www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

43. KAPITULUA

 

Zoin huts eta ezdeusa den munduko jakikatea.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, ez utz zure burua jendeen solas eder eta legunek xoratzerat: Jainkoaren erresuma ez datza elheetan, bainan ba obretan. Nik erraner zaude erne: bihotza berotzen dute eta adimendua argitzen, bihotzean urrikia pizten eta atsegin guziak emaiten.

        Irakurtze bihirik ez egin, jakintsuago edo zuhurrago agertzea gatik. Azturen hezterat lehia zite: asko gauza gaixtoen ikastea baino gehiago baliaturen zaitzu hori.

 

        2. Asko irakurri eta ikasi ondoan, bethi gauza guzien ithurbururat dukezu itzultzea. Gizoner nik diotet jakitatea emaiten eta haurren adimendua nik dut gehiago argitzen, gizonak bere erakaspenekin egin dezaken baino. Nori ere mintzo bainiz eta hura laster ditake jakintsu, bai eta bertutean azkarki aitzinatzeko bidean.

        Zorigaitz, asko ergelkeria jakin beharrez gizonen ondotik dabiltzaner eta nere zerbitzatzeko bideez axola guti dutener! Jinen da tenorea, Jesus erakasleen erakaslea eta Aingeruen Nagusia agerturen baita, nork zer ikasi duen entzuteko, erran nahi baitut bat-bederaren bihotzaren ikertzeko; orduan argiekin miatuko du Jerusaleme eta ilhunbean dauden gauzak argiratuko ditu, eta guziek beren estakuruak ixilduko dituzte.

 

        3. Umilak nik ditut, ephe laburrik barne, hainbertzetaraino altxatzen non zeruko gauzen berri baitakite, asko bezala hamar urthe liburuetan ari izan balira baino hobeki. Elherik gabe erakasten dut nik eta ezbai-ik gabe, espanturik gabe eta hizkatu gabe. Nik erakasten dut lurreko ontasunen gutiesten, oraiko gauzen hastiatzen, bethierekoen bilhatzen eta goxatzen, ohoreer ihes egiten, laidoen jasaiten; nik erakasten nor-bederari esperantza guziaren ni baitan jartzen, nitaz landa deusen ez gutiziatzen, eta oroz gainetik minki nere maitatzen.

 

        4. Batzuek, bihotzaren erditik maitatu nutelakotz, dituzte Jainkoarekilako gauzak ikasi, hotaz gero ezin ederkiago mintzo baitziren. Beren buruari uko eginez gehiago ikasi dute, liburu ederrenetan ikasiko zuten baino.

        Guzier doazkoten gauzez mintzo nitzaiote batzuer, beren gauza bereziez bertzeer; itxuretan eta alegietan goxoki agertzen nitzaiote zonbaiti; bertze batzuer aldiz nere gauza gordeenak argi handitan ditut erakusten.

        Liburua berdin mintzo guzier, bainan ez guziak berdin argitzen: bihotzari nik baitiot egia erakasten, bihotza nik ikertzen, gogoetak nik xilatzen, artzeko indarra nik emaiten, eta nere emaitzak baititut egiten nori bere merezimenduen arabera.

 

aurrekoa hurrengoa