handik athera dira aitzineko eskualdun idazle lehenak, Detxepare. Leizarraga, Axular, Etxeberri, Oihenart, eta beste anitz.

        Eskuarazko astekari zaharrena, Baionako «Eskualduna» da, bere hamabi mila irakurleekin, orai berrogoita zazpi urthe agerthua.

        Eta hedadura hori haundiagoa da phentsatzen dugularik ehun eta berrogoita hamar mila arima bezik ez direla Laphurdin, Benabarren, eta Xuberon denen arthean.

        Hango herriko etxetako paperretan badira anitz eskuaraz idaztiak zenbait herritan.

        Hilerrietan hobietako harriak eskuaraz dira ere idaztiak nahiz orai sartzen hasi den erdara hor ere. Luzaiden eta zonbait Zugarramurdin, dira bakharrak Espainia aldeko hilerrietan eskuaraz ezarriak.

        Bainan bada bertze gauza bat harrigarria, eta erakusten daukuna noraino lothuak diren hangoak eskuarari eta eskualdungori. Orai ehun urthe ziren toki ber berian daude gure egunetan eskuararen mugak. Ez du geroztik urrats bat ere ihes egin eskuarak. Lekhu berean dago higitu gabe. Eta oraino gehiago dena, Xubero aldetik hedatu da gure elhea Biarnoko zonbait herrietarat.

        Laphurdin, itsasoko eskualdean, galdu da zerbait, bainan ez ukhakorrek eta etsikorrek uste duten bezanbat, ene ustez.

        Zonbat aldiz ez dut entzun Doniane Garazin eskuara galdua zela, eta frantsesa bezik etzela mintzatzen. Eta hori ez da bathere egia. Ni haurra nintzalaik han bizi nizan sei edo zazpi urthe, eta orai berdintsu ordian bezala mintzatzen dira eskuaraz. Egiari zor dugu hori aithortzea.

        Hango mugazainak, sendagileak, errintak, notariak, lege gizonak, gehienak eskualdunak dira, eta gero yende larriak ez dira ahalgetzen, hemen bezala, eskuaraz mintzatzea.

        Badea gauza ahalgegarriorik Nafarroan eskuararekin gerthatzen denaz? Luis Luciano Bonapartek eginikako «mapa» hartan eskuararen mugak, nun dira orai Nafarroan?

        Elizondon gerthatzen dena erdiragarria, okhartagarria da. Denak erdaraz! Berrogei urthetako gizonek ez dakite eskuara. Ze ahalgea!!

        Ze ikhusbide edo etsenplua emaiten daukuten mendiez bertze aldeko eskualdunek.

        Hangoak eremu ttipi bathian, eta hainbeste arrotz heien arthean, eta bethi eskualdun. Hemen zonbait karabinero, sendagilia eta errinta aski dira herri bat erdaldun bilhakatzeko.

        Han, aitzitik, arrotzak eskualduntzen dia, zuzen den bezala. Doniane Garazin ezagutzen ditut anitz izen frantsesak dituztenak, bainan guziak eskualdun hutsak. Barbier idazle aiphatua zena ere Doniandarra zen, eta haren anaia ere, koblakari ezagutua, yaz hil izana.

        Hor dugu Duvoisin, omen haundiko idazlea, Testamentu zahar eta berriaren egilea, bost zathi haunditan, eta eskuara hitz arrotzez garbitu zuenak.

        Hor dira ere oraikoen artean Lafitte, Blazi, Moulier (Oxobi), errotik eskualdunak, eta ze idazleak! eta horien guzien aitak edo aitzinekoak frantsesak ziren, eta beren ondokoak Eskual herrian eskualdundu dira.

        Horra zer gerthatzen den arrotzarekin iphar aldekoen arthean. Han, izenek ere eskualdunduak dira. Manez, Manex, Yuanes, Ellande, Eñaut, Kayet, Beñat, Battitt, Betthi, Pettan. Geaxan, Peyo, gizonetan. Mayi, Katin, Moñiño, Juaniño, Gaxuxa, Gexina eta holako anitz emazteetan.

        Badakikezue etxe bakotxatik badirela bizpahiru Ameriketan. Eta letra edo karta guziak bethi eskuaraz idazten dituzte.

        Eliza bathian sartzen bazizte ikhusiko dituzie gizon gehienak bere liburu eskualdunetan othoitz egiten. Hortakotz saltzen dira han (Benabarren bederen) hainbeste eliza liburu eskualdun. Ene herrian, Luzaiden, yakina, gauza bera gerthatzen dela. Ez da etxe bat nun ez dituzien ikhusiko eliza liburu eskualdunak. Eta ze ondorioak ateratzen ahal dira nik ezarri dituan oharmen hauetarik?

        Bakotxa bethi bere eskualdearen alde lerratzen da, eta ez nahi nuke gaitzetsi hemengo eskualdunak emaiten balinbadut hangoak iduri zitzaiztala izaitez eta yitez eskualdun hutsagoak. Emaiten ditutan oharmen horietan dituzte nere erranen egiztatzeko lekukotasunak.

        Eta mintza giten orai bertze garrantzi haundiko gauza batez. Han ez da ezagutzen maizterra. Mintzo niz bakharrik Garazi aldetik, eta uste dut hango Eskual herri guzian berdintsu gerthatzen dela. Laboraria edo lurgintzaria bizi da «bere etxean».

        Bazterretxetarra bizi den etxaldearen yabea da; etxe eta funtsak bereak dira. Luzaiden badira ehun eta bi bazterretxe, eta denak heietan bizi direnen yabegoa.

        Eta badira zonbait, oraikoen arbasoak etxe bereko yabeak zirela hamalau eta hamabostgarren mendean.

        Hango laborariak hemengoak baino hobeki bizi dira, eta horregatik ikhusten ditugu nola zaintzen eta edertzen dituzten etxeak, zeren eta beren yabeak direlakotz.

        Aspaldidanik ari dira Bizkaian eta Gipuzkoan asmatzen nola bilhakatzen ahal dituzketen baserritarrak etxearen yabe.

        Mendiz arateko Eskual herrian badute ikhusbide eder bat. Eta nola ardietsi dute hangoek yabetasuna?

        Hori ez da errex ihardestea lerro hauetan. Luzexko litake. Ez othe da Bizkaiko eta Gipuzkoako baserritarren maiztergoaren ithurburua Espaiñiatik sarthua? Hamahiru garren mendean eratxikis ziren Espaiñiari eta aithorensemeak bizi ziren Castillan, bere erregearen inguruan; eta badakigu hauk nola erraiten zituzten beren lausengatzaileeri eta gudutan laguntzaileeri herriak, lurrak eta etxeak, dohanik.

        Hona ene ustez nun diteken maiztergoaren ithurbura, (alderdi batena bederen), Gipuzkoan eta Bizkaian.

        Nafarroako erresuman bazen ere holako zerbait, bainan ez hainbeste, eta horregatik baserritar gehienak bizi diren etxeen yabeak dira Baztanen eta Bidasoko erreka guzian.

        Bainan zer gauza hitsa edo tristia ikhustea baserritar bat besten etxean bizitzea. Ez dela xoria bezala, bere kabiaren yabe, bazterretxea Eskual herriaren erroa izanikan ere!!

        Eta oixtian erran dutanez, gutartean ezagutu behar ginela maitasuna sor arazteko, gogorat heldu zait orai aspaldidanik ohartu ninzan gauza batez, zoinek erakutsarazten daukun zein guthi eta arinki ezagutzen duten zonbaitek (eta ez nornahik, gero) mendiz haraindiko Eskual herria.

        Handik mintzatzen direnean sekhula ez dute aiphatzen Benabarre, bethi, Laburdi y Zuberoa»; «nuestros hermanos de Laburdi y Zuberoa».

        Eta bizkitartean Benabarre da hango eskualde haundiena. Idazle horiek yauzi egiten dute Laphurditik, Xubero ttipirat, Benabarre ixtapian utzirik ahatzia...

        Bertze norbait ere ohartu da hortaz. Horra zer irakhurtu nien behin «Revista Internacional de Estudios» delakoan (Oct. Dic. 1932).

        «He dicho siete provincias, porque hay mucha gente que al citar las provincias vascas que radican en territorio francés, olvidan la existencia de Benabarre, que tiene casi tanta extensión, 1500 ks. como juntas Laburdi con sus 823 ks. y Zuberoa con sus 777 ks.» «Laburdi y Zuberoa» Segi, segi yaun idazleak, eta «radioz» mintzatzen direnak ere...

        Irakhurle maitiak, barkha idazlanen hedadura.

 

Iruñen, 1935'eko Yorrailan.

(El Día, 1935/4/16)

 

aurrekoa hurrengoa