www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

18. KAPITULUA

 

Sainduek eman erakuspenez.

 

        1. Beha hain osoki saindu eta khartsu izan direnek eman erakuspen sanoer; ikusiko duzu deus guti dela, edo deus ez, zuk egiten duzuna. Ondikotz zer da zure bizia heienaren aldean? Sainduek eta Jesusen adiskideek Jainkoa zerbitzatu dute, izan zitezen ala gose eta egarri, ala hotz eta buluz, ala lanez ithoak eta unhatuak, ala beilari eta barur, ala othoitzari eta gogoeta sainduer josiak, ala laido eta nahigabeen pean lehertuak.

 

        2. Oi zonbat atsegabe dorpe jasanik dauden apostoluak, martirak, kobesorrak, birjinak eta Jesusen urratser jarraiki diren bertze guziak! Alabainan beren bizia higuin ukan dute mundu huntan, bethiereko biziaz jabetzeko.

        Oi zer bizi hertsia eta nekatua, bortuetako sainduen bizia! Zer gudu luzeak eta bortitzak jasan dituzten! Etsaia zoin ardura eta saminki oldartu zaioten! Zer othoitz jarraiki eta khartsuak dituzten Jainkoari eskaini! Zer barur garratzak egin!

 

        3. Egunak lanean, eta gauak othoitzean; lanean ari zirelarik ere, gogoa bethi othoitzari. Gau-egunak probetxurekin higatzen zituzten; Jainkoarekilako orenak laburrak zaizkoten; eta Jainkoari othoitzean egoiteak eman atseginarekin, ahanzten ere zituzten gorputzaren behar beharrenak.

        Aberastasun, kargu, ohore, adiskide eta ahaide guzier uko eginik zauden; munduaren ganik ez zuten deusik nahi, bizitzeko behar den hura doi-doia zuten hartzen; gorputza arthatzen zutelarik ere, ezinbertzez eta hasperenka.

 

        4. Lurreko ontasunez gabeturik zauden beraz, bainan graziaz eta bertutez zoin aberats! Itxuraz ororen eskasian, bainan bihotza Jainkoaren graziak eta kontsolamenduek azkarturik. Munduari arrotz, bainan Jainkoarekin adiskide min. Beren burua ezdeus zaukaten eta mundutiarren trufa-bazka, bainan Jainkoak negurrian goresten zituen eta minki maite.

        Egiazki umil ziren, bertzeen azpiko lañoki bizi. Jasankor ziren eta karitatez betheak, eta hola egun oroz bertutean aitzinatuz bazoatzin, Jainkoaren ganik grazia nasaienak ardiesten zituztela.

        Jainkoak giristino guzier baititu erakuspentzat eman, sainduek bertuteari buruz behar gituzte sustatu, jende ephelek ezazolkeriari buruz baino azkarkiago.

 

        5. O zer komentuetako guzien kharra, sortu zelarik heien ordena! Heien othoitzen beroa! Heien bertutearen sua! Beren egitekoen burutik buru bethetzeko zer lehia! Beren buruzagientzat zer herabea eta jauspena!

        Utzi dauzkiguten hatzak hor dira lekuko oraino, zer gizon saindu eta bertutekoak izan diren, azkarki gudukatuz nola duten mundua oinkatu.

        Handi zaiku orai, eman hitzaren ez jatea, eta hartu uztarriaren khexatu gabe jasaitea.

 

        6. Oi gure oraiko epheltasuna eta ezazolkeria; hastean ginuen kharra zoin laster hil zaikun, orai hain baikira ephel eta nagi non bizitzea bera hastio baitugu.

        Bertutean aitzinatzeko zure lehia ez ahal da osoki hilen, saindu khartsu hoien obren orhoitzapenaz hain ardura berotu ondoan.

 

aurrekoa hurrengoa