www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

11. KAPITULUA

 

Bakearen eta bertutean aitzinatzeko suaren biltzeaz.

 

        1. Bake nasaia ginuke, bertzeek egin eta erranetan ez baginu sudurrik sartzen, eta gure egitekoez baizik ez baginu axolarik. Bakea nondik nola luke luzaz bertzeen egitekoetan sudurra sarturik daukanak; bere hartarik kanpo ausagailuketa dabilanak; bere baitan guti edo bakan biltzen denak?

        Dohatsu lañoak, bake nasaia baitukete!

 

        2. Zendako dira batzu osoki saindutu eta othoitzari hola josi? Gutizia lurtiar guzien osoki hiltzerat bermatu direlakotz: hola beren bihotz guziaz Jainkoarekilakatu baitira, eta beren arimaren onari garbiki lotu.

        Gure jaidura tzarrek sobera hartzen gituzte gu eta gauza iragankorrek sobera koropilatzen. Aztura bat bakan dugu osoki garaitzen, eta egun oroz bertutean aitzineko ez dugu griñarik; hortakotz gaude ephel eta hotz.

 

        3. Gure buruari osoki uko egina baginio, eta bihotzean deus poxelurik ez baginu, orduan Jainkoarekilako bitarteaz ontsa goza ginitazke, eta haren begirestea zoin den gozo baginakike aphur bat. Poxelu egiten daukun gauza bakharra eta handiena: gure aztura eta nahikari tzarren ez heztea eta Sainduen bide arruntari lotzerat ez lehiatzea. Den atsegaberik ttipiena dathorla, abian, lotsaturik sobera, gizonen kontsolamenduen ondotik gabiltza.

 

        4. Gizon bihozdunen pare, guduan tente egoiterat lehiatzen bagina, berehala lathorke Jainkoa gure laguntzerat. Nagusituren gitzaizkotelakotan, guduak igortzen dauzkigun Jainko Jauna gure laguntzerat dago bethi, azkarki gudukatzen bagira eta haren laguntzari fidatzen.

        Erlisioneko erakaspen eta eginbideen axalari balin bagaude xoilki eta bertutea hortan badugu jartzen, dukegun khartsutasuna laster itzaliko da. Gaitza errotik motz dezagun, gure azturetarik bihotza garbitu ondoan, bake osoaz jabe gitezen.

 

        5. Urthe bakotx, aztura bat idokitzen baginu, laster saindu ginitazke ondarra. Aitzitik maiz ohartzen gira hobeak eta garbiagoak ginela, khartsutasunari lotu berrian handik zonbait urtheen buruan baino.

        Egunetik egunerat khartosuago eta sainduago behar ginitazke, bainan ora¡ asko zaiku hastean ginuen sutik pindarño baten begiratzea. Hastean den gutien indarra egiten baginu, gauza guziak errexki eta gogotik egin ginitzazke.

 

        6. Gaitz da aztura zaharren uztea, gaitzago oraino nor bere nahiaren kontra ibiltzea. Gauza ttipietan eta errexetan zure burua garaitzen ez baduzu, nondik nola eginen dukezu handietan? Zure irritsari iharduk hastetik, jalgi errotik aztura makurra, emeki emeki handiagoetarat ez erortzekotz.

        Oi gogoari emaiten baginu, ontsa ibiliz zer bakea ginuken guhauk eta bertzeek zer atsegina, daukat bertutean aitzinatzeko artha gehixago baginukela!

 

aurrekoa hurrengoa