www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Filotea
Silvain Pouvreau
1664

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Frances de Sales Genevako Ipizpicuaren Philothea, Silvain Pouvreau. Paris, 1664

 

 

aurrekoa hurrengoa

Egin behar den hautuaz
bertuteen eserzizaz bezanbatean

 

LEHEN KAPITULUA

 

        Erleen erregea ezta behinere kanpora ilkhiten, non ezten bere poblu eta jende xehe guziaz inguratua; halaber karitatea ezta nihoiz ere bihotz batetan sartzen, non eztuen hartan berekin ostatatzen bertute guzien konpainia; hek ordenatzen dituela, eta zein bere lanean eta eginbidean iar arazten duela, kapitain batek bere soldaduak manaiatzen dituen bezala; bainan ezterauzte bere lanak ordenatzen, ez berehala, ez berdin, ez ordu, ez leku guzietan. Gizon iustua da dabillan uraren aldean landatua den, eta bere fruitua bere mugan iasaiten duen arbolaren pare, zeren karitateak arima bat ihinztatzen duenean, haren baitan dagoela, obra bertutetsuak ekhartzen tu, zein bere denboran. Kantak, berez hain plazergarri direlarik, orduz kanpokoak dira doluan, dio errefauak. Eskas handi dute hainitzek, zenbait bertute partikulareko lani lotzen zaizkonean; thematzen baitira haren erakustera ordu eta leku guzietan, eta nahi baitute, filosofo zaharrek bezala, edo bethi nigar, edo bethi irri egin, eta gaizkiago oraino egiten baitute, darasatenean eta erraiten dutenean berak bezala darraitsten bertutei bethi eztarraistenek eztutela ongi egiten. Alegerekin alegeratu behar da, eta nigarrez daudenekin nigar egin, dio apostoluak; hala ere karitatea pazienziatsua da, mansoa, idekia, zuhurra, begiratua, amorgillea, begitartetsua.

        Guziarekin ere badira bertuteak, zeinen eginbideak eta ofizioak hurren alde guzietakoak baitira, eta zeinek ezpaitituzte xoilki bere obrak egin behar beregian; aitzitik behar baitute bere bezalakotasuna bertze bertute guzien obretara hedatu eta barraiatu. Bortitztasunaren, bihotz handitasunaren, handiresunaren erakusteko ordua eta okasionea eztira maiz edireitan; bainan mansotasuna, neurriztasuna, ohoreztasuna eta humiltasuna bertute batzu dire, zeinez gure biziaren obra guziak behar baitira koloreztatu.

        Badira hauk baino bertute ekzelentagoak, badarik ere hautazko usanza premiazkoago da. Azukrea ekzelentago da gatza baino, bainan gatza maizago eta gauza geiagotara hartzen da. Hartarakotzat bethi hanitz eta laster bildu behar dugu guzietarako bertute hautarik, hetaz bethi hainitz eta laster bildu behar dugu guzietarako bertute hautarik, hetaz behti kasik baliatu eta serbitzatu behar garenaz geroztik.

        Bertutezko lanetarik lehen hautatu behar dugu gure eginbideari hobeki dagokana, ezen ez gure gustuaren arauerago dena. Gozo zitzaion Santa Paulari bere gorputzarren garratzki heztea eta sebatzea, eztitasun espiritualez errazkiago gozatzea gatik, bainan obligatuago zen bere superioren erranen egitera. hargatik San Hieronimok aitortzen du gaizki egiten zuela bere ipizpikuaren konseilluaren kontra neurrigabeko barurik egiteaz. Apostoluek kontrarea, ikusirik ordenatuak zirela ebanjelioaren predikatzeko, eta zeruko ogiaren arimei partitzeko, ongi xoil iujeatu zuten huts handi bat eginen zutela prediku sainduaren utzteaz, iarraikitzea gatik pobreez artha duen bertuteari, guziz exzelenta delarik. Batbederaren bizitze thailluak zenbait bertute bereziri lotzeko premia du. Bertute batzu dagotza elizako buruzagiari, bertze batzu prinzeari, bertzeak soldaduari, bertzeak emazte ezkonduari, bertzeak alhargunari, eta guziek behar dituztelarik bertute guziak izan, etzaizte guziei orobat lotu behar bainan batbedera partikularki iarraiki behar zaizte hartu duen bizitzeko antzeari beha dagozkan bertutei.

        Gure eginbide partikularari ukitzen etzaizkon bertuteen artean hartu behar dira ekzelentenak, ez eder eta handi iduriago dutenak. Kometek, erran nahi da, izar adats, xirlo eta buztan dunek komunzki handiago dirudite egiazko izarrek baino, eta leku gegiago dadukate gure begietan; badarik ere eztira izarrekin konparatzekoak, ez handitasunaz, ez eta ahalaz edo bertutez, eta eztirudite handiak direla, zeren gure gana hurbillago diren, eta materia lodiago bati datxezkon baizen. Manera berean badira bertute batzu, zeinak, zeren ukitzen ditugun eta sentitzen, eta, hala erran behar bada, zeren materian dauntzan, handiro eta bethi berzeak baino geiago estimatzen baitira jende xehearen artean; hala komunzki kontu geiago egiten da gorputzeko aumoinaz, ezen ez espiritualaz; baruraz, zilizioaz, sedazko athorraz, billustasunaz, diziflinaz eta gorputzaren hezturaz, ezen ez emetasunaz, mansotasunaz, modestiaz eta bihotzaren sebadura guziez, hagitz ekzelentagoak direlarik. Hautatzatzu bada, Filothea, bertute probetxosenak, ez estimatuenak; beregainekoenak ez itxurazkoenak; hoberenak, ez berreginenak edo begiztatuenak.

        On da batbederak hauta dezan zenbait bertute berezirik, haren arauera obratzeko, ez ordea bertzeen utzteko kontuan, baina ba bere espirituaren xuxenkiago iarririk idukitzeko bere lanetan.

        Neskato gazte eder eta iguzkia baino argiago bat, erregina bezala berregindurik, azitun arramuzko khoro batez khoroaturik agertu zitzaion San Iuan Alexandriako ipizkuari, eta erran zioen: Ni naiz erregeren andregaia, nahi banauzu maitetzat hartu, gidatuko zaitut haren ikustera. Ezagutu zuen andre hura zela pobreen alderako miserikordia, eta Iainkoak bertute hura gomendatzen zioela; hala ere gero halako maneraz iarri zen aumoin edo limosna egiten, non hargatik leku guzietan hari baitzaritza San Iuan aumoinera edo limosnaria.

        Eulojio Alexandrinok desira harturik zenbait serbitzu berezirik Iainkoari egiteko, eta indarrik aski ez izanez bakharriko bizitzearen besarkatzeko, ez eta bertzeren eskuaren azpian iartzeko, hartu zuen bere etxera gizon ondikozko, lazeriatu, galdu eta sohaiotasunez bethe bat, bere karitatearen erakusteko haren baitan, eta bere buruaren bildumatzeko. Hori egitekotzat merezimendu geiagorekin, botu egin zuen hura ohoratuko errekaitatuko eta serbitzatuko zuela mutil batek bere nausia eta iauna egin zezakeien bezala. Ordea zenbait tentamendu gertaturik, bai sorhaioari, bai Eulojiori elkharren largatzeko, ioan ziren San Antonio handiagana konseillu eske, eta hark erran zerauen begirauzue, haurrak, elkhar ganik apartatzetik, zeren nola biok zuen azken finari hurbildu baitzaizkote, angeruak edireiten ezpazaituzte elkharrekin, zuen khoroen galtzeko peril handitan zarete.

        Sain Luis Franziako erregeak, dirua irabazi nahiz bezala, bisitatzen zituen hospitaleak, eta eriak serbitzatzen zituen bere eskuez. San Franzesek pobrezia zuen maite guzien gainetik, eta hura deitzen zuen bere andrea. San Domingo besarkatu zuen predikuaren ofizioa, eta haren ordenakoak handik deitzen dira predikadore.

        San Gregorio handiak plazer hartzen zuen sainduralei begitarte eta serbitzu egiteaz, Abraham patriarka mirailtzat harturik, eta hala ere hark bezala loriako erregea ostatatu zuen saindurale baten iduriaren azpian. Tobiasek bere karitatea emaiten zuen gorputzen ehorztean. Santa Elisabetek, zenbat ere prinzesa handi baitzen bere buruaren beheitimendua zuen maite guzien gainetik. Santa Katalina Genesekoa alhargunduz geroztik iarri zen hospitalean erien serbitzatzen. Kasianok kondatzen du donzeilla debozionetsu bat, desira harturik norbaitek eman liozon pazienziazko bertutearen ardietsteko bidea, ioan zela San Athanasio gana, eta hark haren galde enzunik, eman zuela harekin lahargun errumes, grinatsu koleratsu, burugogor, arrankurati eta ezin pairatuzko bat, zeinak bethiko liskarrez, hitz gaitzez, arrankurez eman baitzioen andre iainkotiar hari leku franko emetasunean eta obedienzian behar bezala iarteko. Halaber Iainkoaren serbitzarien artean batzu iarten dira erien serbitzatzen, bertzeak arima galduen eta errebelatuen hoberatzen, bertzeak elizen edertatzen eta aldareen berregintzen, eta bertzeak gizonen artean bakearen emaiten. Hortan brodatzailleak bezala dira, zeinek hainitz mothazko oialaren gainean hainitz moldez ere sartzen baitituzte sirikuak, urrea eta zilharra suerte guzietako lorerik egiteko, zeren zenbait debozionezko lan bereziri hala lotzen zaizkon arima debozione zaleak hartaz baliatzen dira oial huts batez bezala bere brodadura espiritualaren egiteko haren gainean gertze bertute guziak, zein bere lekutan ezarteko eta hedatzeko, eta hala bere akzioneak eta afekzioneak hobeki dadutzate bizirik eta arrimaturik, hek bere lan espiritualera ordenatuz, eta bere espiritua erakusten dute bere aldagarri urre irunez iosiarekin, eta hainitz obradura moldez bereziarekin.

        Bizio batek akometatzen gaituenean, haren kontrako bertuteari behar gaizko ahal bezanbat iarraiki; zeren bide hartaz garaituko gaizko gure etsaiari, eta ez gare hargatik egonen bertute guzietan aitzinatu gabe. Urguillukeriak edo kolerak eramaiten banau, beharko dut gauza guzietan neure burua apaldu, makurtu eta plegatu humiltasunaren eta mansotasunaren aldera, eta hartarakotzat orazioneaz, sakramenduez, prudenziaz, fermutasunaz neurriztasunaz baliatuko naiz. Ezen nola basurdeek hortzak hortzez agurtzen baitituzte eta garbitzen, hekin zorrotzteko, eta nola batak eta bertzeak orobat hagitz zorrotzten baitira eta pikagarritzen, hala gizon bertutezaleak borondatea hartu duenean bere buruaren begiratzeko, beharrago duen bertutearen osoki ardietsteko; hura behar du limaztatu eta zorrotztu bertze bertuteen eserzizaz, eta hala hek ere, batak bertzea ongituz, finkatuz eta edertuz, ekzelentago eginen dira eta ederrago. Hala gertatu zitzaion Iobi, zeren nola partikularki baitzerraion pazienziari, hura akometatzen zuten hain bertze tentazioneren kontra, alde guzizko saindu egin zen, eta bertutetsu bertute guzietan. Halaber, San Gregorio Nazianzakoak dioen bezala, gertatu da presuna batek ardietsi duela bertuteez neurria mukuru, xoilki zenbait bertute ongi eta tinkezki segituaren obra batez, Rahaben exenplua ekhartzen duela, zeinak bidezkoen ostatatzeko ofizioa behar legez eginik, bere gaineko loria bat ardietsi baitzuen; hori ordea aditzen da halako obra egiten denean ahalik hobekiena, bihotz bero eta karitate handi batekin.

 

aurrekoa hurrengoa