www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

32. KAPITULUA

 

Nor-bederak bere buruari uko egiteaz.

 

        1. JESUSEK. Nere haurra, zure lokarriak ez ditzazketzu hauts osoki, non ez diozun zure buruari uko egiten. Estekan dira bizi beren burua maite dutenak eta berentzat ari direnak. Beha: goseak dira, begiluzeak; norat haize harat aise dabiltza; beren mainak bilhatzen dituzte, ez nere atsegina; amets zoro batzuek derabiltzate har-uzka, ezin eginak nahi baitituzte egin. Jainkoaren ganik ez diren guziak erorkor dira alabainan.

        Hitz labur eta mamitsu hoik atxik buruan: utz guziak eta kausituko ditutzu denak; zure nahikerier egin uko eta bakea aurkituren duzu. Hitz hoik alha gogoan; obratuko ditutzularik, orotaz jakintsu izanen zira.

        ARIMAK. Jauna, ez da hori egun bateko lana, ez haur josteta bat; aitzitik, hitz labur hoiek saindutasunaren gain gaineko mailerat heltzeko behar den guzia daukate beren baitan.

 

        2. JESUSEK. Nere haurra, ez duzu zeren gibelerat egin ez etsi bertutearen goienerako bidea zoin den entzutearekin; bainan goien hortarat heltzerat bermatu edo bederen zure ahal guziaz heltzerat lehiatu.

        Ah! hortaratua bazina eta zure buruaren ez maitatzerat heldua! Heldua bazina nere eskupeko egoiterat eta eman dautzutan buruzagiaren meneko! Orduan zinitazke nere gizona eta zure egunak oro baloazke bozkarioan eta bakean.

        Hanitz gauza baditutzu oraino utzi beharrak; nere gatik ez badiozute uko egiten guzier, galdatzen duzuna ez duzu ardietsiko. Sinets nezazu: aberastekotz, suak garbitu urrea eros ezadazu; hitz garbiz, eros ezadazu mundu guzia oinkatzen duen zerutikako zuhurtzia.

        Hunen biltzeko, lurreko zuhurtziari uko egiozu, bai eta jendeek zutaz diotenari eta zuhauk zeure buruaz daukazunari.

 

        3. Erran dautzut: jendeek balios eta edertzat dauzkatenak utzkitzu, ezdeustzat dauzkatenen erosteko; zerutikako zuhurtzia, ezen, ezdeusa eta txarra zaiote, ahantzirik ere daukate kasik; ez duelakotz hak bere buruaz harrokeriarik eta lur gainean laudoriorik nehon ez bilhatzen.

        Hanitzek hura ezpain muturrez goresten dute, bainan beren urratsetan hartarik urrun daude; hanitzentzat gorderik dagon perla baliosa delarik bizkitartean.

 

aurrekoa hurrengoa