www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

10. KAPITULUA

 

Jainkoak eman grazientzat behar den ezagutzaz.

 

        1. Zendako duzu pausa bilhatzen, laneko sortua zuk? Sinets atsegabea nagusi dukezula hil artean atseginari, bai eta bozkarioari kurutzea.

        Zoin mundutiarrek ez litzazke arimako atsegin eta kontsolamenduak gogotik har, bethiereko gozamentzat? Alabainan munduko eta gorputzaren atsegin guzier, arimako atseginak hanitzez nagusi dira. Munduko atseginak, edozoin izan ditezen, ezdeus dira eta ahalgegarri; arimako atseginak aldiz, Jainkoak bihotz garbietarat ixuriak, gozo eta garbi dira eta bertutearen ume. Atsegin hoitaz bizkitartean nehor ez ditake bere gogorat goza, tentazioneek utzi epheak ez direlakotz nehoiz luzeak.

 

        2. Bihotzez lazoegi girelakotz eta gure buruari fidegi, Jainkoaren ganikako atseginak ez ditzazkegu bil gure baitarat nekez baizik. Jainkoak ontasun handia dohaintzen dio gizonari, kontsolamenduaren grazia emaiten dionean; gizona ordean gaizki dabil, ez aithortuz nondik jina zaion eta Jainkoari eskerrak ez bihurtuz.

        Graziaren emailearentzat eskergabe girelakotz, gure ezagutza ez delakotz graziaren ithurbururaino heltzen, horra ere zendako ez ditaken gure baitarat jauts graziarik. Ukan graziez eskerdun denari, grazia berri bat ez zaio nehoiz eskupetik atxikia; Jainkoak umilari emaiten ohi dio, urgulutsuari khentzen duena.

 

        3. Atseginik ez dut nahi, bihotzeko urrikia khen lezaketanik. Jainkoaren beko-bekoaz ez niz gozagura, urguluz hanpatzekotan. Ezen gauza eder guziak ez dira saindu, gozo guziak ez dira on, ez eta nahikunde guziak garbi; Jainkoari ere ez zaio bethi laket guk maite duguna.

        Zoin graziak ere bainu umiliagotzen, atzarriagotzen eta neure buruari ukotzeragotzen, grazia hura bera dut gogokoena. Badakiena grazia zer den, zer, graziaz gabeturik egoitea, ez da hura ausartaturen berez bere zerbait onik badaukala sinesterat; izaitekotz, min hitsa den eta dohakabea du aithorturen.

        Jainkoarenak Jainkoari. Zure itzalak daudela zuretzat. Ukan grazientzat Jainkoari bihur eskerrak; zure bekatuak zure gain, onhar bekatuar dagokion atsegabeaz baizik ez zirela hartze.

 

        4. Jar zite bethi azken mailean, eta lehena zaitzu emana izanen: zimendurik gabe ez baititake kaskorik.

        Jainkoaren araberako saindu handienak, beren iduriko dira ttipienak: gorago deituago, eta bihotzez umilago. Zerutikako egiaz eta ospeaz betheak, hek, ez dira lurreko ohore gose. Jainkoa baitan landaturik baitaude eta finkaturik, urguluak ez ditu beren ozkatik harrotzen. Onik duten guzia Jainkoari dute gogoz bihurtzen. Ez dabiltza gizonek elgarri dematen ospearen ondotik; Jainkoaren ganik dathorrena baizik ez dute nahi. Zertarat diren lehiatuenik, zer duten bakharrik nahikari, huna: Jainkoa izan dadin goretsia beren baitan eta saindu guzietan, izaite ororen gainetik.

 

        5. Bihur beraz eskerrak grazia ttipienentzat, handienen ardiesteko hola baitzitazke gai. Handitzat iduk Jainkoaren emaitza ttipienak; edertzat, gizoner ezdeus zaizkotenak. Emailearen handitasunari behatzen badiozu, ukantza bihi bat ez zaitzu ttipi eta xarpil idurituko. Deus ez da ttipirik, Jainko guziz handiak duelarik emana.

        Auhenak eta nahigabeak igorririk ere Jainkoak, eskerrak daizkogu zor, gertatzen zaizkun gure salbamenduaren karialat baititu gertatzerat uzten.

        Jainkoaren grazia begiratu nahi duenak, ukan grazientzat eskerrak bihur ditzala, eta, grazia itzaltzen zaiolarik, har dezala pazientzia. Othoitz egin beza, graziaren berriz ardiesteko; umil eta atzarri egon bedi, berriz ez galtzeko.

 

aurrekoa hurrengoa