www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

9. KAPITULUA

 

Kontsolamendurik gabe bizitzeaz.

 

        1. Gizonen kontsolamenduen gutiestea ez da gaitz, Jainkoarenak sendi ditugularik. Bainan handi da, biziki handi gero, bai gizonen kontsolamenduez bai Jainkoarenez gabeturik bizitzea, eta gabezia horren gogotik jasaitea Jainkoaren ohoretan; handi oraino, bere buruaren deusetan ez bilhatzea eta bere merezimenduer batere ez behatzea.

        Grazia heldu zaitzularik, zer da harrigarri botz eta khartsu izanikan ere? Ez gaudea guziak holako aldarte baten aiduru? Ontsa goxoki dabil, Jainkoaren grazia duena zamari. Zer da mirakulu gorputzeko hazta ez senditurik ere, Jainko guziz boteretsuak airean geramatzalarik eta aitzindari soberanoa dugularik bidari?

 

        2. Arinduko gituen zerbaiten ondotik gabiltza bethi; nekez du gizonak uko egiten bere buruari.

        Bere aphezpikuari leial egonez, Jondoni Laurendi martirak garaitu zuen mundua, munduak dematzan atsegin guziak zituelakotz zangopilatu; goxoki ere zuelakotz onhartu, Jesus maitez, hain atxikia zen Sixto Aita Sainduaren ganik urrundua izaitea. Jainkoa maitez, gizon batekilako lokarria hautsi zuen, eta, gizonetikako kontsolamenduak utzirik, Jainkoaren nahia hautetsi.

        Ikas beraz zuk ere adiskide hoberen eta minenaren uzten Jainkoaren gatik; adiskide batek bazter utzirik ere, ez sar atsegabetan: dakizun bezala, oro egun batez elgarretarik berexi behar gira.

 

        3. Gizonak hanitz eta luzaz du gudukatu behar, bere burua osoki garaitu aitzin, bere bihotz guzia Jainkoari eman aitzin.

        Bere buruari bermatzen den gizona, kanpotikako kontsolamenduen ondotik errexki dabil. Bainan Jesus egiazki maite duena eta bertuteen biltzeari arthaz ari dena, kontsolamenduetarat ez da aphaltzen; ez du lurreko eztikerier amor emaiten: izaitekotz, neke eta lan bortitzenen ondotik dabil, Jesusen gatik.

 

        4. Jainkoak beraz bihotzeko gozoa igortzen dautzularik, har diezozu, eskerrak bihurtuz; bainan Jainkoaren emaitza bat dela sar ontsa huruan, ez zure merezimenduen saria. Ez ukan urgulu ez bozkariorik, ez eta zu baitan fidantza soberarik: bainan ukantza bat erori zaitzularik, izan umilago, atzarriago, herabeago zure urrats guzietan, oren hura itzaliko baitzaitzu eta tentazionea jinen ondotik.

        Bihotzeko gozo hori itzaltzearekin, ez ordu berean etsi, bainan umiltasunekin eta pazientziarekin egon Jainkoaren aiduru; ezen, eman dautzun baino gehiago emaiten ahal dautzu oraino. Jainkoaren bideak ezagutzen dituztenek, gauza hoien berri badakite xeheki; saindu handiak ezen eta ohiko profetak berak graziaren joan-jin hoier ohartu dira ardura.

 

        5. Hargatik zion batek, grazia berekin zuelarik: Nere nasaizian erran dut: deusek ez nehork ez nu sekula kordokatuko ni. Bainan grazia itzali-ta, bere baitan zer senditu zuen erakusten dauku, diolarik: Zure begitartea ni ganik baztertu duzu, eta ora¡ hor nago nahasirik.

        Herstura hortan ez du etsitzen halere, bainan ba minkiago Jainkoa othoizten, hunela: Zuri buruz, Jauna, eginen dut oihu, eta nere othoitza zu ganat dut allxatuko.

        Azkenean bere othoitzaren ondorioa erakusten dauku eta Jainkoak entzun duela erraiten, diolarik: Jaunak entzun nu eta urrikaldu zait, Jaunak azkarki nu lagundu.

        Bainan nola lagundu? Nere deithorea, dio berak, egin duzu bozkario, eta alegrantziaz nuzu inguratu.

        Saindu handiener hola gertatu zaiotenaz geroz, guk, giren bezalako herbail gaixoek, batzutan khartsu girelakotz eta bertzetan hotz ez dugu zeren etsi: Jainkoaren grazia Jainkoak nahi duen bezala zaiku jiten eta joaiten. Hargatik ziotson Job sainduak: goizean egiten diozu begitarte gizonari, eta handik laster atsegabetan duzu ezartzen.

 

        6. Zeri berma beraz eta nori fida, baizik Jainkoaren urrikalmenduari eta graziari? Jende prestuek, haurride khartsuek, adiskide leialek, liburu sainduek, idazti ederrek, eliza-kantu gozoek, hoik guziek guti nute laguntzen, guzier gozo guti diotet kausitzen, grazia ez badut nerekin, eta nere gabezian bakharrik utzia baniz. Orduan sendagailurik hoberena pazientzia, eta gure buruaren uztea Jainkoaren nahiari.

 

        7. Behinere ez dut ikusi gizon hain jainkotiarrik eta khartsurik, non ez zaion grazia noiztenka itzali edo kharra ttipitu. Saindurik ez da izan zeruko argi betherat hain gora altxaturik, non ez duen, goiz edo berant, tentazionerik ukan. Alabainan Jainkoarentzat atsegaberik jasan ez duena, Jainkoaren begiresteaz ez da gai.

        Tentazione bat jasaiteko balin baduzu, ardura kontsolamendu bat ondotik darraiola marka: zerutikako kontsolamenduak tentazioneak garaitu dituztener baitira hitzemanak. Garaituko duena, dio Jaunak, nere Egiaren ginarritik dut haziko.

 

        8. Jainkoak emaiten ditu bere kontsolamenduak, atsegabeen jasaiteko azkarrago izan dadin gizona; gero badathorkio huni tentazionea, ukan ongiaz urgulutan sar ez dadin.

        Ez dago lo debrua, haragia ere ez da emalditua; egon beraz erne heldu den guduari buruz: ezker eta eskuin etsaiak baititutzu, nehoiz geldirik ez daudenak.

 

aurrekoa hurrengoa