www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

8. KAPITULUA

 

Jesusekilako adiskidetasun xeheaz.

 

        1. Jesus bihotz batean delarik, bihotz hartan oro goxo. Bainan Jesus han ez delarik, oro gaitz. Jesus bihotz batean mintzo ez delarik, atsegin guti. Bainan, hitz bat baizik ez erranikan ere, Jesus mintzo denean, zer gozoa bihotzean! Nigarrez zagon tokitik Madalena ez othe zen abian xutitu, Marthak erran zaiolarik: Jauna hor da, galdatzen zitu?

        Tenore gozoa, nigarretarik bozkariorat Jesusek deitzen gituen tenorea? Jesus gabe, zoin ziren agor eta idor! Zoin ziren ezdeus eta zoro, Jesusez kanpo zerbait gutiziatzen duzunean! Hori ez othe duzu kalteago, mundu guzia galtzen bazinu baino?

 

        2. Jesus gabe, zer emaiten ahal dautzu munduak? Ifernu gorri, Jesusez gabetzea; zeruko gozo, Jesus jabetzea. Jesus zurekin, etsai nehork ez dezazuke makurrik egin.

        Jesus kausitzen duenak, ontasun egiazkoa kausitzen du, erran nahi baita: ontasun guziez gorago den ontasuna. Jesus galtzen duenak, mundu guzia galtzen balu baino biziki gehiago du galtzen. Jesus gabe bizitzea, gabeziarik gorriena; Jesusekin adiskide bizitzea, ontasunik handiena; Jesusekin bizitzen dakiena, jakintsu handia; Jesusen begiratzen dakiena, handizki zuhur.

 

        3. Izan umil eta baketiar, eta Jesus zurekin dukezu. Egon khartsu eta bildu, eta Jesus zurekin badagoke. Jesus laster urrunduko duzu eta haren grazia galduko, zure gogoa bazterrerat alderatu nahiz. Jesus urruntzen baduzu eta galtzen, noren ganat eginen duzu ihes, nor duzu adiskidetzat bilhatuko?

        Adiskiderik gabe ez zitazke zoriontsu bizi: Jesus ez bada zure lehen adiskidea, zoin ilhun eta hits izanen ziren! Zorokeria beraz, bertze norbaiti fidatzea eta zorionaren eskatzea. Bietarik batean, Jesusen hegalpetik urrun izaitea baino, mundu guzia etsai ukaitea hobe duzu. Beraz zure adiskide minenen artean, minena bekizu Jesus.

 

        4. Gizon guziak maitatu behar dira Jesusen gatik; Jesus aldiz, bere gatik. Jesus bakharrik duzu behar maitatu bereziki, adiskide guzietarik hura baita leialena eta hoberena.

        Bai adiskideak bai etsaiak maita Jesusen gatik eta Jesus baitan; batzuentzat eta bertzeentzat egin othoitz, guziek Jesus ezagut dezaten eta maita. Gizonek bereziki maita zitzaten eta lauda, ez zazula gutizia behinere: Jainkoari baizik, ez zaio holakorik zor, parerik ez duen Jainkoari baizik.

        Norbaiten bihotzaren alhapide izaiteko tirriarik ez ukan; zeurean nehoren amodio berezirik ez sar, bainan Jesus bedi zu baitan eta jende prestu guzietan.

 

        5. Iduk bihotza garbi eta libro, kreatura bihi batentzat atxikimendurik gabe. Guzietarik behar zira buluzi eta Jainkoari bihotza garbi eman behar diozu, Jainkozko gozoa hutsik nahi baduzu jastatu. Segur ez zira hortaratuko, aitzinetik eta ondoan haren graziak ez bazira, traba guziak bazterturik eta debalde utzirik, Jainkoarekin osoki bat egiten lagundua.

        Jainkoaren grazia alabainan norbaiten ganat jausten delarik, zer-nahiren egiteko ahala dio emaiten. Eta grazia itzaltzen denean, orduan gizona behartsu jartzen da, herbail eta gaztiguen aztaparretan bezala. Ez du hargatik lotsatzekorik, ez etsitzekorik; bainan dagola gizonki Jainkoaren nahiari; gertatzen zaizkon guziak Jesusen gatik ditzala onhar, ezen neguari uda darraio, gauari eguna, eta ekaitzari jabaldura handi bat.

 

aurrekoa hurrengoa