www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

54. KAPITULUA

 

Graziaren urratsak naturalezaren
urratsetarik bertzelakoak direla.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, beha ontsa graziaren eta naturalezaren urratser: nahiz biziki aiher diren elgarri; non zoin diren nekez da ikustea; jende khartsu eta argituenek berek batzu bertzeelarik doi-doi dituzte berexten.

        Orok ongia nahi segur, eta, beren elhe eta obretan, guti edo aski bilhatzen; hortakotz ditu bada ongiaren itxurak enganatzen gizon hanitz.

 

        2. Naturaleza maltzurra da, jende hanitz bereganatzen du, saretan sartzen eta enganatzen, ba eta da bethi beretzat ari; grazia, aldiz, lañoki dabil, gaizkiaren itzalari berari ihes egiten du, arte bihirik ez hedatzen, oro Jainkoarentzat ditu egiten garbiki eta Jainkoa baitan da pausatzen bere azken mugan bezala.

 

        3. Naturaleza heriotzeari bihurri; hertsaturik izaitea ez du onesten, gaitzi zaio azpira dezaten edo eskupeko ezar; bere oldez eskuperatzeak latz egiten dio. Graziak aldiz zeure buruaren nekatzerat zeramatza, zure jaidura tzarrer ihardukitzerat, bertzeer mendutzerat. Harekin zure libertateaz ez duzu axolarik; garaitua izaitea, bertzeen azpiko bizitzea berdin zaitzu; zure buruaren jabe ez eta nehoren nagusi izaitea ez duzu nahi, bainan ba Jainkoaren eskuko bizitzea, egoitea eta izaitea bethi eta Jainkoaren gatik edozoinen eskupean umilhi aphaltzea.

 

        4. Naturaleza beretzat ari da lanean, nork zer on ekarriko dion begiak landatuak dago. Graziak aldiz ez du behatzen nondik zer on duken nor-berak beretzat, bainan ba zer onik duketen ere bertze zonbaitek.

        Naturalezak ohore eta jauspen gogotik du hartzen; graziak aldiz ohore eta ospe guziak Jainkoari ditu leialki bihurtzen: Naturaleza laidoen eta ahalgeen beldur da; grazia aldiz, Jesusen izenean, laidoen jasaiteaz botz. Naturalezak alferkeria eta pausa maite ditu; graziari aldiz lana besta bat baitzaio, lanean gogotik da ari.

 

        5. Naturaleza gauza pollit eta ederren ondotik dabil, txar eta itsusiak bere ganik urrunduz. Graziari aldiz gauza bakun eta aphalak laket zaizko; den kazkarrenak ez du lotsatzen, piltzardunak berak ez izitzen.

        Naturaleza lurreko ontasun gose, heien ukaiteak du bozkariatzen, galtzeak ilhuntzen, elhe gaixto ttipienak khexatzen. Grazia aldiz, bethiereko ontasuner beha dagola, lurrekoer ez da lotzen, hauien galtzeak ez du histen, elhe makurrenek ez hasarretzen: bere ontasunak eta zoriona zeruan ezarririk dauzkalakotz, deusik galtzen ez den zeruan.

 

        6. Naturaleza zikoitza da. Emaiten baino gogotikago du hartzen. Berea du xoilki maite. Graziak aldiz berea gogotik emaiten orori, beretzat bakharrik deusik ez nahi, beretzat aski guti. Badu uste emaiteari atsegin gehiago darraikola hartzeari baino.

        Naturalezak lurreko zeretarat, atsegin tzarretarat, esdeuskerietarat eta solas alferretarat du bere ixurkia. Graziak aldiz Jainkoaren ganat eta bertute biltzerat altxatzen gizona. Ordutik hunek lurreko ontasuner uko eta munduari ihes baitu egiten, gorputzaren nahikeriak zaphatzen ditu, barreia-bideak bakantzen, jendeetarat agertzeak berak ahalgetzen.

        Naturalezak bere atsegina gorputzari doazkon gauzetan gogotik du hartzen; graziak aldiz bere zoriona Jainkoa baitan baizik ez du bilhatzen eta, lurreko zer guztiak oinkaturik, bere atsegina Ontasun soberanoa baitan jartzen.

 

        7. Naturaleza bethi beretzat eta bere onetan ari da. Urririkakorik ez du deus egin nahi. Bertzeentzat ari da, uste duelarik hok ordaina edo zerbait gehixago emanen diotela dela fagore, dela laudorio. Egiten duen izpia, emaiten duen poxia zer-nahi bazaizko, zer-nahi badirela nahi luke erakuts balezote lagunek.

        Grazia aldiz ez dabil urtheek deramatzaten ongien ondotik: Jainkoaz bertze saririk ez zaio sori. Bizitzeko baitezpada behar dituener berer ez da atxikia, bethiereko biziaren irabazteko on dituen negurrian baizik.

 

        8. Naturaleza adiskide eta ahaide hanitz ukaiteak alaitzen du; sortzez handietarik balin bada edo nolazpeit handien lerrorat heldua, dagon mailaz da hanpatzen. Handien alderat dena agur, aberatsetarat dena elhe zuri, bere kidekoen goresle bethi.

        Graziak aldiz bere etsaiak ere maite ditu; grazia adiskideen ketaz ez da urgulutan sartzen. Grazian denari ez zaio deus aitoren-seme edo familia zaharretarik izaitea, non ez zituen bere arbasoak bertutez bertzeer nagusi. Gabezian denari aberatsari baino begitarte hobe ohi du egiten; hobenik-gabearen aldea gogotikago hartzen, azkarraren aldea baino. Egia maite duen gizona du laguntzat nahi, Gezurtiaren ganik baztertzen da. Jende onen sustatzetik ez da baratzen, onak hobetzerat lehia ditezen oraino, beren bertuteaz Jainko-Semearekin eite hartzeko xedetan.

 

        9. Naturaleza eskas ala poxelu duenaz laster erranguratzen da; graziak aldiz gabezia pazientziarekin du jasaiten. Naturalezak beraren ontsatzerat bidatzen ditu oro; bere intresentzat gudukatzen kalapitan. Graziak aldiz guziak Jainko ithurburuaren ganat ditu itzultzen; ongia bere ganik eta berez-bere dukelakorik ez du. Eztabada ez zaio laket; bere iduripenean ez da thematzen, hobea iduriturik. Bere asmu eta gogo guziak onhartzeko uzten ditu bethidanikako Zuhurtziari; jujatzeko, Jainkoari.

 

        10. Naturaleza berri eta segeretu gose da; bere buruaren erakusterat irrikatua da, nola gauza guzien ikusterat, ikuskatzerat bere begiz; ezagutua izan dadin, laudatua, miretsia, horra zer tirriak derabilan.

        Grazia aldiz ez da berriketari, ez begi-luze: badaki aztura hoik har-joaren ustel usain bat badutela, —berririk deus, deus iraunkorrik ez denaz geroz lur gainean.

 

        11. Graziak erakasten dauku beraz gorputzeko nahikerien negurritzen, geure baitan ez alaitzen, gure buruaren behar gabe ez agertzen, gorderik egoiten, laudatuak eta miretsiak izaitea merezi dugularik. Nahi du, jakitate ala bertze edozeretan, arimarentzat on dukeguna baizik ez dezagun bilha, hau orozbat Jainkoarentzat ohore delarik eta ospe.

        Bere alde diren edo egiten dituen ongientzat ez dabil laudorio-keta; du bakharrik nahi Jainkoa izan dadin goretsia, bere amodio garbian igortzen dituen emaitzetan.

 

        12. Grazia hori naturalezaz goragoko argi bat da, Jainkoaren emaitza berezi bat, hautetsien zigiloa edo marka eta salbamenduaren finka: gizona lurreko gauzetarik zerukoen maitatzerat derama lehen gorputzeko atseginetarat zagona arimako zeretarat sustatuz.

        Herstuago beraz eta heziago naturaleza, eta graziaren ihintza egunetik egunerat nasaikiago heltzen xoko guzietarat, gizona baitan alki berri egiten duela Jainkoarentzat.

 

aurrekoa hurrengoa