www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

23. KAPITULUA

 

Heriotzearen gogoan erabiltzeaz.

 

        1. Zure lur huntakoak laster egina duke; ikus beraz zertan duzun arima. Gizona egun ba, eta, bihar ez. Begietarik itzali orduko, gogotik ere laster itzalia.

        Oi gizonaren zorokeria eta bihotz gogorra, oraikoaz xoilhi orhoitzeko eta geroaz ez gehiago axolatzeko! Zure xede eta obra guzietan erabili behar zinuke, egun berean hil behar bazina bezala.

        Kontzientzia garbi bazinu, hiltzeaz ez zinuke holako beldurrik. Heriotzeari ihes egitea baino, hobe litake bekatuari uko egitea. Egun hiltzeko ez on, nola zinitazke bihar? Biharamuna ez da nehoren eskuko; zer dakizu ikusiren duzunetz?

 

        2. Zer du balio luzaz bizitzea, hain guti girenaz geroz ontzen? Luzaz bizitzeak ez gitu bethi ontzen, hobendunagotzen ba ardura. Jainko Jauna! ai bagina, mundu huntan, egun bat bera behar bezala higatu!

        Askok Jainkoari eman urtheak kondatzen ba, bainan ez ohartzen zonbatetaraino diren agorrak.

        Hiltzea izigarri, luzazegi bizitzea izigarriago nere ustez. Dohatsu, bere heriotzeko orena bethi begien aitzinean daukana eta ontsa hiltzeari egun oroz ari dena! Gizon bat ikusi baduzu hiltzen behin, atheka bera zuretako ere dagola orhoit.

 

        3. Goizetan egizu arratserat ez zirela helduko. Ilhuntzetan zure buruari ez hitzeman biharamuna. Zaude beraz bethi ernerik; bizi zite, herioak uste gabean ez hatzemaiteko gisan. Tipustapan eta uste gabeka hiltzen dira hanitzak, gizonaren Semea nehork uste ez duen tenorean heldu baita. Azken oren hori jinen zaitzularik, iragan biziari bertzela behatuko diozu, eta hain nagi eta ezazol izanik urriki handia dukezu.

 

        4. Zoin zuhur hura eta dohatsu, hala bizitzerat lehiatzen dena, nola ere nahi bailuke aurki dezan heriotzeak! Heriotze on bat igurika dezakegu, mundua osoki oinkatzen badugu, bertutean aitzinatzea haidurki gutiziatzen, bizitze bildu bat maitatzen, urrikizko eginkariak arthazki obratzen, bethi obeditzen gozoki, gure buruari uko egiten eta, Jesus maitez, zoin-nahi atsegabe jasaiten.

        Ongi frango egin dirozu, osagarritan zireno; bainan, erituz geroz, ez dakit zer egin dezakezun. Eri guti, eri egoiteak hobetzen duenik; beilatiar guti, beilan ardura ibiltzeak saindutzen duenik.

 

        5. Ez fida zure adiskide eta ahaideer, eta zure salbamendua ez utz geroko; zuk uste baino lasterrago ahantziko zituzte gizonek. Bertzeen laguntzaren aiduru ego¡tea baino, hobe duzu, ordu deno, ongi zerbait aitzinetik zerurakotzat egitea.

        Zure arimaz artharik ez baduzu orai, nork duke hartaz gero? Ora¡ da ordu guziz baliosa, orai aldezko eguna, orai salbamendurako tenorea. Bainan ondikotz ephe hori alferretan baderamazu, bethiereko biziaren irabazteko on zinukelarik. Zure bizi-moldearen zuzentzekotan, egun baten edo oren baten galdatzea gertaturen zaitzu, ez baitakit ardietsiren duzunetz.

 

        6. O aneia guziz maitea, zonbat lanjer eta laztura zeure ganik urrunt zinitzazken, orai beretik bethi herioaren beldurrarekin bazinaude! Lehia zite oraidanik bizitzerat, heriotzeko orenean beldur baino atsegin gehiago ukaiteko gisan. Munduari hiltzen ikas orai, gero Jesusekin bizitzen hasteko. Guzien oinkatzen ikas orai, gero Jesusen ganat hegaldatzeko. Zure burua neka garrazki orai, gero fidantza oso baten jabe izaiteko.

 

        7. Ai zoroa! luzaz bizitzea zendako asma, egun baten segurtamena ere ez duzularik? Zonbatak ez dira enganatu eta gutienik ustean hil! Zoin ardura ez duzu entzun holakoa ezpataz hil dela, halakoa itho, bertze batek erori-ta duela lepoa hautsi; hau jatean hil, hura josteta ari zelarik, bat erre, bertzea izurriak ereman, bertze bat burdinak, bertze bat ohoinek garbitu: eta hola guziak hiltzen, eta gizonaren bizia itzalaren pare iragaiten.

 

        8. Zu hil-eta, nor da orhoituren zutaz? Zuretzat nork du othoitz eginen? Egizu, egizu orai, aneia maitea, ahal duzun ongia, ez baitakizu noiz hilen ziren, ez eta, hil ondoan, zeri zagozken. Ephea duzuno, bil bethiereko ontasunak.

        Ez erabil gogoan zure salbamenduaz bertzerik, Jainkoarekilakoez baizik ez axola, Jainko Jaunaren Sainduekin adiskida zite oraidanik hek ohoratuz eta heien obrer jarraikiz, mundu huntarik bertzeratzean, bethiereko egoitzan onhar zitzaten.

 

        9. Munduko zerak deus ez zaizkon bidekari eta arrotz bat bezala ereman zazu zure bizia. Atxik bihotza libro eta Jainkoari buruz altxaturik: ez duzu hemen bethiko egoitzarik. Bida zerualde zure egun guzietako othoitz, auhen eta nigarrak, hil ondoan Jainkoaren ganat dohatsu igaiteko on izan dadin zure arima.

 

aurrekoa hurrengoa