www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa  

18. KAPITULUA

 

Gizona ez dela sakramendu huntan
begi-luzez barnegi sartu behar,
bainan Jesus bezala umil egon,
bere adimendua fedearen azpiko ezarriz.

 

        1. JESUSEK. Sakramendu guziz gorde hau ez duzu zeren begiluzez eta behar gabe mia soberarik, duda-muda izigarri batzuetarat erori nahi ez bazira. Jainkoaren handitasunaren ikertzen ari dena, Jainkoaren ospeak lehertuko du. Gizonaren gogoak asma dezaken baino gehiagoren ahala badu Jainkoak.

        Umilki eta lañoki egiaren bilhatzea ez zaitzu debekatua, baldin zure buruaren argitzekotan ari bazira, Elizako Aiten erakaspenari jarraikiz. Dohatsu, gogoaren nahasbide diren jakitateak debalde utzirik, Jainkoaren manamenduen bide zuzen eta segurean dabilan gizon lañoa.

 

        2. Askok beren khartsutasuna galdu dute, beren adimenduaz goragoko gauzak zilatu nahiz. Jainkoak ez dautzu adimendu handi bat galdatzen, misterioen leize zolaraino hel ditakeena, bainan ba fedea eta bizitze saindu bat.

        Zutaz beheragoko gauzetan barna zure behakoa hanbat urrun ezin sar-eta, zutaz goragokoen mamian zer dezakezu ikus? Eman zite Jainkoaren eskupean, ezar zazu zure adimendua fedearen meneko eta ukanen ditutzu on eta behar dituzketzun argi guziak.

 

        3. Batzuek, sakramendu huni doakon sinesteaz bezanbatean, gaitzeko durduzak badituzte; bizkitartean ez dituzte hoik beren gain ezarri behar, bainan izaitekotz etsaiaren gain.

        Durduza hoitan ez itho zu; zure gogoetekin ez ar borroka; debruak sakatu duda-muder ez ihardets; bainan sinets Jainkoak errana, sinets sainduak eta profetak, eta etsai maltzurra ihes joanen zaitzu urrun.

        Ardura on baino hobe, Jainkoaren zerbitzariak holako bihotz kilikak jasan ditzan. Debrua ezen ez da tzarrer eta bekatoreer jazartzen, bere eskuko baititu hek jadanik, bainan jende khartsuak ditu oldarka, itzul-inguruka kitzikatzen eta oinhazkatzen.

 

        4. Zoazi beraz mahain saindurat fede laño eta azkar batekin; jauspen umilenarekin hurbil zite komunionerat, ezin adi ditzazketzunak utzirik Jainko guziz boteretsuaren gain.

        Jainkoak ez du nehor enganatzen; bere buruari fidegi dena da enganatzen bera. Jainkoa jende lañoetarat da hurbiltzen eta umiler agertzen; Jainkoak jende xumeer emaiten adimendu, bihotz garbiak argitzen, begi-luze eta urgulutsuer aldiz grazia khentzen.

        Gizonaren adimendua ahul eta enganakor, egiazko fedea aldiz ezin enganatua.

 

        5. Gizonaren adimendu eta ikertze guziak fedearen ondotik doatzila urratsean, ez aitzinetik eta hari uztarka.

        Bada, fedeak eta amodioak sakramendu guziz saindu eta eder huntan dute gehien gehienik distiratzen, eta gizonen artean nehor ikus ez dezaken moldez lan ederrenak hortan dituzte egiten.

        Bethiereko eta mugarik gabeko Jainko guziz boteretsuak gure adimenduaz goragoko gauza handiak egiten ditu zeru ala lurrean, eta gauza espantagarri hoik ez ditzazkegu zila. Jainkoaren obrak gizonen ezagutzaren menekoak balira, ez litazke miresgarriak eta ezin erranezkoak deitu behar.

 

aurrekoa