14. KAPITULUA
Nehor ez dela ausartziarekin jujatu behar.
1. Beha ontsa zuhauren buruari, eta bertzeek eginen jujatzetik begira. Bertzeak jujatuz, alferretan akitzen da gizona, ardura enganatzen eta hutsean errexki erortzen. Aitzitik, bere barnea ikertzen eta jujatzen duena, bethi irabazitan doa.
Gure bihotzaren goiti-beheitien arabera jujatzen dugu bethi kasik, eta, gure burua maitez, errexki baztertzen gira egiaren ganik. Gure xede eta gutiziak Jainkoarekilakoak balira bethi, gure jiteari ez doazkon gauzez ez ginitazke hain errexki asalda. Bainan maiz gu baitan gorderik daukagun edo kanpotik gutarat jin zerbaitek, makur geramatza gu ere.
2. Hanitzek egintza guzietan beren burua dute bilhatzen gordeka; hori, berek jakin gabean. Bakean direla iduri dute oraino, gauzak beren gogo-bihotzen arabera doatzino. Bainan kaskoan dutenaz bertzerik gerta dakiotela, abian asaldatzen dira eta histen.
Ez direlakotz jite eta gogo berekoak, elgarren artean hizkatzen dira arduraxko bai adiskide bai herritarrak, fraile, serorak, nola gizon emazte othoitz-zaleak.
Aztura zahar bat nekez galtzen; nork berak ikusi hartarik urrunago nehor ez gogotik johan.
Jesus Jaunaren laguntza boteretsuari baino gehiago zure adimenduari eta antzeari bermatzen bazira, bakan eta berant baizik ez dukezu haren argirik, zeren Jainkoak bere azpiko nahi baikitu osoki, eta, amodio suhar baten bidez, dituzkegun argi guziez gorago altxatu.
|