www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

4. KAPITULUA

 

Egiaren arabera eta umiltasunekin
behar dela Jainkoaren aitzinean ibili.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, egiaren arabera ibil zite nere aitzinean eta bilha zabilzkit, bihotza librorik.

        Nere aitzinean egiaren arabera dabilana, etsaiaren ukaldietatik zainduko dut, eta tzarren balaku nola gezur beltzgarrietarik begiratuko. Egiak libroturik, egiazki libro izanen zira eta jendeen solas alferrez ez dukezu axolarik.

        ARIMAK. Egia, Jauna. Diozun bezala egizu othoi ni baitan. Argi nezala zure egiak, begira nezala eta heriotze on baterat hel. Amodio lizun eta gutizia makur guzietarik garbi nezala, eta zurekin nabilake, bihotza egiazki libro.

 

        2. JESUSEK. Nik erakatsiko dautzut, dio Egiak, zer den zuzen eta zer zaitan laket. Zure bekatuak erabil gogoan urriki eta bihozminekin, zure obra onen gatik zerbait bazirela nehoiz ez sinets.

        Egiazki bekatore zira, eta hanitz azturek estekaturik eta iraulirik zauzkate. Esdeusterat ixuria zira jitez; laster lerratzen zira, begiak hets-ideki artean erortzen, abian nahasten, berehala lotsatzen. Zeurez zeure espantuarenik ez duzu; zure buruaren gutiesteko aldiz bazinuke asko, ohar zitzazkeion baino biziki ahulago baitzira.

 

        3. Zuk eginetarik ez beraz handitzat iduk deus. Sar barna gogoan deus ez dela handirik, balios eta miresgarririk, deus aiphagarririk, deus ederrik, deus egiazki laudagarri eta gutiziagarririk, bethi eta bethi iraun behar duena baizik.

        Oroz gainetik maita zazu bethiereko Egia; higuin ukan bethi zure ezdeustasun ezin gehiagokoa. Ez ukan deusentzat ez beldurrik, ez erasiarik, ez herrarik zure hutsentzat eta bekatuentzat baizik; hoiek munduko kalte guziak baino gehiago hastiatu behar ditutzu.

        Batzu ez dabiltza arraiki nere aitzinean; begi-luzez eta urguluz nere gauza gordeak eta Jainkoaren misterioak xilatu nahi dituzte eta jakin, beren burua eta salbamendua bazterrerat utzirik. Bainan beren urguluaren eta begi-luzearen gatik aiher nitzaiotelakotz, tentazione eta bekatu handienetarat dira erortzen.

 

        4. Sar bihotzean barna Jainkoaren jujamenduen beldurra eta guziz boteretsu denaren hasarrearen izialdura. Jainkoak eginak ez kitzika, bainan iker hurbilik zure bekatuak; iker zonbat gauza egin duzun gaizki eta zonbat obra on egin gabe utzi.

        Batzuek beren khartsutasun guzia elizako liburuer datxikote; bertzek hango idurier, bertze batzuek aldiz elizako urratser eta elizkizuner. Batzuek beren ahomihitan nute, bainan gutik beren bihotzean.

        Bertze zonbait, adimendua argi eta bihotza garbi, bethiereko ontasunaren ondotik hats-bahi dabiltza; lurreko erranak bihozminekin dituzte entzuten, beren gorputza ezinbertzez eta nigarra dariotela arthatzen. Izpiritu Sainduak zer diotsoten hek dute aditzen: erakasten diote Izpiritu Sainduak lurreko gauzak ostikaturik zerukoen maitatzen; munduari uko eginik, gau eta egun zeruaz nahikaritzen.

 

aurrekoa hurrengoa