www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

25. KAPITULUA

 

Khartsuki behar dugula gure bizi molde guzia onerat bidatu.

 

        1. Zaude erne eta khartsu Jainkoaren zerbitzuan, zure buruari maiz diozula: zertarat jina hiz? munduari zergatik egin diok uko? Ez othe Jainkoarentzat bizitzeko? ez othe khartsutzeko?

        Zoazi beraz lehiatuki aitzina bertutean, laster bilduko baituzu zure nekeen saria, eta ordutik ez baitukezu bihotzean ez minik ez beldurrik. Hemengo neke xumeen ondotik, bake handiaz, erran nahi baita, bethiereko zorionaz zira jabeturen. Zure egitekoak leialki, khartsuki bethetzen baditutzu, Jainkoak segur saristatuko zitu leialki eta aberaski. Sari hortarat helduko zirela, zailki behar duzu igurikatu, bainan ez sobera fidatu, ez nagitzeko edo urgulutan ez sartzeko.

        Griñak jana, bere salbamenduaz batean segur, bertzean dudan zagon gizon bat, behin, egundaino haino hitsago, eliza batean sartu zen eta han aldare baten oinetan ahozpetu, bere buruari ziola: «Ai! banaki bederen bururaino iraunen dutala!». Eta berehala hitz hok entzun zituen bihotzean: «Bazinaki hori, zer zinuke bada xede? Orduan egin nahi zinukeena, egizu orai beretik eta segura dukezu salbamendua». Hitz hoiek bihotza altxatu eta azkarturik, osoki Jainkoaren eskuko jarri zen gizona, bai eta haren duda-muda lotsagarriak itzali denak. Handik harat, ez zuen gehiago bere geroa jakin beharrez ibili nahi; denik ere, arthazkiago lehiatu zen jakiterat Jainkoaren nahi hoberen eta osoena zer zitaken, bere obra guzien ontsa hasteko eta osoki bururatzeko.

 

        3. Jar zure esperantza Jainkoa baitan eta egin ongia, dio profetak, eta lurrean egiten baduzu zure egoitza, aberaski haziko zitu.

        Bertutean aitzinatzetik eta beren bizi-moldearen xuxentzetik, gauza batek hanitz jende gibelatzen ditu: nekearen iziak eta gudukatzeari datxikon lanak. Urrats handienak alabainan nork ditu egiten bertutean? Bere aztura makurrenen eta behaztopagarrienen garaitzerat azkarkienik bermatzen denak. Zertan ere alabainan gizonak bere burua baitu garaitzen eta gogotikago nekatzen, hartan ere da gehiago aitzinatzen eta du grazia nasaikiago merezitzen.

 

        4. Ez dituzte denek aztura berak zaphatzeko eta garaitzeko. Arima khartsua eta ernea bizkitartean, jaidura tzarrek ithoa izanikan ere, bertutean lasterrago aitzinaturen da, bere egitekoen bethetzeari nagi dagon jite oneko bat baino.

        Bertzeak bertze, bi bide badauzkagu gure arimaren ontzeko: Jehena, gure jite makurra norat ere baitago eta handik gogorki urruntzea; bigarrena, bertutetarik zoin ere baitugu eskas eta haren biltzeari gogotik artzea. Bertze gizonetan zer ere baituzu gehienik hastio, hura behar duzu zu baitarik urrundu eta garaitu.

 

        5. Bertutean aitzinatzeko balia orotaz; erakuspen onak ikusten baditutzu edo entzuten, berma obratzerat. Gaizki zerbaiti ohartzen bazira, begira hartarat erortzetik. Edo noizbait erori bazira, xut¡ lehen bai lehen.

        Zu bertzeer so zauden bezala, bertzeak so daude zuri. Zoin laket eta goxo den aneien ikustea khartsu eta suhar, sainduki eta bilduki bizi! Zoin hits eta nigar-egingarri, barreiatuak eta beren egitekoer batere ez jarraikiak ikustea! Zoin galgarri den, nork bere egitekoak utzirik, manatuak ez direner lotzea!

 

        6. Hartu xedeaz orhoit, eta zure begiak iduk Jesus kurutzefikatuari. Ahalgetzekoa baduzu segur, Jesusen biziari behatu-ta, ez zaizkolakotz hobeki jarraiki, nahiz aspalditik Jainkozko bidean sartua ziren.

        Bere gogoa Jesusen bizi sainduan eta oinhazeetan alha daukan gizon khartsuak, han kausituko ditu nasaiki on eta behar dituen guziak, eta Jesusez kanpo ez du zeren deusik bilha. Jesus kurutzefikatua bihotzeratzen balitzaiku, laster baginakizke jakiteko ginuzkeenak oro.

 

        7. Gizon khartsuak gogo onez hartzen ditu eta onhartzen manatu guziak. Nagia eta ephela atsegabez atsegabe dabil; itzul ala mitzul nahigaberik baizik ez du kausitzen; bihotzeko gozoa eskas duelakotz, eta kanpotikako atseginen bilhatzerat ez delakotz haizu. Bihotza barreiaturik dagona, handizki galtzeko menean dago. Bizi-molde errexenaren eta eztienaren ondotik dabilana, atsegabetan dagoke bethi, batean hau, bertzean hura hastio baituke.

 

        8. Nola egiten dute bada hoinbertze fraile eta serorek, beren erregularen azpian hoin hertsiki egoiteko? Bakan atheratzen dira, jendetarik urrun bizi, xuhurki jaten dute, soineko arruntak ibiltzen, azkarki lanean ari, guti mintzo, luzaz beilatzen, goizik jeikitzen, othoitz hanitz egiten, maiz irakurtzen, eta beren egiteko guzier josirik egoiten.

        Beha Chartrusak, Ciztokoak eta bertze ordenetakoak, beha gau oroz nola jeikitzen diren Jainkoaren othoizteko. Ahalgegarri litake goizalderako oren sainduak alferkerian higatzen bazinitu, hoinbertze komentulariek dutenean Jainkoa ordukotz othoiztua.

 

        9. Oi, bihotzez eta ahoz Jainkoaren goresteaz landa, bertze deus egitekorik ez baginu! Ez baginu nehoiz ez jaterik, ez edaterik, ez lo egiterik, bainan Jainkoari othoitzean eta gure arimaren onari artzen ahal bagina bethi! Orduan ginitazke, orduan zoriontsu: ezinbertzez orai gure gorputza arthatzen dugularik baino zoriontsuago. Ai, ez baginu holako behar-ordurik! Bakan gertatzen zaikuna ondikotz, gure arimaren arthatzea baizik ez baginu!

 

        10. Kreatura bihi bati deus atseginik ez galdatzeko heineratzen delarik norbait, orduan ere da hasten osoki gozatzen Jainkoaz, ordutik ere bakean dagoke bethi, zernahi gerta dakion. Orduan, hanitz ala guti ardiets, ez da hortakotz ez arraitzen ez ilhuntzen, bainan den guzia tente Jainkoari dago, orotan Jainkoa baizik ez baitu ikusten; baitaki ere Jainkoarentzat deus nehon ez dela ez galdurik ez hilik denak haren baitan bizirik daudela, denak osoki bere eskupean dauzkala.

 

        11. Orhoit bethi heriotzeaz eta galdu orenak gal direla.

        Ez bazaude erne eta arthatsu, nehoiz ez duzu bertuterik bilduko. Epheltzen hasten hazira, zira ere gaizkiratzen hasiko. Bainan khartsu bazaude, bake handia kausituren duzu, eta bai Jainkoaren graziak bai bertutearen amodioak zure lana errexturen dautzute.

        Jende khartsu eta ernea edozeri dago. Esku-lanetan artzea baino bortitzago da ohidura eta jaidura tzarrer ihardukitzea.

        Huts ttipietarik urruntzen ez dena, emeki emeki handiagoetarat erortzen. Arratsean bozkariatuko da bethi, eguna bere arimaren onetan higatzen duena.

        Zaint zure burua, akula eta hertsa; bertzeer edozer gerta, zeure arimaren arthatzeari ez egin uko zuk. Zonbat ere baituzu zure jitea zaphatuko, hanbatez zira bertutean aitzinatuko.

 

aurrekoa hurrengoa