www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

21. KAPITULUA

 

Bihotzeko urrikiaz.

 

        1. Bertutean aitzinatu nahi bazira, atxik bihotzean Jainkoaren beldurra; zeure burua ez sobera erein, bainan zure jaidura guziak zaint hertsiki eta bozkario alferrer ihes egin. Urrikia landa zazu bihotzean eta khartsutuko zira. Bihotz barreiatuak galtzeko ohi dituen ontasunak, bihotz urrikituak beretzen ditu.

        Harrigarri da gizona nola ditaken osoki alegera mundu huntan, bidekari bat dela orhoitzearekin, bere arima holako galbide handietan ikustearekin.

 

        2. Bihotzez arin girelakotz eta gure hutsen xuxentzeko nagi, gure arimaren gaitzer ez gitzaizkote ohartzen; bainan maiz, nigar egiteko orde, gure zorokerian irriz gaude. Nehor nehon ez da egiazki libro eta botz, non ez den bihotzez garbi eta Jainkoaren beldur.

        Dohatsu, bihotzaren barreia-bide guziak bazterturik, bere burua urriki saindu baterat bil dezakeena! Dohatsu, bihotza karga edo lohi dezaketen guziak, bere baitarik urruntzen dituena!

        Guduka gizonki: ohidurak ohidura garaitzen baitu. Alde baterat gizonen uzten balin badakizu, gizonek ere zu zeure egitekoen bethetzerat utziko zituzte.

 

        3. Bertzeen zeretan sudurrik ez sar, ez eta ere buruzagien egitekoetan. Zeure buruari beha zorrozki lehenik; adiskideer oilarkatu baino lehen, zuhau zuhauri oldar.

        Ez baduzu jendeen ara egiten, ez sar atsegabetan; gogoari eman ordean gaizki zoatzila, ez zirelakotz Jainkoaren zerbitzari khartsu bati doakon bezain bildu eta gurbil.

        On baino hobe du gizonak, eta maiz segurago, mundu huntan atsegin sobera ez dezan jasta, guziz haragiaren araberakorik. Bainan Jainkoa ganikako atseginik ez badugu edo bakan baizik, hobendun gu, bihotzeko urrikia ez dugulakotz bilhatzen, ez eta kanpoko atsegin alferrer uko egiten.

 

        4. Onets ez zirela zerutikako atseginen gai, atsegabe hanitz duzula izaitekotz merezi. Bihotzean urrikia duen gizonari mundu guzia kirets eta dorpe zaio, hasperen eta nigar-biderik aski bere baitan kausitzen duelakotz gizon jainkotiarrak. Bere buruari so egin ala bertze bati egon beha, mundu huntan nekerik gabe nehor ez dela badaki. Bere buruari hurbilagotik beha, eta nigar gehiago du egiten.

        Bihotzeko urrikiaren eta nigarren ithurburu zuzenak gure bekatuak dira eta hobenak; hala gauzkate iraulirik non, zeruko gauzak bakan baizik ez baitetzazkegu gogora.

 

        5. Luzaki bizitzeaz baino maizago orhoitzen bazina heriotzeaz, duda-mudarik gabe khar gehiago bazinuke zure bizi-moldearen zuzentzeko. Ifernuko eta Purgatorioko oinhazeez ontsa orhoitzen bazina, daukat edozer lan eta nahigabe gogotik jasan zinezakela, eta edozoin neke ikharatu gabe onets.

        Bainan egia hoik ez ditugulakotz bihotzerainotzen, eta gorputzaren mainak maite ditugulakotz, gaude ephel eta nagi.

 

        6. Maiz, ez girelakotz aski khartsu, da gure gorputza errexki erranguratzen. Othoitz zazu beraz umilki Jainko Jauna, urrikia eman diezazun bihotzean; errozu profetarekin: haz nezazu, Jaunar, nigarrez bustizko ogiarekin eta nigarra emadazu edaterat untzitik.

 

aurrekoa hurrengoa