www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA EZ MAITE?

 

        Diote, eta hala da, Eskualdunek oroz gain gainetik bihotz xokoan alha dutela amodio suhar bat, eta gogoeta gehienak hortan itzatiak dituztela. Lehia bizi hori da beren sortherria, Eskualherria.

        Nun-nahi eta urruneneko eremuetan kausitzen den Eskualdun bat bere gogo-bihotzak sor lekuan ditu, haur edo gazte denboretako oroitzapenez betheak. Dela Kalifornian, dela Argentinan ala Chilen, edo bertze edozein erresumetan biltzen dira eta moldatzen dituzte batasunak eta Eskualetxeak eraikitzen, denak bilkuran hurbildurik. Eskualherri maitetik beste solasik ez da. Han gure kantu eztiak, gure ohidura eta ohikuntza solasak. Pilotari aiphatuenen izenak ahoz-aho; yantzari trebeenen oroitzapenak mihietan; koplakari bipherdunen atheraldiak ezpainetan, irri karkailak burrustan atheraazten dituztenak, edo bihotzeko oinhazeek begiak bustitzen dituenak. Hots, gure xokoko zerak han oro errepiztuak, eskualdungoa khar bizi batekin inharrosia eta sustatua.

        Eta ohartzekoa da nola Kalifornian, Baxenabartar, Xuberotar eta Nafar menditarrez galkatua, harat artzaingorat doatzinez, Baxenabartarrak nausi direla beren sorleku ohiduren phizten eta hedatzen.

        Zonbat Nafargaintar han egonak ez ditut aditu Luzaideko, Baigorriko eta Bankako kantutan ari zirenak, eta ene oharrari ihardesten zuten Baxenabartarreer ikhasi zituztela Kalifornian. Anitz Amerikano Erro ibarkoak, Saraitzukoak eta Ahetzak entzun ditut kantu horietan mendiez haraindiko eskualduneer adituak.

        Bainan zer du Eskual-herriak hola maitatzeko? Galde huni aise da ihardestea. Turista horiek zalapartan bere auto ederretan iragaiten direlarik gure eremuetan gaindi, heien behako batek guk baino gehiago erraiten ahal duguna erraiten daute, bere begitartea loriatua, ahoa zabaldurik, aurkhintza hain miresgarriak ikhustean.

        Oihanak eta phentziak ferdetasun ederrenean, ura zurrustaka bide sahetseko erreketan, uraminaren erdian; mendi kaskoak eta mazelak arthalde xuri eta gorriz brokatuak, berriki ikhuziak iduri. Eta herriak hain aphainduak eta garbiak; bazterretxeak han hemenka kokatuak, mihisiak bezain xuri.

        Eta zer erran yendakiaren zuzentasunaz eta omenaz mundu bazter guzietan hedatua?

        Ez Frantzian, ez Inglaterran ez Italian, nehonere ez dute laborariek Eskualdunen etxea bezalakorik, hain haundia, ederra eta nasaia; gure paregabeko Bazterretxea edo Baserria. Horrek erran nahi du eskualduna zoin atxikia den bere arbasoeri eta haurrideeri, here kidekoeri; eta lanari yarraikia etxaldearen goresteko eta ohoratzeko oroz-gainetik.

        Nun da nun hatzeman zorionaren ithurburua hortarik kanpo? Hortan da herrialde guzien asentua edo alkia. Etxaldean.

        Nola ez maite, beraz, gure herri miresgarria, arrotzak berak ikhusten ditugularik baldituak bere edertasunaz eta yendakiaren zuzentasunaz?

 

(La Voz de Navarra, 1933/2/15)

 

aurrekoa hurrengoa