www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

13. KAPITULUA

 

Jesus Jaunak bezala,
umilki behar dela obeditu.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, obedientziako athekatik jauzterat ari denak, graziari bere bihotzeko athea berak dio hesten; eta nork ere nahi baitu ber-beretzat zerbaiten jabe izan, ororentzat den ontasuna galtzen du hak.

        Gogotik eta bere onez buruzagien azpiko ez dagonak, ageri du bere odola ez duela oraino osoki hezia, bainan erranguratzen zaiola eta oldartzen ardura.

        Ikas beraz buruzagiek manatuen egiten zalu, zure odola hezi nahi baduzu. Kanpotikako etsaia alabainan lasterrago garaitzen da, barneko guduek ez badute bihotza xehatua.

        Zure arimak zuhau baino etsai tzarragorik eta gaixtoagorik ez duke, zeure baitan zapartatua zirelarik. Osoki eta zinez zure buruaren gutiesterat heldu behar zira, zure haragiaz eta odolaz nahi bazira nagusitu. Zeure burua maite duzulakotz oraino negurririk gabe, zira bertzeek manatuen osoki egiterat hoin uzkur.

 

        2. Zu, erhauts eta erhautsa baino gutiago izanki-ta, zer mirakulua gizon bati Jainkoaren gatik mendu zitezen: ni guziz boteretsu eta handia, guziak ezdeusetarik egin ditutana, zure gatik umilki mendu nizanean gizonari. Orotako aphalena, ororen azken jarri niz, zure urguluaren garaitzeko balia dakizun nere aphaltasuna.

        Ikas obeditzen, ilhauna; ikas aphaltzen, ziren lohia, eta guzien zangopean lepoaren ukurtzen. Ikas zure nahiaren kalitzen eta edozoinen azpiko bizitzen.

 

        3. Khexa zite zuhauri buruz, eta urgulua ez utz zu baitan hanpatzerat; egin zite hain xume eta eman hain behera non, zure gainean, ixtilaren gainean bezala, baitabilke edozoin.

        Ezdeusetarik atheraia zu, zer duzu errangura? Aiher zaitzunari nola zitazke ozar, bekatore beltza, hainbertzetan Jainkoa laidoztatu eta ifernua merezitu duzuna? Bainan, onaren onez, gupidatu nitzaitzu, zure arima balios zaitalakotz eta jakin dezazun zonbat zitutan maite; gupidatu ere, nere ongi-eginentzat eskerdun izan ziten bethi, bertzeen meneko zinez bethi umilki egon ziten eta ikas dezazun laidoen jasaiteari iraunkor izaiten.

 

aurrekoa hurrengoa