www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

5. KAPITULUA

 

Gure buruaren ezagutzeaz.

 

        1. Gure buruari ez gitazke sobera fida, graziak eta adimenduak maiz huts-egiten daukutelakotz. Argi guti dugu gu baitan; duguna ere nagikeriaz laster galtzen. Maiz ez gira ohartzen zoin itsuak giren bihotzez. Gure obrak ardura tzarrak; tzarrago estakuruak. Batzutan jaidura tzarrek gerabiltzate, khar onak gerabiltzala baitugu uste.

        Bertzeen huts ttipientzat behakoa zorrotz dugu, handiak guhaurentzat zaizkularik haizu. Bertzeen ganik zer dugun jasaiteko, laster ikusten dugu eta haztatzen; bainan bertzeek zer duten jasaiteko gu ganik, gogoratzen ere ez zaiku. Bere egintzak behar bezala hazta litzazkeenak, bertzeen obrak ez litzazke hain hertsiki juja.

 

        2. Barnez barna bizi denarentzat, arimaren artha bertze artha guzier nagusi. Bere buruari ontsa beha dagona, bertzeez guti mintzo. Nehoiz ez zira zeure baitan sartu eta khartsutuko, non ez duzun, bertzeak beren gisa utzirik, zure buruari bereziki behatzen. Zure buruari eta Jainkoari bazaude osoki, zure inguruan ikusiek guti zituzte durduzatuko.

        Non zira, zu baitan ez zirelarik? Gauza guzier hunkika zer on dukezu, larre utzi baduzu zure arima? Bakea nahi baduzu eta egiazki bat egin Jainkoarekin, bertze guziak bazterrerat utzi behar ditutzu, zeure buruaz bakharrik orhoitzeko.

 

        3. Bertutean eginen duzu bide, munduko zerez axola mikorik ez baduzu; hanitz galduko aldiz, munduko zerak zerbaitentzat badauzkatzu. Deus ez bekizu handi, ez eder, ez atsegingarri, ez gutiziagarri, Jainkoaz eta Jainkoaren ganikakoez landa. Ezdeustzat iduk kreaturetarik jin atsegin guziak. Jainkoa maite duen arimak, Jainkoaz gutiagoko guziak erdeinatzen ditu. Jainkoa da bakharrik bethierekoa, negurririk gabekoa, ororen bethea; Jainkoa, gure arimaren gozo bakharra eta bihotzaren bozkario egiazkoa.

 

aurrekoa hurrengoa