www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

58. KAPITULUA

 

Gure ikusmenetik gorago ez dugula
zeren beha; Jainkoak beretzat dauzkan
jujamenduetan ez dugula sartzerik.

 

        1. JESUSEK. Begirautzu, nere haurra, zure adimenduaz goragoko zeretan eztabadan artzetik eta Jainkoaren jujamendu gordeen kitzikatzetik; zendako den bat debalde utzia eta bertzea graziaz gaindika bethea; zendako den hau auhenez ithoa eta bertze hura ohorez estalia. Gizonen argi guziez gorago daude gauza hoik; gizonaren adimendu eta jakitate guziak ez du Jainkoaren jujamenduen xilatzeko ahalik.

        Beraz etsaiak holako tirriak igortzen dauzkitzularik edo oraino lagun begi-luze batzu gauza hoik jakin beharrez dabiltzalarik, ihardets zuk profetarekin: Zuzena zira, Jauna, eta zuzenak dira zure jujamenduak. Edo oraino: Egiak dira Jainkoaren jujamenduak eta berenaz zuzenak. Gizonak nere jujamenduen beldurti behar du, ez zilatzale, haren adimenduaz gorago direlakotz.

 

        2. Sainduen merezimenduak ere ez hazta; heien gainetik ez kalapita, zoin den sainduago edo zeruan handiago. Hortarik dira sortzen ardura eztabada alferrak eta aharrak; burgoikeria eta urgulua du hazten, bekaizgoa pizten eta herra, hau ari dela saindu baten goresten, hura bertze saindu batez espantuka.

        Holako zeretan sartzeak ez dakar gibelondorik deus; dena, sainduer gaitzi zaiote; Jainkoa, ezen, ez da lipiztari, bainan baketiar, eta bakea egiazko umiltasunari datxiko, ez urgulari.

 

        3. Batzuek saindu bat maiteago dute bertze bat baino; bainan hortan beren bihotzak derabiltza, Jainkoak baino gehiago. Saindu guziak nik ditut eginak, nik graziaz duntuak, nik saristatuak zeruan.

        Heien artean nork zer merezimendu duen badakit nik; ukan dituzten grazia guziz gozoak nik emanak naizkoten aitzinerat; mendeak mende ziren baino lehen, nere hautetsiak ezagutzen nituen. Nik ditut mundutik bereziak, ez nute hek hautatu lehenik; nere graziaz deitu ditut eta nere urrikalmenduan nereganatu. Gudu mota askoren artetik nik ditut athera, atsegin espantagarrienak heien bihotzerat nik ixuri, iraupena nik diotet eman, heien pazientzia nik saristatu.

 

        4. Azkena ezagutzen dut nola lehena, eta direnak oro negurririk gabeko amodio batez ditut besarkatzen. Nere saindu guzietan ni nuzu behar goretsi, oroz lehen ni benedikatu eta ohoratu, nik ditut guziak hoin gora altxatu bethiereko ospean, aitzinetik gai ez zirelarik hautetsi bainituen.

        Saindu ttipienetarik bat gutiesten duenak, handiena ez du goresten, handia, ezen, eta ttipia nik eginak ditut. Saindu bat aphaltzen duenak, zeruan diren bertze saindu guziak eta nihau gitu aphaltzen.

        Saindu guziak amodiozko lokarri batek elgarri josirik dauzka: denek gogo bera dute, nahi bera, eta orok elgar maite dute maitetasun beraz.

 

        5. Bainan oraino gehiago dena, beren burua eta merezimenduak baino maiteago nute ni. Beren buruaz gorago nik altxaturik, berentzat zuten amodioa suntsiturik, nere amodioan osoki barna daude, eta ni baitan pausaturik gozagarrizko bake batean. Deusek ez ditu handik baztertzen ahal, ez histen ahal; bethiereko Egiak bethetzen dituela, amodio ezin hil batek sutan dauzka.

        Gizon lurtiarrak ez ditezela beraz sainduak zer eta nola diren ondotik ibil, beren atsegin makurren berri baizik ez dakitenaz geroz. Sainduen ospea ttipitzen dute edo handitzen beren ixuriaren arabera, eta ez bethiereko Egiaren araberan.

 

        6. Asko ez-jakinean mintzo dira: heien artean guziz, Jainkozko argiak hunkitzen ez dituenak, bakan baitute hok norbait maite buruzko amodio garbi, oso batez. Bihotzeko ixuri batek, gizonaren gizonerako amodio batek deramatza holako edo halako sainduaren alde; uste baitute zeruko bizia lurreko biziaren idurikoa dela. Bainan lurtiarrek uste dutena bertzerik da, bertzerik, Jainkoak argitu gizonek ikusten dutenetik.

 

        7. Beraz, nere haurra, zure jakitateaz gorago diren gauza hoitan ez zirika zure adimendua; izaitekotz, artha handienarekin lehia zite egun batez Jainkoaren erresuman leku baten hatzemaiterat, azkena bada ere izanen.

        Zeruan nor den sainduena eta handiena norbaitek balaki ere, zendako luke ezagutza hori, umil ez badago nere aitzinean eta nere Izen saindua goresten ez badu are gehiago? Bere bekatuen izigarriaz, bere bertuteen ttipiaz orhoit dena, ikusiz sainduen saindutasunetik zonbat dabilan urrun, Jainkoak hura maiteago du, zeruan zoin den saindu handiena edo ttipiena ari dena baino.

        Khartsuki sainduen othoiztea eta, umil bihotza, heien arartekotasunaren eskatzea hobe da biziki, zer eta nola diren behar gabe bilhatzea baino. Sainduak botz dira, osoki botz beren dohatsuan, bertzerik zer dukezu jakin beharrik hetaz? Nola diren badakizunaz geroz, zendako erabil zure mihia solas alferretan?

 

        8. Beren merezimenduez ez dute espanturik sainduek; beren baitarik deus onik ez dutela aithortzen dute eta duten ongi guzia niri bihurtzen, ezen nik emanak daizkotet oro, nere negurririk gabeko amodioan. Hain nute maite eta zorionez hain dira betheak non, heien ospeak deusik ez baitu eskas eta heien zorionak ez baituke eskasik deus.

        Saindu guziak zonbat ere baitira zeruan gorago, hanbatez dira beren baitan umilago, hanbatez ere nitarik hurbilago, eta nik hanbatez ditut maiteago hek. Hortakotz da errana: beren koronak Jainkoaren oinetarat aurtikirik, ahospez erori zirela Bildotsaren aitzinean eta menderen mendetan bizi dena adoratu zutela.

 

        9. Hanitzak badaude nor othe den zeruetan handiena, ez dakitelarik ttipienen artean sartzeko gai ditazkenetz berak. Zeruan oro handi dira, ttipienak ere, oro Jainkoaren haur deituak izanen baitira eta deitu bezala izanen. Ttipiena gizadi handi baten buruzagia bezala izanen da, bekatoreak bizitze luze baten ondarrerat ez duelarik aurkituko heriotzea baizik.

        Nere dizipuluak elgarri baitzauden nor othe den zeruetan handiena, nik hauxe nioten ihardetsi: ez bazirezte itzultzen gaizkitik ongirat eta haur ttipien idurikotzen, zeruko erresuman ez zirezte sartuko. Nork ere baitu bere burua aphalduren haurño hunen heinerat, hura da handiena izanen zeruko erresuman.

 

        10. Zorigaitz, beren burua haurñoek bezala aphaldu gogo ez dutener: zeruko athea hain da aphala non, ez baitira sartu ahalko. Zorigaitz ere, beren atseginak lur gainean hartzen dituzten aberatser, gabezian daudenak sartzearekin zeruan, kanpoan baitagozke hek orrobiaka.

        Eta zuek, jende xumeak, alegera zitezte eta bozkaria: zuendako baila Jainkoaren erresuma, baldin egiari doakon bidez bazabiltzate.

 

aurrekoa hurrengoa