 |
26. KAPITULUA
Gogoko libertatea othoitzetik dela hobeki biltzen, irakurgeletarik baino.
1. ARIMAK. Jauna, nor zer saindu den ageri da, zeruko gauzetarik gogoa nehoiz ez badu baztertzen; hanitz griñaren erdian, griñarik gabe bezala bada bizitzen; eta hori, ez batere nagia delakotz, bainan zure graziari esker bere gogoa libro daukalakotz, bai eta bihotza lurreko zeren amodio makurretik kanpo.
2. Othoi, othoi, nere Jainko guziz ona, bizi huntako griñetarik begira nezazu, berandets ez nezaten nere bidean; begira gorputzaren mila beharretarik, gurikeria lizunak ez nezan lillura; begira arimaren etsai guzietarik, atsegabeek ez nezaten lotsa eta lehert.
Ez dautzut galdatzen mundutiarrek hain lehiatuki bilhatzen dituzten gauzetarik begira nezazun, bainan guziek, Adamen bekatu madarikatu zinuenaren ondorioz, jasaiteko ditugun atsegabeetarik; hoiek baitiote zure zerbitzariari arima koropilatzen eta berantzen, eta haren gogoa libertateaz gozatzerat ez uzten nahi luken bezanbat.
3. O nere Jainkoa, ezin gehiago amultsua, egizu, othoi, kirets kausi dezatan zeruko gauzen maitatzetik urruntzen nuen atsegin iragankor, orai ondikotz, ona delakoaren idurian, bereganatzen nuena.
O Jauna, nere azturak ez bekizkit nagusi, munduak eta hunen ohore laburrek ez nezatela lillura, ez eta engana debruak, nere etsai maltzurrak. Emadazu ihardukitzeko indarra, jasaiteko pazientzia, bururaino tente egoiteko iraupena. Munduko atsegin guzien orde, emadazu zure gozoa; eta lurtiar amodioaren orde, zure izenaren amodioa.
4. Jatea, edatea, eta gorputzak bizitzeko behar dituenak oro poxelu zaizko arima khartsuari. Egizu sokorri hoitaz behar den negurrian balia nadin eta ez ditzatan sobera maita.
Hoien guzien debalde uzterat ez gira haizu; gorputzak berea behar baitu. Halere, hoitarik behar baino gehiagoren hartzea eta atsegin gehiena dakartenen bilhatzea, zure lege sainduak debekatzen dauku, arimari oldar bailitake bertzela gorputza. Hoik hola, zure besoak othoi bida nezala eta argi, soberakin guzietarik begira dezatan nere burua.
|
 |