www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

3. KAPITULUA

 

Bihotzeko bakeaz.

 

        1. Zaude lehenik bakean zuhau, eta, ondorioz, bertzeak baketzen ahalko ditutzu. Onez on, jakintsu handiari bakezko gizona nagusi. Bere jaidura gaixto suharren meneko dagonak, ongia gaizkirat bihurtzen du, eta errexki sinesten gaizkia. Gizon baketiar onak onerat bihurtzen ditu oro.

        Egiazki bakean dagonak, ez du nehorentzat pikorik. Bethi khexu eta hasarretsu dena, gehienez errangura da. Holakoak ez du bakerik eta bertzeer ere bakerik ez utzi nahi. Erran behar ez lukeena, maiz erraiten du, eta bere onetan egin behar lukeena, egin gabe uzten. Bertzeen egitekoer begiak xurituak dago; bereer, ñarro.

        Zure kharra beraz atxik zuhaurentzat lehenik, gero bertzeetarat hedatzekotz zuzenki.

 

        2. Zuhauk eginentzat baduzu estakuru, bertzeen aitzakiak ordean ez onhartu ere nahi. Zuzenago litake zeure buruaren hobendun aithortzea, eta bertzeen aitzakien onhartzea. Bertzeek zu jasaitea nahi baduzu, jasan zuk ere bertzeak. Egiazko amodiotik eta umiltasunetik beha zoin urrun ziren oraino: jende umilak, ezen, ez daki khexatzen eta hasarretzen bere buruaz baizik.

        Jende on eta goxoekin bizitzea ez da gaitz, jitez guzier laket baitzaiote hori guziek alabainan bakea maite, eta gogo bereko jendeak nahiago. Bainan jende idor eta gaixtoekin, mokor eta mokokariekin bakean bizitzea, hori, hori grazia handia, lan neke eta laudagarria!

 

        3. Badira beren baitan bakearen jabe direnak, bai eta bertzeekin bakean daudenak. Badira ere beren bihotzean bakerik ez dutenak eta bertzeak bakean uzten ez dituztenak. Holakoak bertzeentzat nekagarri, bainan berentzat bethi nekagarriago. Badira ere bakean daudenak berak, eta bertzeen baketzerat lehiatzen direnak.

        Bizkitartean, mundu hits huntan gireno, bake osoa nahigabeen umilki jasaiteari datxiko, atsegaberik ez ukaiteari baino gehiago. Nork ere baitaki hobeki jasaiten, hak ere duke bake handiena. Halakoa bere buruaren eta munduaren nagusi, halakoa Jesusen adiskide eta zeruko premu.

 

aurrekoa hurrengoa