www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

27. KAPITULUA

 

Gure buruaren maitatzeak gituela
gehienik Jainkoaren ganik urruntzen.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, orotaz jabetzekotz, behar dautazu zure burua osoki eman; zu baitan ez dadila izan zeurerik deus. Jakin zazu zeure buruarentzat duzun amodioa baino etsaiagorik, munduan ez duzula deusik.

        Zer negurritan baititutzu maite, negurri ber-berean zatxizkiote gauzer. Heientzat duzun atxikimendua garbia bada, lañoa eta zuzena, ez zira heien meneko izanen. Ez gutizia zilegi ez zaitzuna. Ez atxik arimaren libertatea khentzen ahal dautzunik eta poxelu dukezunik deus. Harritzeko da nola ez ziren bihotzaren erditik nere gerizan jartzen, gutizia ditzazketzun edo eskuko dituzketzun guziekin.

 

        2. Zendako zaude atsegabe hutsal batzuek jana; zendako, griña alfer batzuek urtua? Nere nahi sainduari lot zakizkio eta deusek ez zitu zaurituko. Zure onaren edo nire atseginaren gatik, lekuz leku edo gauzaz gauza balin bazabiltza, sekula ez zira bakean edo griñarik gabe biziko: gauza guzietan eskas zerbait kausituko duzulakotz eta toki guzietan etsai zonbait.

        Bakea ez datxiko beraz ontasun ukaiteari edo ontasun metatzeari, bainan ba heien erdeinatzeari eta bihotzetik uzteari. Ez diozute xoilki diruari eta ontasuner behar egin uko, bainan ohore-laudorio goseari eta gutiziari, ezen hoik oro munduarekin batean suntsitzen dira.

 

        3.Tokiz aldatzea deus guti da, bihotza khartsu ez bada; kanpoan bilhatu bakeak guti du iraunen, haren egiazko zimendua eskas badu bihotzak. Erran nahi dut: ni baitan ez bazaude tente, alda zitazke, bainan ez zitazke hobeki. Ezen lerra-bide bat agertzen bazaitzu, zutarik urrun zinauzkan gurikeriak edireinen ditutzu han, lohiagorik oraino ez bada.

 

        4. Bihotzeko garbitasunaren eta zerutikako zuhurtziaren ardiesteko OTHOITZA.

        Izpiritu Sainduaren graziaren bidez azkar nezazu, Jauna. Azkar othoi nere bihotzean egiazko khartsutasuna. Maltzurkeriazko dei guziak ithozkitzu nere bihotzean, gauza bihirik, ez txar ez ederrik, ez dezatan gutizia, —orhoit nadin, aldiz, gauza guziak iragankorrak direla eta ni ere heiekin iragaitekoa nizala: ezen iguzkipean iraunkorrik ez da deus, oro ezdeuskeria baizik ez dira eta bihozmingarri. O zoin den zuhurra, gauza guzier hola behatzen diotena!

        Emadazu, Jauna, zerutikako zuhurtzia, ikas dezatan oroz lehen zure bilhatzen eta kausitzen, zure goxatzen eta maitatzen, eta gaineratekoen zuk egin eta diren bezala hartzen. Egizu lausengatzaleak nitarik zuhurki urrunt ditzatan, niri aiher daudenak jasan ditzatan khexatu gabe; zuhurtzia handia da, ezen, entzun solas guzier gogor egitea eta laudorio zakurrer beharrien hestea. Has¡ bidea hola da bururatzen segurki.

 

aurrekoa hurrengoa