www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

14. KAPITULUA

 

Jainkoaren jujamendu gordeak
gogoan erabili behar ditugula,
gure obra onek urguluz ez hantzekotz.

 

        1. ARIMAK. Zure jujamenduen ortzantz-karraska aditzearekin, Jauna, ikharak eta beldurrak inharrosten ditu nere hezurrak, eta izialdurak jana dago nere arima. Harriturik nago ikustearekin zeruak ere ez zaizkitzula garbiak. Gaizkia kausitu baduzu aingeruetan eta ez badiozute barkatu, zer dago bada neretzat?

        Zerutik erori dira izarrak; nik, nizan erhautsak, zeren kopeta duket? Beren obretan ohoragarri iduri zuten asko erreka-zolarat erori dira; eta aingeruen ogia zutenak hazkurri, ikusi ditut atsegin hartzen urde-bazkari.

        Jauna, ez da beraz saindutasunik, zure eskua urruntzen baduzu gu ganik; ez zuhurtziarik, ez baduzu zuhauk bidatzen; ez indarrik, zuk ez baduzu laguntzen; ez eta garbitasunik, zuhauk zaintzen ez baduzu. Gizona bere buruaren begiratzeari alferretan ditake berma, ez balin bazitu alde. Guhauren gain uzten bagitutzu, ithotzen gira eta galtzen; gure laguntzerat heldu bazira, goititzen gira eta azkartzen. Alda-maldaka goatzi, beharrik zuk ezartzen gitutzu tente; ephel gira, beharrik zuk sustatzen gitutzu.

 

        3. Aphurra nizala eta aphala, oi zonbat dutan orhoitzeko! Ni baitan ageri den on izpia, oi zonbat dutan gutiesteko! O zoin behera behar nizan aphaldu zure jujamendu ezin gordeagoen azpian, ni baitan ez dutanaz geroz kausitzen deusik, bainan deusik gero! O zure hazta, hazta ez ditakeena! O leihorrik gabeko itsasoa! Itsaso horren zolan nere deus ez dut ikusten, ezdeus bat nizala baizik.

        Urguluak non duke beraz gordetzekorik? Nor non bere indarrari fida? Nere urgulu eta harrokeria guzia ithotzen da zure zuzentasunaren itsasoan.

 

        4. Gizona zer da zure aitzinean? Bere moldatzaleari oldarturen othe zaio buztina?

        Jainkoaren begietan bihotzez egiazki aphal dagona, laudorio alferrek nola hantzen ahalko dute? Jainkoak bere meneko daukan bihotza, mundu guziak ez dezake aira, ez harro; bere esperantza guzia Jainkoa baitan landaturik daukana, mundutiarren esku-zarta guziek ez dezakete erho. Aho ala esku-azantzak alabainan ez dira deus; laudorioak beren harrabotsarekin itzaltzen dira: Jainkoaren egiak bakharrik dirau menderen mende.

 

aurrekoa hurrengoa