www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

7. KAPITULUA

 

Grazia behar dela gorde
umiltasunaren hegalpean.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, hobe duzu eta segurago khartsutasunerako graziaren gordetzea, graziaren ukanaz ez urgulutan sartzea, hartaz guti mintzatzea, den baino haren ez handiagotzea hobe duzu eta segurago izaitekotz, zure buruaren gutiestea, eta, grazia duzulakoan, gai ez ziren fagore batez bezala hartaz beldurtzea. Egungo sendimendua bertze baterat alda ditakelarik biharko, ez atxikiegi izan haren alderat. Orhoit, grazia hor duzularik, graziarik gabe zoin hits eta herresta ziren.

        Bertutean aitzinatzea ez datxiko xoilki kontsolamendu ukaiteari, bainan, hetaz gabetua zirenean, umil eta jasankor egoiteari. Hola, othoitzaren edo ohi ditutzun khartsutasunezko urratsen alderat ez zira nagitzen. Bertutean aitzinatzeko, zure egiteko guziak bethezkitzu ahalik hobekienaz, zure argien arabera; arima idor eta hersturan duzulakoan, ez utz zure bihotza osoki erortzerat.

 

        2. Hanitzak berehala khexatzen dira eta bihozgabetzen, gauzak ez doatzilarik beren gogorat. Gizona alabainan ez da bethi bere bidearen nagusi. Jainkoari dago kontsolatzea eta graziaren emaitea nahi duelarik, nahi duen izarian, nahi duenari, iduri zaion bezala, ez gutiago ez gehiago.

        Batzu khartsutasunerako graziak berak galdu ditu, grazia horren gatik ezazoldu direlakotz: ahal baino gehiago egin nahi zuten, beren ahal ttipiaz ez dira orhoitu, beren bihotzeko suari adimenduko argiari baino jarraikiago izan dira. Jainkoak nahi baino lan handiagoer lotu direlakotz, dute grazia hoin laster galdu. Beren ohantzea zeruetan ezarririk zauden eta lurrean dira gelditu, gaixoak, eskuak hutsik; zoin hitsak eta ezdeusak diren ohartu ondoan, ikas zezaten ez beren hegalekin ibiltzen, bainan nere hegalpean fidantzarekin egoiten.

        Jainkoa ganako bideetan sartu berriak gal ditazke errexki eta errekarat eror, non ez duten jende zuhurrer argi galdatzen.

 

        3. Zuhurren erraner baino beren asmuari nahiago badute jarraiki, beren salbamendua lanjer handian ditake, non ez duten beren asmuari uko egiten. Bere burua zuhur daukanak, bakan ditu onhartzen umilki bertzeen erranak.

        Guti jakitea eta umil egoitea hobe da hanitz jakitea eta urgulutsu izaitea baino. Ontasun guti ukaitea ere ba, aberats eta urgulutsu izaitea baino.

        Bozkarioari osoki emaiten dena guti zuhur, ahanzten duelarik bere lehengo gabezia eta Jainkoaren alderateko beldurra, hunek baitu gizon zuhurra, eskuratu duen grazia gal dezan beldurtzen.

        Neke-orduetan eta edozoin atsegabetan sobera etsiturik dagona, ni baitan behar baino fidantza gutiago duena, hura bertute eta zuhurtzia ttipiko gizona.

 

        4. Bake egunetan sobera maldan nahi dena, da maiz gudu-orduetan herabeena eta lotsatuena.

        Bazinaki zu baitan umil eta xume egoiten, bai eta zure gogo-bihotzen negurrian eta menean idukitzen, lanjererat eta bekaturat ez zinitazke hoin laster eror. Zuhurtzia handia, zure bihotzak kharra dariolarik, grazia itzaltzearekin zer zitazken gogoratzea. Grazia itzaltzearekin, orhoit berriz ere itzultzen ahal zaitzula, argi hori ezen khentzen dut noiztenka nere ospearentzat eta zure onetan.

 

        5. Holako nahigabe bat hobe duzu maiz, oro bethi zuk nahi bezala gertatzea baino. Merezimendu irabazteko, ez da segur aski zerutikako kontsolamenduez bethea izaitea, edo Liburu Sainduetan trebe izaitea, edo kargu handietarat heltzea; behar da oraino umil umila egon eta Jainkoa osoki maitatu, Jainkoaren ospea garbiki eta errotik bilhatu, bere burua ezdeustzat iduki eta zinez erdeinatu eta bertzeetarik ukan laidoez gehiago bozkariatu laudorioez baino.

 

aurrekoa hurrengoa