www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

59. KAPITULUA

 

Nork bere esperantza eta fidantza
xoilki Jainkoa baitan behar dituela jarri.

 

        1. ARIMAK. Jauna, bizi nizano, zeri edo nori berma? Zerupean ageri diren guzietan nor da nere atsegin handiena? Ez othe zu, nere Jainko Jauna, negurririk gabe urrikaltsu zirena? Non izan niz ontsa zu gabe? Non gaizki zurekin? Gabezian nahiago dut zu gatik, aberats baino zu gabe. Lur gainean ibilkari nahiago dut zurekin, zu gabe zeruaz gozatzale baino. Zu non, zerua han; zu non ez, heriotzea han eta ifernua.

        Zu zira nere gutizia guzia, zure ondotik behar niz beraz hasperenka, auhenka eta othoizka ibili, Zuri baizik ez nitake osoki fida, laguntza zu baitan baizik ez dezaket igurika behar-orduetan, nere Jainkoa. Zu zira nere esperantza, zu nere fidantza, zu bethi nere kontsolatzale jarraikiena.

 

        2. Oro beren onaren ondotik dabiltza: zuk nere aitzinamendua eta nere salbatzea duzu xoilki bilhatzen eta oro nere ontzekotan ditutzu antolatzen. Guduen eta nahigabeen erdian uzten nuzularik ere, nere geiagotzea gatik zira ari: ara hortaz frogatzen ohi baititutzu maite ditutzunak. Eta ez zitut gutiago maitatu behar, ez gutiago laudatu nere gorabeheretan, kontsolamendu handienez bethetzen banintuzu baino.

 

        3. Zu baitan beraz, Jainko Jauna, dut finkatzen nere esperantza guzia eta nere ihes-lekua, zure eskuetan ezartzen nere nahigabe eta herstura guziak: zutaz bertze guziak aldakor baitzaizkit eta ahul.

        Adiskide hanitz ukanikan ere, lagun azkarrenek lagundurik ere, jende zuhurrenek behar bezala argiturik ere, jakintsu handienen liburuek bihotza goraturik ere, nere buruaz jabetzeko ontasun handienak bildurik ere, leku gordeenean eta laketgarrienean gorderik ere, zertan nitazke, zuk ez banuzu laguntzen, gerizatzen, azkartzen, goratzen, argitzen eta begiratzen?

 

        4. Bakea eta zoriona iduriz dakarten gauzak deus ez dira zu gabe; egiazko zorion mikorik ez dute emaiten. Zu zira beraz guzien burua, biziaren ithurburua, jakitate guzien erroa; eta oroztik gainetik zuri bermatzea eta zure zerbitzariaren atseginik altxagarriena.

        Nere begiak zuri buruz dauzkat; zure eskuetan jartzen niz, nere Jainkoa, urrikalmenduen ithurria. Zerutik benedika eta saindu zazu nere arima, zure egoitza sainduaren han egiteko, zure bethiereko ospearen han finkatzeko, eta zure Jainkotasunari aiher ditakeenik ez dadin ere han aurki deus.

        Guziz ona eta urrikaltsua zirenaz geroz, beha ezadazu othoi; ilhunbetan eta herioarekin borroka zutarik urrun dabilan zerbitzariaren othoitza entzun zazu. Bizi huntako galbideen erdian geriza zazu eta begira zure zerbitzari xumearen arima; zure graziak lagunt beza eta ereman, bakezko bidean gaindi, bethiereko Argiaren egoitzarat. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa