www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

20. KAPITULUA

 

Bakhartasunaren eta ixiltasunaren maitatzeaz.

 

        1. Zure arimaren arthatzeko astia bilha zazu eta orhoit zite ardura Jainkoaren ongi-eginez. Utz ergelkeriak; zure irakur-geiak hauta ontsa, gogo-ausagarri baino bihotz-hunkigarriago izan ditezen.

        Elhasturitik eta harat-hunat alferretarik begiratzen bazira, bai eta elhe purruxken entzutetik, gogoeta sainduentzat aizinarik aski kausituko duzu.

        Gizonen batzarretarik ahal bezanbatean urruntzen ziren saindu handienak; bakhar bakharrik nahiago zuten egon, Jesusen zerbitzatzeko.

 

        2. Beihalakoak zion: gizonen artean izan nizan aldi guziz, eskasago itzuli niz. Horri ohartzen gira gu ere, luzaz elhekatu girelarik. Izariz mintzatzea baino errexago, ixilik egoitea; eta etxean gorderik egoitea ere, kanporaz geroz behar bezala bere buruaren zaintzea baino. Bizitze saindu eta khartsu baterat heldu gogo duenak beraz, Je usekilan baitezpada munduko harrabotsetik urrundu behar du.

        Lanjerik gabe nehor ez ditake kanporat ager, non ez duen gorderik egoitea maite. Izarian nehor ezin mintza, artetan gogo onez ixiltzen ez badaki. Maipuruan jarririk nehor ezin egon segurki, bertze burua berdin laket ez bazaio. Irriskurik gabe nehork ezin mana, non ez duen obeditzen ontsa ikasi. Nehor ez egiazki botz, non ez duen lekukotzat kontzientzia garbi baten argia.

 

        3. Hoik hola, sainduen fidantza Jainkoaren alderateko beldurraz bethea zen; bertutez nahi bezain distirant izan gatik, graziaz nahi bezain aberats, ez ziren gutiago erne eta umil. Tzarrak aitzitik trebe dira, urgulutsu direlakotz eta beren buruari fidegi; bainan azkenean, trebearen trebez, berak enganatzen dira.

        Mundu huntan bake osorik nehoiz ez igurika, komentuan edo bortuan bizirik ere sainduki eta khartsuki.

 

        4. Askotan, beren buruari sobera fidaturik, jendeek saindu handitzat zauzkaten gizonak galbide handienerat erori izan dira. Hortakotz, hanitzek on baino hobe dute, tentazionerik batere gabe bizitzea baino, maiz tentatuak izaitea: hori, beren buruari ez ditezen sobera fida, ez eta urgulutan sar; ez ditezen ere bazterrez bazter ibil kontsolamendu-keta.

        Atsegin iragankorren ondotik nehoiz ibil ez litakeenak, munduaz sekula ez lukeenak axolarik, o zer kontzientzia garbia luken hak! Behar gabeko griña guziak bazter litzazkeenak, bere salbamenduarentzat eta Jainkoarentzat baizik gogorik ez lukeenak, bere esperantza guzia Jainkoa baitan jar lezakeenak, hak luke, hak, bake eta sosegu!

 

        5. Nehor ez da zeruko atseginen gai, non ez duen bere bekatuen urrikia bihotzean artharekin hazten.

        Bihotzaren zolaraino nahi bazira urrikitu, sar zure gelan, munduko harrabotsetik urrunt. Errana den bezala: oheraturik ere, urrikiarekin egizu lo. Kanpoan maizenik gal zinezakeena, zure gelan duzu kausituko. Bakan atheraz da, bakharrik egoitea goxo bilhakatzen; ardura aire hartuz, bakharrik egoiteaz asetzen da jendea. Khartsutasunari lotu berrian, bihotz onez bazaude bakharrik, bakharrik egoitea gero-ta gehiago maitaturen duzu eta atseginekin gozaturen.

 

        6. Ixiltasunean eta bakean du egiten bide arima khartsuak eta Liburu Sainduen mamia ikasten; han du gau oroz, bere arimaren garbitzeko, nigarren ithurria kausitzen; zonbat ere baita munduko harrabotsetik urruntzen, hanbatez izaiteko Jainkoaren adiskide. Bere ahaidetarik beraz eta adiskidetarik urruntzen denari Jainkoa hurbiltzen zaio, bere aingeru-sainduekin.

        Gorderik egoitea eta bere arimaren arthatzea hobe da, ezazol izaitea eta mirakulu egiten artzea baino. Laudagarri, bakan ilkitzen den jende khartsua, gizonetarat agertzea higuin zaiona; gizonik nehor, ikusteko atseginez ikusi nahi ez duena!

 

        7. Zendako nahi duzu ikusi, jabetzea haizu ez zaitzuna? Iragankor mundua eta haren gutiziak.

        Harat eta hunat ibiltzerat ixuriak gira jitez, bainan hola ibilirik zer zaiku gelditzen, kontzientzia zauritu eta bihotz barreiatu batez bertzerik? Alegera ilkitzen dena, maiz hits itzultzen. Bozkariozko gauak, biharamun ilhuna. Lurtiar atsegin edozoin emeki emeki sartzen da bihotzean, dena phereka, eta ondarrerat ausikian hiltzen du.

        Non zer ikus dirozu, ziren tokian ikusten ez duzuna? Horra zerua, lurra, airea, sua eta ura: hoiekin eginak dira guziak.

 

        8. Non zer ikus dirozu, luzaz iraun dezakenik iguzkipean? Zure gutizia guziak betheko ditutzula uste duzu, bainan ez zitazke bortarat hel. Zeure begiez ikusten bazinitu ere denak, zer litake hori, ikuste alfer bat baizik? Goiti begiak, Jainkoari buruz, eta egin othoitz zure bekatu eta ezazolkerientzat. Utz gauza alferrak alferrer; zaude xoilki zu Jainkoak manatuer.

        Hets barnetik zure gelako athea, eta deit zure ganat Jesus maitea. Gelan zaude harekilan: nehon ez duzu halako bakerik aurkituren. Atheratu ez bazina, munduko azantzetarik ez bazinu entzun deus, bakean hobeki zinitazken egon. Zerbait berri entzutean atsegin hartzen duzun ber, nahi-t'ez bihotza nahasirik zira gelditzen.

 

aurrekoa hurrengoa