www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

SOLASALDIAK

 

        Neri erraiten daute gizon uzkur eta nagia nizala nere sailari lotzeko. Egia erran, bada hartan egi puska bat, nihauk ikusten dut, ez bainiz itsua; bainan behar dut argitu poxi bat erran hori. Ene bizimoldeko baitezpadako beharreneentzat ba daiteke, ba hala ditakeela, bainan futxo, eskuaraz idazteko aithor dezazie ez nizala bathere alfer, alafede. Ni baino nagi direnak badira sail huntako, eta hor dira ixilduak, ezpainak yosiak, hitzik erran gabe, hain polliki idazten badakitelarik.

        Beraz, nere lazokeria ez da orotako berdin. Zerbait bada higiarazten nuela; bihotz xokoko su phindar bizia hunkitzen dualarik eskuararen amodioak. Ordian lehia khartsu batek beretzen nu eta bermatzen niz gogo eta bihotz osoekin ene eskuarako gosearen asetzeko.

 

* * *

 

        Luma eskuan hartzen dutalarik aldiz gehienetan ez dakit zertaz mintza eta adimenduari galdegiten dakot argi nezan doi bat, irakurle maiteerentzat zerbait idazteko, bainan eneatzen ez diten gisan; hots, zerbait azken lerroraino yarraik diten gostuan, mintzaldi solas goxo batean. Ardiesten duta, yaun irakurleak, nere nahikundearen helburua?

        Hortan ziek duzie hitza, bainan halere, zuen ihardetsia ez yakinikan ere, ni banoa aitzina, ausarta, lerro eta lerro idazten, zuen barkamendu amultsuari esker, aitzinetik igurikatua.

 

* * *

 

        Yainkoa urrikaldu da azkenian gutarik, yuan den asteko aro hotz izigarri hura altxatuz, eta orai eztitasun ephelean goxatzen gira egun hautan, iguzkiak parekatzen gitu bere piru eta argi biziarekin. Hola bizitzea yasaiten da bainan hotz ikharagarri heiekin, otsoak berak suntsitzen ditu, hain gogorrak ere izanik.

 

* * *

 

        Atzo, Iruñe bazterretan inguru bat egiten ari nintzalaik, gelditu nintzen ikhusteko nola laborari bat ari zen lurra iraultzen bere goldearekin eta idieri akhulatzen, noiz eta ohartzen niz eskuarazko hitzez garraikiarazten zituela idiak. Aida, be azti, hots, eta holako. Gizon gaizo harek hitzik eskuaraz yakin gabe frogatzen dauku nola aitzineko denboretan ehun urthe doi doia, Iruñe bazterretan mintzatzen zen yendea gure ele ederrean. Eta zer asmo hitsak yin zaizkitan gogorat hura ikhusiz! Zer ondorio deithoragarriak ekharri daizkigun gure mintzo eta ohikuntzeen galtzeak. Guhaurentzat gure elea mintzo arrotza! Zer da ahalgarriokorik? Hortaraino yautsi gira.

 

(La Voz de Navarra, 1933/2/4)

 

aurrekoa hurrengoa