www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Filotea
Silvain Pouvreau
1664

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Frances de Sales Genevako Ipizpicuaren Philothea, Silvain Pouvreau. Paris, 1664

 

 

aurrekoa hurrengoa

Nola begiratu behar den
aiphamen ona humiltasunari garraizkolarik

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

 

        Laudorioa, ohorea eta loria etzaizte gizonei emaiten edozein bertute gatik, baina bertute beregainekoa gatik. Ezen laudorioaz, nahi derauegu bertzei zinetzarazi norbaiten ekzelenzia estimatzekoa dela: ohoreaz, guzietan erakusten dugu geurok hura estimatzen dugula: eta loria ezta bertzerik, ene ustez, omen onezko argidura iakin bat baizen, hainitz laudorioren eta ohoreren elkharganamendutik ilkhitzen dena; hala non ohoreak eta laudorioak baitira harri preziatu batzu bezala, zeinen bildumatik loria sortzen baita, distiadura edo pikailladura bat bezala. Bada nola humiltasunak ezin paira baitezake bertzeak bainoago garelako, edo bertzeen gainean abantailla behar dugulako usterik dugun; halaber ezin paira dezake geientasunari edo ekzelenziari xoilki zor zaion laudorioa, ohorea eta loria bilha dezagun, guziarekin ere leku emaiten dio Zuhurraren abisuari, erraiten deraukunean, artha iduki dezagula gure aiphamen onaz, zeren omen ona da estima bat egiten dena, ez norbaiten ekzelenziaz, baina xoilki haren jendarteko prestutasunaz eta bizitze garbiaz, eta humiltasunak konsentitzen du prestutasun hura geuron baitan ezagut dezagula, eta gero ere prestu garelako omena desira dezagula. Egia da humiltasunak mespreza lezakeiela bere aiphamen ona, haren beharrik ezpalu karitateak; ordea zeren hura baita jendarteko tratuaren zimenduetarik bat, eta hura gabe ez xoilki ezdeusetakoak, bainan eta guzientzat kaltegarriak baigara, gure gatik harten duten eskandalua dela kausa, halakotz karitateak nahi du eta humiltasunak konsentitzen du gure aiphamen ona desira eta prezioski mantena dezagula.

        Hortaz lekhora, nola arbolen ostoak, berez hagitz prezatzekoak eztirelarik, guziarekin ere hagitz onak baitira, ez xoilki arbolen edertzeko bainan eta fruituen begiratzeko, oraino samurrak eta ondugabeak direnean; halaber omen ona, berez eztelarik hagitz desiratzekoa, badarik premia guziz handizkoa da, ez xoilki gure biziaren ederkitzeko, bainan eta gure bertuteen, eta beregainki bertute uzterren eta flakoen begiratzeko. Gure omen onaren mantenatzeko, eta estimatzen garen bezalakoak izaiteko dugun obligazioneak bulkatzen du bihotz sendo bat borxa bortitz eta eme batez. Begira detzagun gure bertuteak, ene Filothea, zeren Iainkoaren gogarakoak diren, zeina baita gure obra guzien xede handia eta guzien gainekoa. Ordea nola fruituak gerokotz begiratu nahi dituztenek ezpaitalitzate aski dela hekin konfituratzea, bainan ezarten baitituzte ere hekin begiratzeko gai diren untzietan: halaber Iainkozko amorioa gure bertuteen begiralerik prinzipalena delarik, badarik ere, nola prestutasunezko omena guziz ona baita bertutearen mantenatzeko, hartaz oraino balia gaitezke.

        Ezgare bizkitartean sobera bero, zorrotz eta puntutsuegi iarri behar haren begiratzen: zeren hain khilika, minbera eta sentikor direnak bertze aiphamenaren gainean, gaitz xipi guzien kontrako edariak hartzen dituztenen pare dira; ezen halakoek bere osasuna begiratu ustez, hura alde guziz gaixtatzen ute, eta bertzeek bere omena hain leunki begiratu nahiz, hura osoki galtzen dute. Zeren minberatasun hartaz egiten dira moldegaitz, bihurri, muthiri ezin pairatuzko, eta gaizki errailleen malizia pitsten dute.

        Egiten zaikun atsekabearen eta eransten zaikun falseriaren mesprezatzea eta ez iakin iduri egitea, ohi da erremedio hagitz sendagarriago, ezen ez sentimendu hartzea, ihardukitea eta aspertzea; mesprezaturik airatzen dira; haserretzen bagare, badirudi aitortzen ditugula. Krokodilek eztute zaurtzen hekin beldur direnez bertzerik; eta gerthuz gaizki erranek eztiote nihori minik egiten, hetaz axolatzen direnei baizen.

        Aiphamen onaren galtzeko beldurtasun handiegia, seinale da fida handi ezgarela haren zimenduaz, zein baita prestuki bizi garelako seguranza. Ur handien gainean zurezko zubirik duten hiriak uholde guzietan beldur dira, hek eraman ditezin; bainan harrizko zubiak dituztenek eztute ansiarik ohiz kanpoko ur iaustiriak eta uholdeak gatik baizen: manera berean arima zinetan Giristino dutenek mesprezatzen ohi tuzte mihi gaixtoen uholdeak, baina bere burua flako sentitzen dutenak asaldatzen dire ordu eta aire guzietan.

        Gertuz, Filothea, nork ere nahi baitu guzien artean aipamen onaz gozatu, hura galtzen du guzien artean; eta merezi du ohorearen galtzea, nork ere ohorerik nahi baitu bere bizitze gaixtoaz laidoztaturik dabiltzanenganik.

        Aiphamen ona ezta bertzerik, seinale, arramu edo bandera bat bezala baizen, erakusteko non bertuteak duen bere ostatua; beraz bertuteak abantailla behar du gauza eta leku guzietan. Hargatik nihork erraiten badu hipokrita edo itxurazko zarela, zeren debozionean iarten zaren; nihork bazadutza bihotz eroritzat, zeren barkhatu diozun bidegaberik egin derautzunari, trufa zaite hortaz guziaz. Ezen, bertze alde dela, horrelako iujeamenduak heldu direla jende ergeletarik, zure aiphamena galdu behar bazendu ere, etzenduke hargatik bertutea utzi behar, ez eta haren bidetik aldaratu, dakizula fruituak geiago prezatu behar direla, ostoak baino, erran nahi da, barreneko eta arimako ontasunari eman behar zaiola garaia kanpoko ontasun guzien gainean. Ielozkor iarri behar gare gure aiphamenaz, bainan hartaz eztugu Iainkoaizunik egin behar; eta nola prestuen begia ezpaitugu ofensatu behar, halaber gaixtoen begiari eztiogu atsegin eman behar.

        Bizarra da edergarri bat gizonaren begitartean, eta illeak emakumearen buruan. Atheratzen badira, edo bizarra kokotzetik, edo illeak burutik, nekez bihurtuko dira sekulan; baina xoilki motztzen badire, bai eta nabalaz ebakiten, berriz eta sarri sortuko dira uzuago eta saillago: halaber gure aiphamen ona pikatzen edo arraz ebakiten bada ere gaizki errailleen mihiaz, zeina baita Dabitek erranik, Nabal zorrotza bezala, ezta ansiarik behar, zeren laster sortuko da, ez xoilki lehen zen bezain eder, baina bai zaillago. Ordea gure aztura largoak, gure bihotzgaberiak, gure bizitze gaixtoak eramaiten baderaukute aiphamen ona, nekhez bihurtuko da, zeren errotik athera baita: bada aiphamen onaren erroa da, ongi eta prestuki bizitzea, eta prestutasu hark, gure baitan dagoeino, bethi berrekhar dezake zor zaion ohorea.

        Leheneko elkharganatze banaloriazkoa, tratu ez deusetakoa, adiskidetasun alferra, konpartimendu ergela utzi behar dire, aiphamen onari ekhartzen badiote kalterik, zeren ohorezko aiphamenak geiago balio du, banaloriazko kontentamendu guziek baino. Baldin ordea, zeren Iainkotiartasunean iartzen zaren, zeren debozionean aitzinatu nahiz zabiltzan, eta sekulako ontasunera abiatzen zaren, bertzeek badarasate, muturtzen badira, eta gaizki aiphatzen bazaituzte, utzkitzu ozarrak illargiaren kontra sainga egitera: Zeren edozein iduripen edo estima gaixto alxa ahal badezate gure aiphamenaren kontra, eta horrela gure omenaren illeak eta bizarra motz eta ebaki ahal badetzate, berriz pitztuko da sarri, eta gaizki errailleen nabalak on eginen dio gure ohoreari, pudak mahastiari egiten dioen bezala, hari fruitu geiago eta hobeagorik erakhartzen baitio motztuz eta pikatuz.

        Ditugun bethi begiak Iesu Khristo gurutzatuaren gainean: gabiltzan haren serbitzuan fidanzarekin eta sinplizitaterekin, baina zuhurki eta begiratuki, Iesus izanen da gure aiphamenaren begirale, eta utzten badu eraman dakigun, hori eginen du guri hobe baten bihurtzeko, edo gure aitzina arazitzeko humiltasun sainduan; iakinik unza huts batek humiltasunaz geiago balio duela, milla liberek ohoreaz baino. Gaizki erraiten bagare zuzenaren kontra, derragun guk ere egia falseriaren kontra: baldin gure kontrako erran gaixtoa bethi badabilla, humil gaitezin gu ere bethi; horrela gure aiphamena eta arima utzten dugula Iainkoaren eskuetan, hura ezin hobeki segura dezakegu. Serbitza dezagun Iainkoa, ongi edo gaizki aiphatzen garelarik, Iondone Pauloren gainean mirail harturik, erran ahal dezaguntzat Dabitekin: O ene Iainkoa zure gatik pairatu dut laidoa, eta zure gatik ahalkeriak estali deraut begitartea.

        Badarik ere lekhatzen tut gaizki erran eta akusu hain beltz, eta desohoragarri batzu, non ezpaitu nihork pairatu behar hetaz kargaturik dagoen, hetarik deskarga ahal badadi zuzenaren bidez: presuna batzu ere lekhatzen tut, zeinen aiphamen onari baitatxeko hainitzek hartuko duten prestuki bizitzeko mirailla. Zeren kasu hartan bihotz eme eta pausatu batez behar dute egin zaien bidegabeaz satisfazione bilhatu, Theologen abisuak harturik.

 

aurrekoa hurrengoa