www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

11. KAPITULUA

 

Komuniatzea eta Liburu Sainduen irakurtzea
guziz beharrezko direla arima jarraikiarentzat.

 

        1. ARIMAK. O Jesus guziz gozoa, arima khartsuarentzat zer atsegina zure mahainean zurekin jartzea: han, o arima khartsuaren amodio bakharra, bere bihotzaren gutizia guzien gainetik gutiziatu behar zituena, han zure Gorputz Saindua diozu jaterat emaiten, ez bertzerik.

        Niri ere gozo litzaiket zure aitzinean nigar zonbaiten ixurtzea zu maitez eta, santa Madalenak bezala, nere nigarrekin zure oinen bustitzea. Bainan khar saindu hori non kausi? Nigar sainduen ithurburua non aurki?

        Bai segur, zure aitzinean eta aingeruen aitzinean nere bihotz guzia sutan behar litake jarri eta bozkarioarekin nigarrez urtu. Hor zitut alabainan, sakramendu hortan, egiazki hor, nahiz bertze itxura batzuen azpian gorderik zauden.

 

        2. Izaitez eta Jainko bezala duzun distiradura nere begiek ez lezakete jasan, eta izaitez dariozun argia estaltzen ez bazinu, mundua suntsitua litake. Sakramendu hortan beraz gorderik balin bazaude, bere ahuleziaren gatik zaude hola gordea.

        Aingeruek zeruan adoratzen dutena, nere dut egiazki eta hor adoratzen nik ere; bainan nik fedearen bidez baizik ez dut ikusten oraino, hek aldiz den bezala eta estalgirik gabe. Egiazko fedearen argia aski behar zait niri eta argi horri jarraiki behar nitzaio bethiereko egunaren argia jeiki arte, itxuren itzalak suntsitu arte.

        Bainan itzalik gabeko equn hura jitearekin, ez da gehiago sakramendurik izanen, dohatsuek zeruan ez dutenaz geroz sakramenduetako sendagailuen beharrik. Bozkariotan daude alabainan alderat Jainkoaren aitzinean, haren ospea bekoz beko ikusten dutela; Jainkozko argian igeri bezala eta berak argi bilhakatuak, Jainko gizon egina gozatzen dute, haste hastetik zen bezala eta bethi dagon bezala.

 

        3. Gauza espantagarri hoitaz orhoitzen nizalarik, arimako kontsolamenduak berak dorpe zaizkit eta higuingarri; munduan ikusi eta entzun guziak, ezen, ezdeustzat dauzkat, nere Jainkoa bere ospearen distira osoan ikusiren ez dutano.

        Hor zitut lekuko, Jauna, ez dutala nehon kontsolamendurik, pausurik ere ez kreaturetan aurkitzen; ez dezaket aurki zu nere Jainko, bethierean begiretsi nahi zituzketanaren baitan baizik. Ez ditakeena da bizkitartean hori, gorputz hilkor hunekin deramatano nere bizia. Pazientzia handi bat hartzeko dut beraz, nere nahikunde guziak zure nahiaren azpiko daudela.

        Alabainan, Jauna, zeruan jadanik zurekin bozkariotan diren sainduak ere, lur gainean zireno, fede eta pazientzia handiekin zauden zure egunaren aiduru. Hek sinetsi dutena sinesten dut nik ere; hek zailki igurikatu dutena igurikatzen dut berdin nik; zure graziaren laguntzarekin heltzea badut uste nik ere hek heldu izan diren lekurat.

        Anartean, sainduen erakuspenek azkarturik, fedearen arabera biziko niz. Kontsolatzeko eta argitzeko ukanen ditut bertzalde Liburu Sainduak, eta, oroz gainetik, sendagailu eta ihes-lekutzat zure Gorputz Saindua.

 

        4. Lur huntan beraz bi gauza ditut baitezpada behar, bata eta bertzea gabe ezin jasana bailitzaiket bizia. Gorputz barnean bahitua, bi gauza ditut eskas: jatekoa eta argia. Bada, arimaren nola gorputzaren hazteko zure Gorputz Saindua hazkurritzat eman daukuzu; eta argitzat zure hitza aitzinean ezarri. Bi gauza hoik gabe ez nintzan ontsa bizi ahalko: Jainkoaren hitza baita arimaren argia; zure Gorputza, bizitzeko behar den ogia.

        Erran ditake badirela bi mahain, Eliza sainduaren ontasunen artean ezker eta eskuin ezarriak. Lehen mahaina: aldare saindua eta hunen gainean Ogi sakratua, erran nahi baitut Jesusen Gorputz sakratua. Bigarrena, Jainko-legearen mahaina: hunek dauka erakaspen saindua, egiazko fedea zoin den erakasten daukuna, —tenploko oihalaren barneraino, Sainduen Saindua dagon lekurat xuxen geramatzan legea.

        Eskerrak zuri, Jesus Jauna, o bethiereko argiaren argia, eskerrak erakaspen sainduaren mahainarentzat, —zure zerbitzari Profeten, Apostoluen eta bertze erakasleen bidez eman daukuzunarentzat.

 

        5. Eskerrak zuri, gizonen Kreatzalea eta Eroslea, mundu guziari zure amodioaren erakustea gatik, aphairu espantagarri bat aphaindu daukuzuna. Aphairu hortan ez daukuzu zure itxuralako bildotsa emaiten jaterat, bainan ba zure Gorputz guziz Saindua eta zure Odol sakratua. Aingeruak gurekin parteliar diren aphairu saindu hortan, —nahiz gozakari biziagoarekin hek—, zure erakaspenari dauden guziak bozkarioz gainditzen ditutzu; bihotza zoratzen diote Odol sainduak, zeruko zorion guziak berekin baitauzka.

 

        6. O zoin den handi apheztasuna eta ohoragarri! Ahala zuk emanik, aphezen hitz sainduek dezakete alabainan Jainko Jauna aldare gainean ogi eta arnoaren orde-araz; aphezek ezpainez Jainko Jauna eskerrekin gorets dezakete, beren eskuetan atxik, beren ahorat ezar eta bertze giristinoer eman.

        O zoin garbiak behar dituzten eskuak, zoin garbia ahoa, zoin saindua gorputza, bihotza zoin xahua, garbitasunaren kreatzalea hain ardura dutenaz geroz jaten! Jesu-Kristoren Sakramendua hain ardura hartzen duen aphezaren ahotik ez da athera behar solas saindu, zuzen eta ondorio onekorik baizen.

 

        7. Jesu-Kristoren Gorputzaren begirestea ohi duten begiak izan bedite behakoz begiratu, so lizunik gabeak; zeru-lurren Kreatzalea noiz-nahi hunkitzen duten esku hek, zerualde erabiliak, gaizkiaren kotsutik xahu. Aphezarentzat guziz da errana Liburu Sainduetan: Izan saindu, ni zuen Jainko Jauna saindu bainiz.

 

        8. Zure graziak lagunt gitzala, Jainko guziz boteretsua, gu aphez girenak, apheztasunari doakon bezala zerbitza zitzagun, othoitzerako khar egiazko batekin eta kontzientzia garbi. Eta ez bagitazke behar ginuken bezain sainduki bizi, emaguzu bederen gure bekatuentzat zinez nigar egiteko grazia: halaber oraidanik khartsukiago zerbitzaturen zitugulako xedearen umilki hartzekoa.

 

aurrekoa hurrengoa