www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

23. KAPITULUA

 

Bake handia dakarten lau bideez.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, erakatsiko dautzut orai bakearen eta egiazko libertatearen bidea.

        ARIMAK. Diozuna egizu, Jauna. Zure entzutea goxo zait.

        JESUSEK. Lehia zite, nere haurra, ez zurearen, bainan bertzeen nahiaren egiterat. hauta bethi gutiren ukaitea, hanitzen baino. Har bethi azken maila eta bertze guzien azpiko jar. Egin othoitz bethi eta gutizia, zu baitan egin dadin Jainkoaren nahi guzia. Hola ari dena, bakearen eta soseguaren bidean sartua da.

 

        2. ARIMAK. Zure solas labur horrek, Jauna, gizonaren hobetzeko badauka indar handi. Solas laburra, bainan mamitsua eta ondorioz aberatsa. Begira ahal baneza leialki, ez nintazke hain errexki asaldatu behar. Nere burua khexu eta ilhun sendi dutan aldi oroz, erakaspen hoitarik baztertu nizala ohartzen niz. Bainan zuk, guzien egiteko ahala daukazuna eta bertutean aitzina nadin nahi duzuna, emenda zazu ni baitan zure grazia, zuk errana osoki obra dezatan eta nere salbamendua burura.

 

        3. Gogoeta tzarren ohiltzeko OTHOITZA.

        Nere Jainko Jauna, ez othoi nitarik urrunt; nere Jainkoa, laguntzerat zatozkit laster: gogoeta asko eta izialdura bat gaitza sortu baitira ni baitan, nere bihotza leherturik eta nahasirik daukatela. Osorik nola atherako niz hortik? Nola gairaturen ditut?

        Ni, duzu erran, ibiliko niz zure aitzinean eta lurreko handi-mandiak aphalduren ditut. Presondegiko atheak zabalduren ditut eta erakutsiren dauzkitzut ihes-biderik gordeenak.

        Diozun bezala egizu, Jauna, eta zure aitzinean suntsi bedite gogoeta lizun guziak. Nere atsegin eta esperantza bakharra hauxe da: atsegabe guzietan zure ganat ihes egitea, zuri bermatzea, bihotzaren erditik zure othoiztea, eta zure kontsolamenduen aiduru pazientziarekin egoitea.

 

        4. Adimenduaren argitzeko OTHOITZA.

        O Jesus ona, nere bihotzerat ixur zazu zure argia, estalirik daukaten hedoi beltzak urratuz. Hezkitzu, Jauna, nere ehun gogoeta barreiatuak eta urrunt othoi nitarik leherturik naukaten guduak. Altxa zazu nere alde zure besoa, ehozkitzu ni baitan orrobiaka xutituak diren azturak: zure indarrari esker bakea bil dezatan, eta nere bihotz garbituak nasaiki ditzan zure laudorioak kanta.

        Mana zozute haizeari eta zirimolari: «jabal hadi», errozu itsasoari; «geldi hadi», haizeari; eta jabaldura handi bat eginen da.

        Igor othoi zure argia eta egia, lurraren gainean distira dezaten; ezen, lur agor eta ilhun baten pare nago, zuk argitzen ez nuzuno. Zure grazia gainerat ixur ezadazu eta zeruko ihintzaz busti nere bihotz-xoko guziak: hedazkitzu ur gizenak lur kazkarraren zohitzeko, uzta on eta salbagarria eman dezan. Nere bihotz, bekatuen haztak lehertua daukan hau, altxa zazu; zeruko gauzer lot, othoi, nere gutizia guziak: zeruko zorionaren gozoa jastaturik, lurreko zerez orhoitzea bera hastia dezatan.

        Har nezazu eta khen lurreko gauzetarikako atsegin iragankorretarik, kreatura bihi batek ez baitezake ase ez osoki goza nere bihotza. Zuri jos nezazu amodioaren ezin hautsizko lokarriaz; ezen, zu xoilki aski zitu maite zituenak eta, zu gabe, alfer eta ergel zaizko oro.

 

aurrekoa hurrengoa