www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

24. KAPITULUA

 

Jujamenduaz eta bekatuen gaztiguaz.

 

        1. Gauza guzietan beha ondorioer; orhoit juje garratzaren aitzinerat agertzekoa zirela: emaitzek hura ez dutela ematzen, estakururik ez duela onhartzen, bainan zuzentasunekin duela jujatuko.

        Oi bekatore guziz dohakabea eta zoroa! Khexu den gizon baten aitzinean ikharan zaudena, zer ihardetsiren diozu zure tzarkeria guzien berri dakien Jainkoari? Jujamendu hari buruz, zure arima zendako ez oraidanik aphaint? Orduan aitzakia emaiteko edo bere buruaren gerizatzeko nehork nehor ez duke, nor-berari bere zama askiko baitzaio.

        Zure lanek orai dukete zerbait balio: Jainkoak zure nigarrak orai ditu onhartzen, zure hasperenak entzuten; atsegabeak orai dira zure bekatuen erosteko eta garbitzeko gai.

 

        2. Bere bekatuen garbitzeko ez du segur bide eskasik nahigabeen jasaiten dakien gizonak, hala nola: ukan laidoaz baino laidoegilearen maltzurkeriaz bihozmin gehiago duenak; bere etsaientzat othoitz egiten duenak; bihotzaren erditik barkatzen diotenak; bertzeer barkamendu abian galdatzerat uzkur ez denak; hasarrez baino maizago urrikariz ari denak; bere jitea ardura zaphatzen duenak; eta bere gorputza osoki arimaren meneko ezartzerat bermatzen denak.

        Gure bekatuak hemen garbitzea hobe dugu eta gure azturak hernen heztea, hil ondoan egiteko uztea baino. Zinez guhauren burua dugu enganatzen, gure gorputza hoin itsutuki maitatuz.

 

        3. Ifernuko suak zer bazka duke, gure bekatuez bertzerik? Orai zure buruarentzat ahulago eta zure azturer jarraikiago, gero gaztiguak garratzago eta su hak bazka gehiago. Zertan ere gizonak egiten bekatu, hartan garrazkienik beharko pekatu.

        Han nagiak suzko xixtez akulatuak izanen dira; hordiak aldiz, gose eta egarriak zurpilduak. Han lizunak eta atsegaleak bikhe erakituan eta sofre okaztagarri batean pulunpatuko dira; eta, zakur errabiatuen pare, gizon bekaiztiak marrumaka auhenduren.

 

        4. Han bekatu bihirik ez da izanen bere auhen berezia gabekorik. Han urgulutsuak ahalgeak urturik egonen dira eta zikoitzak ezeria gorrienean. Han, auhen karrasketan oren bat luzeago, hemen penitentzian ehun urthe baino. Ifernutiarrentzat ephe gozorik batere, atsegin limarrik; hemen bederen gure lanetan arteak baditugu eta adiskide zonbaiten laguntza ere, bihotz-altxagarri.

        Ohartuki pitz orai bihotzean zure bekatuen urrikia, jujamendu egunean dohatsuekin emana izan ziten.

 

        5. Orduan ezen fidantza handirekin xutituren dira dohatsuak, beren nekatzale eta laido-egileen kontra. Gizonen jujatzeko xutituren dira orduan, gizonen jujamenduak umilki jasan,dituztenak. Jende xume aphalek fidantza handia erakutsiren dute, urgulutsuak aldiz dira iletarik zangoetaraino ikharaturen.

        Orduan ageriko da zuhur izan dela mundu huntan, bere burua Jesusen gatik zoro eta ezdeustzat zaukana. Gogo onez jasan atsegabea atsegin bilhakaturen da orduan, eta gaixtagin guziak geldituko dira mutu.

        Orduan bethikotz jende khartsu guziak botz izanen dira; ilhun, Jainkoaren etsaiak. Bere gorputza nekatu duenak bozkario gehiago ukanen du orduan, bethi mainetan hazi duenak baino. Orduan soineko arruntek distiraturen dute, eta soineko aberatsak dira ilhunduren. Jauregi urheztatuak baino ohore gehiago ukanen du orduan etxola txarrak.

        Iraupenekin jasaile izan denarentzat ondorio hobeak orduan, munduko ahaldunenarentzat baino. Mende guzietako abilena baino gorago altxaturen da orduan, lañoki bertzeen azpiko egon dena. Arima garbi eta khartsuak orduan bozkario gehiago ukanen du, jakintsu zuhurrenak baino. Lurreko aberastasunak bildu dituenak baino ospe gehiago orduan, ontasun guziak oinkatu dituenak. Orduan aphairu hoberenak baino atsegin gehiago ekarriren du othoitz khartsu batek.

        Hanitz solastatu dena baino gehiago bozkariaturen da ixilik egon dena. Mintzaldi ederrenak baino gehiago baliaturen dira orduan obra sainduak. Bizitze hertsi eta nekatu batek atsegin gehiagoz betheko du orduan, lurreko lizunkeriek baino.

 

        6. Ikas orai oinhaze xumeen jasaiten, orduan dorpeagoetarat ez erortzeko. Ikas hemen lehenik, geroxago zer dukezun jasaiteko. Oinhaze xumeenak orai ezin jasan-eta, bethiereko auhenak nola ditutzu jasanen? Oinhaze ttipi batek orai hola nardatzen-eta, zer eginen othe duzu ifernuko suan?

        Zinez bi atsegin hotaz ez zitazke batean goza: ez dezakezu mundu huntan atsegin har, eta gero, bertzean, Jesusekin erregina.

        Egun arte ohoretan eta atseginetan igerika bizi izanikan ere, zer on zinuke hoitarik, orai berean hiltzen bazina? Ezdeuskeriak beraz oro, Jainkoaren maitatzeaz, Jainkoaren bakharrik zerbitzatzeaz bertzeak.

        Jainkoa bihotzaren erditik maite duena, ez da ez heriotzearen, ez auhenen, ez jujamenduaren, ez ifernuaren beldur, Jainkoaren alderateko amodioa baita harenganatzeko bide xuxena. Bekatuan oraino atsegin hartzen duena, ez da harrigarri heriotzearen eta jujamenduaren beldur izanikan ere.

        On dugu halere, Jainkoa maitez ez bada, bederen ifernuaren beldurrez bekatutik urruntzea. Jainkoaren beldur ez denak, ez dezake luzaz iraun ongian, bainan debruaren saretarat laster da eroriko.

 

aurrekoa hurrengoa