www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN KAPITULUA

 

Zonbat jauspenekin dugun behar
Jesus bihotzeratu.

 

        1. ARIMAK. Zure hitzak dira hoik, o Jesus, bethiereko Egia, nahiz ez ditutzun oro egun berean erranak, nahiz ez ditugun oro leku berean irakurtzen. Zureak direnaz geroz eta egiak, eskerrekin eta fedeekin ditut behar hartu. Zureak dira, zuk erranak direnaz geroz; nereak ere dira, nere salbatzeko erranak ditutzulakotz.

        Zure ahotik zorionekin hartzen ditut, nere bihotzean barnago sartzeko. Sustatzen nute hitz ezti, gozo eta amultsu hoiek; bainan nere bekatuek lotsaturik naukate eta nere bihotzeko lohiak sakramendu guziz saindu hortarik urruntzen nu. Zure hitz amultsuek biltzen nute zu ganat, nere bekatuen haztak aldiz tokiari lotzen.

 

        2. Manatzen dautazu, zeruan zurekin nahi baniz, fidantzarekin mahain saindurat nadin hurbil eta, bethiereko biziaz eta ospeaz nahi baniz jabetu, zerutikako Ogitik jan dezatan. Zatozte ni ganat, diozu, lanaz akituak eta nekeetan zirezten guziak, eta nik arinduko zituztet. O hitz ezti, maitagarria bekatorearen beharrientzat! Zuk, nere Jainko Jauna, gizon ezdeus eta herbaila zure Gorputz Sainduaren jaterat deitzen duzu! Bainan ni nor niz, Jauna, zu ganat hurbiltzerat ausartatzeko? Zuk, zeruetako eremuen eremuak bethetzen ditutzunak: Zatozte ni ganat! diozu.

 

        3. Zeren gatik zure jauspen urrikaltsu hori, zeren gatik holako dei amultsua? Nondik ausarta ni zu ganat, nihauren baitan fidantza zerbait eman dezaketan onik deus ikusten ez dutana? Nola zuri idek nere etxeko athea, zure begitarte guziz amultsua hainbertze aldiz laidoztatu ondoan?

        Aingeruek ikharetan zituzte adoratzen, sainduak zure aitzinean beldurrarekin josiak daude, eta: Zatozte guziak ni ganat, zuk diozu! Zuhauren ganik ez balitz dei hori, Jauna, egia dela nork sinets? Eta hurbil gaizkiotzun zuhauk ez bazinauku manatzen, gutarik nor mentura?

 

        4. Noe gizon sainduak, bertze zonbaitekin bere buruaren salbatzekotan, arkharen egiten ehun urthe zituen eman: eta nik nere burua nondik dezaket aphain oren bat barne, zeru-lurren egilearen bihotzeratzeko doakon jauspenarekin?

        Mois zure zerbitzari handi eta adiskide bereziak, ezin ustelduzko zurez moldatu zuen arkha bat, urre garbienaz aphaintzen zuelarik, legearen bi harri-lauzen ezartzeko barnean: eta nik, nizan bezalako har-joak, nondik duket lege-egilearen eta bizi-emailearen hain errexki nere baitarat hartzeko kopeta?

        Salomon Israelgo errege zuhurrenak zazpi urthe eman zituen tenplo espantagarri baten eraikitzen zure Izen Sainduaren ohoretan; bururatu ondoan eskaini zautzun, eskerrak zaizkitzula bihurtzen zortzi egunez; eta, turrutek bazter guziak inharrosten zituztela, oihuka ari zelarik jendea bozkarioz, ospe handitan pausatu zuen batasunezko arkha aitzinetik berezia zaion tokian. Eta nik, gizonetarik herbailenak eta ezdeusenak, oren erdi bat doi-doi ez baineramake khartsuki, —ha! oren erdi bat baino gutiago higatu banu behin behar bezala!— nola zitzazket sar-araz nere etxean?

 

        5. O nere Jainkoa, zer kharrarekin lehiatu diren gizon saindu hoik guziak zuri atsegin egiterat! Eta nik ondikotz zoin guti dutan egiten! Zoin den laburra, komuniatu aitzin, nere bihotzaren aphaintzen deramatan ephea! Bakan niz nere baitarat osoki biltzen, bakanago nere gogoa bateie barreiatu gabe egoiten.

        Bizkitartean zure aitzinean, nere Jainkoa, behar ez bezalako gogoeta bihirik ez lakiket jin behar, ez eta lurreko deusek ez nehork gogoa hartu: bihotzeratu behar dutana, ez aingeru bat, bainan aingeruen Nagusia bera denaz geroz.

 

        6. Batasunezko arkha, barnean zauzkan gauzekin, eta zure Gorputz guziz garbia, bere ezin erranezko bertuteekin, ez dira bat bertzearen bethe, hurbilik ere; ez elgarren bethe halaber Juduek legearen arabera egiten zituzten sakrifizoak eta zure Gorputzeko sakrifizoa, hek itxurazkoak baitziren eta heien eskasa hunek baitu orai osoki estaltzen.

 

        7. Zendako beraz ez dut su gehiago zure aitzinean? Zure Gorputz Sainduaren jateko zergatik ez dut bihotza khar gehiagorekin aphaintzen, ohiko Patriarka eta Profeta saindu hek, bai eta errege eta aitzindariek beren azpiko zituzten jende guziekin, hainbertze artha ukan dutenaz geroz zorzaizkitzun ohoreen bihurtzeko?

 

        8. David errege guziz khartsua bere indar guziez jauzika arizan zen batasunezko arkharen aitzinean, Jainkoak haren arbasoer egin ongien orhoitzapenetan; asko musika-tresna mota ere egin-arazi zuen; psalmo batsu moldatu, gero jendeak bozkariotan kantatzen zituenak; berak halaber, Izpiritu Sainduaren graziak gogoa beroturik, xirribinka joz errepikatzen zituen; erakatsi zuen Israelgo jende guzier nola beren bihotz guziaz Jainkoa gorets; erakatsi oraino, elgarrekin Jainkoaren ohoratzen eta handiesten egun oroz.

        Batasunezko arkhak holako kharra eta Jainkoaren alderat holako ohoreak sortzen bazituen orduan, zer sua eta jauspena ez dugu behar, nik eta giristino guziek, Sakramendu Sainduaren aitzinean, Jesusen Gorputz guziz Sainduaren jaterat goatzilarik!

 

        9. Hanitzak tokiz toki badabiltza Sainduen erreliken ikusteko; harriturik daude hek egin gauzak entzutearekin, heien ohoretan altxatu eliza ederrak ikustearekin; heien hezur saindu zetaz eta urrez estalientzat badute behako eta musu: eta zu, hemen zitut aldare gainean, nere aitzinean, zu nere Jainkoa, sainduen Saindua, gizonen Kreatzalea eta aingeruen Nagusia!

        Beilari hoik begi-luze izanez dabiltza ardura eta zerbait berririk ikusi beharrez; nehor guti, aitzinean baino prestuago itzultzen denik; bereziki, bihotzean egiazko urrikirik gabe, arinkeriaz dabiltzanean.

        Hemen aldiz, aldareko Sakramenduan, oso osoa hor zira, o Jesus, egiazko Jainko eta egiazko gizona, eta bethiko salbamenduarentzat hazkurri nasaia zu baitan dugu biltzen, khartsuki eta behar bezala bihotzeratzen zitugun aldi oroz. Ez gituzte ez arinkeriak, ez jakingurak, ez gorputzeko atseginak zuganatzen, bainan ba fede biziak, esperantza khartsuak eta egiazko amodioak.

 

        10. O ezin ikus zitzazkegun Kreatzalea, zoin den miresgarria guretzat egiten duzuna! Zoin ziren gozo eta urrikaltsua zure hautetsientzat, zure Gorputz Saindua jaterat emaiten diozutenaz geroz! Zure egitate hori gure adimenduaz goragokoa da; horrek dautzu bereziki jende khartsuen bihotza biltzen, horrek diote berotzen zu ganako amodioa. Alabainan zure zerbitzari on, egun oroz beren buruaren hobetzerat ari direner, sakramendu guziz saindu horrek maiz emaiten diote khartsutzeko ahal bizia eta bertutearen amodio errea.

 

        11. O sakramendu horrek daukan grazia espantagarria, zure zerbitzariek baizik ezagutzen ez dutena, gaixtaginek eta bekatuaren meneko daudenek ezagut ez dezaketen grazia!

        Sakramendu horrek dauku Izpiritu Sainduaren grazia ixurtzen bihotzerat; arimak hor ditu berritzen galdu indarrak, eta bekatuak khendu edertasuna hor beretzen berriz. Grazia hori batzutan hain da handia non, darraikon khartsutasunari esker, ez bakharrik arimak, bainan ere gorputz ahulduak indar berri bat baitu.

 

        12. Hortako bereko da saminki deitoragarri, ephel eta nagi baikaude, Jesusen bihotzeratzeko nahikari gutirekin, hura delarik bizkitartean hautetsien esperantza eta sari bakharra. Alabainan Jesusek gitu salbatzen, hak gitu erosi, hura da gure atsegina lur gainean eta sainduen zoriona zeruan.

        Oi deitoragarria! zonbat jende sakramendu salbagarri hortaz axola guti dutenak, sainduen bozkarioa delarik eta mundu guziaren zurkaitza! Oi gizonaren bihotza zoin den itsu eta gogorra, sakramendu espantagarri hortaz axolatuago ez izaiteko, iduri-ta, egun oroz har ditakelakotz, gutiago duen balio!

 

        13. Sakramendu guziz saindu hori toki batean baizik ez balitz obratzen eta obratzeko aphez bat baizik ez balitz munduan, zer lehiarekin loazken jendeak toki hartarat eta aphez haren ganat, sakramendu hori obratzen ikusi nahiz! Bada ordean aphez bat baino gehiago, mezak hanitz tokitan badira: zonbat ere lur gainean komunione saindua hedatuago baitoa eta hanbatez garbikiago ager ditezen Jainkoaren urrikalmendua nola amodioa gizonaren alderat.

        Eskerrak, zuri, o Jesus ona, bethiereko Artzaina, zeren gitutzun gure desterruan eta gabezian zure Gorputz eta Odol sakratuaz hain amultsuki hazten eta sakramendu horren hartzerat zuhauk deitzen, diozularik: Zatozte ni ganat, lanaz akituak eta nekeetan zirezten guziak, eta nik arinduko zituztet.

 

aurrekoa hurrengoa