www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Filotea
Silvain Pouvreau
1664

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Frances de Sales Genevako Ipizpicuaren Philothea, Silvain Pouvreau. Paris, 1664

 

 

aurrekoa hurrengoa

Konfesione sainduaz

 

HEMERETZIGARREN KAPITULUA

 

        Gure salbatzailleak utzi dio bere elizari penitenziazko eta konfesioneko sakramendua, arren hartan garbi gaitezin gure bekhatu guziez hetan lohituko eta nothatuko garen ordu guzietan. Beraz, Filothea, eztezazula nihoiz ere zure bihotza utz denbora luzez bekhatuz lizundurik, hain erremedio prestik eta errazik duzunaz geroztik. Lehoin emea leopardarekin batu denean, laster garbitzera doa, batze hark utzi dioen usain gaixtoaren khentzeko bere ganik, lehoina hel dadinean haserre eztadintzat. Bekhatua konsentitu duen arimak bere burua harritu behar du, eta lehen bai lehen garbitu, hari beha dagokan maiestate sainduaren begiei ekharri behar derauen ohorea gatik. Ordea zergatik hillen gare arimako herioaz, hain erremedio beregainekoa dugunaz geroztik?

        Konfesa zaite humilki eta debotki zortzi egun guziez, bethiere egin ahal bazaitez errezebi dezazunean, zure konszienziaren gainean sentitzen eztuzularik bekhatu mortaleko narriorik edo garririk; zeren konfesionearen bidez ez xoilki ardietsiko duzu konfesatuko ditutzun bekhatu benialen absolbazionea, bainan oraino indar handi bat hetarik itzulteko ethorkizunera, argi handi bat hekin ezagutzeko, eta grazia franko, hek egin zerautzuten kaltearen erremediatzeko. Iarraikiko zaizte humiltasunari, obedienziari, sinpletasunari eta karitateari, bai eta konfesioneko akzione huts hartaz bertute geiagotan iarriko zaren bertze akzione guziez baino.

        Duzun bethiere desplazer egiazko bat konfesatuko ditutzun bekhatuez, zenbat ere xipi baitira, borondate fermurekin handik hara hetarik apartatzeko. hainitzak bekhatu benialez konfesatzen dira ohitzaz, hala dagidanz eta bere buruaren ederki atheratzeko, axolarik eztutela hetarik itzulteaz, eta horrela hainitz ontasun eta probetxu espiritual galtzen dute. Bada konfesatzen bazare gezurrik erran duzula, nihori kalterik ekarri eztioelarik, edo behar ez legezko hitzez minzatu zarela, edo iokotan sobera hari izan zarela, duzun hetaz urriki eta borondate tinkezko batez geiago halakorik egiteko; zeren enganamendu bat da bekhatu mortalik edo benialik konfesatzea, hetarik purgatu nahi gabe, halaz eta konfesionea hartarakotzat baizen ordenatua eztenaz geroztik.

        Ez erran ere deusik eztakharkeien akusazionerik, batzuek egiten duten bezala, bere ohiko usanzaz erraiten dutela: eztut Iainkoa behar nuen bezain maite izan, eztitut neure debozioneak egin behar bezanbateko debozionerekin, eztut giristino laguna behar nuen arauera oneritsi, eztitut sakramenduak behar bezalako erreberenziarekin errezebitu, eta hala bertzeez; zeren horrela minzo zarenean eztuzu deus berezirik erraiten, konfesorari adi araz diozokeonik nolako estatuan den zure konszienzia, ikusirik parabisuko saindu eta lurreko gizon guziek gauza hek berak erran ahal letzaketela konfesatzen balira. Mira zazu bada, zergatik partikularki egin behar duzun halako akusazionerik, eta ikusten duzunean zer arrazoin duzun hala erraiteko, akusa zaite hartan egin duzun hutsaz, ordea sinpleki eta ageriki. Exenplutzat, akusatzen zara eztuzula laguna maite izan behar zenduen bezala, agian zeren pobre bat behar handitan ikusirik ezpaituzu hartaz konturik egin, hura errazki konsola eta fabora zenezakeielarik eta hel zinenkidikeolarik; Ea bada, akusa zaite hortaz partikularki eta errazu, pobre behar bat ikusi dut eta enatzaio heldu izan ahal bezala, ansi gabez, edo bihotz gogorrez edo mesprezioz, halako faltaren okasionea ezagutugo duzun arauera; berriz, ezterrazula Iainkoa eztuzula othoitztu behar duzun bezalako erreberenziarekin; bainan izan baduzu borondatezko barraiamendurik, edo izan ezpaduzu axolarik zure othoitzen erneki egiteko behar zen lekuaren, mugaren eta erremanguaren hartzeaz, akusa zaite hortaz sinpleki, jeneralki minzatu gabe, ezen hala konfesatzeaz ezta hotzik ez berorik ageri.

        Etzaitezila kontenta erraiteaz bekatu benialik egin duzula, bainan errazu oraino zer dela kausa egin ditutzun. Konparazionera, eztakizula iduri aski dela erraitea, nihori kalterik ekharten eztioen gezurra erran duzula, bainan deklara zazu ea hura erran duzunz banaloriaz, zure buruaren laudatzeko eta eskusatzeko, edo alegrianzaz airaturik edo nabarbendurik; bekhaturik egin baduzu iokotan, errazu, ea irabazi nahiz, edo bertzeekin atsegin hartzea gatik, eta hala bertzeez. Errazu ea ephe luze eman duzun zure gaizki egitetan, zeren komunzki denbora uzeak hagitz handitzen du bekhatua, iakinik bertze gauza bat dela oren laurden batez gogoan iragan zaizun banaloria airatua eta hagitz berzeago gure bihotzean trikatu dena egun bat, bia, hirur; beraz erran behar da zer bekhatu egin dugun, zergatik egin dugun, eta zenbat egon garen haren egiten. Ezen komunzki premiarik eztelarik hain zorrotzki bekhatu benialen konfesatzeko, eta, zein baita geiago, nihor obligatua eztelarik hetaz bada eta ezpada konfesatzera, badarik ere bere arima ongi garbitu nahi dutenek, debozione sainduaren hobeki ardietsteko, behar diote midiku espiritualari artha handirekin aditzera eman senda arazi nahi duten gaitza, zenbat ere xipi baita.

        Eztagizula dudarik behar den guziaren erraiteaz ongi adiarazteko nolakoa den zure falta, hala nola zergatik haserretu zaren, edo zer dela kausa norbaiten eskasak eztitutzun pairatu. Exenplutzat, nardatzen nauen batek erranen deraut hitz arin bat irri egiteko; hura gaitzera hartuko dut eta samurtuko naiz, ene gogarako den bertze batek garratzagorik erran baleraut, onera hartuko nuen; eztut bada dudarik eginen erraiteaz, largatu naiz haserragarrizko hitzen erraitera presuna baten kontra, zerbait erran derautanik gaitzera hartuz, ez haren hitzak berak gatik, baina zeren presuna hura ezpaitzen ene gogarakoa; eta erran behar bada oraino nolako hitzak partikularki erran ditutzun zure faltaren ongi erakusteko, uste dut on lizatekeiela hekin erraitea; ezen zeroni hala akusatzen zarenean, ez xoilki egin ditutzun bekhatuak agertzen tutzu, bainan oraino zure aztura eta usanza gaixtoak eta bekhatuaren erro guziak, eta hek erakusirik aita espiritualak osokiago ezagutzen du tratatzen duen bihotza, eta nolako erremedioak behar zaizkon eman; guziarekin ere bethi behar duzu ahal bezanbat ixil egon, zurekin bekhatu egin duen lagunaz.

        Zaude beha, hainitzetan sentitu gabe zure bihotzean bizi diren eta nausitzen duten bekhatu hainitzen gainean, hetaz konfesa eta garbi ahal zaitezkentzat. Hartarakotzat irakur etzatzu erneki hirurgarren parteko sei, hogoi eta zazpi, hogoi eta zortzi, hogoi eta bederatzi, hogoi eta hamaseigarren kapituluak, eta laugarren parteko zortzigarren kapitulua. Eztezazula errazki zure konfesora ganbia; bainan bat hautatuz gero, emozu arduraki kontu zure konszienziaz, hartarakotz hartu ditutzuen egunetan erraiten diozula bihotz ideki eta largo batez zer bekhatu egin dukezun; eta noizbatetik noizbaitera, hala nola illabethetik illabethera, edo bi illabethetarik bi illabethetara, errozu oraino nola zaudezin eta zertara emana zaren, nolakoak diren zure inklinazioneak hekin gatik bekhaturik egin eztuzularik; konparazionera, ea tristeziak akometatzen zaituen edo alegrianzak eramaiten, ea onhasunik biltzeko guthiziak ukhitzen zaituen, eta hala bertzeez.

 

aurrekoa hurrengoa