www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristoren imitazionea
Leon Leon
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristoren imitazionea, Leon Leon. Brepols, 1929

 

 

aurrekoa hurrengoa

22. KAPITULUA

 

Gizonaren atsegabeez.

 

        1. Non-nahi izan ziten, edozoin eskualdetarat ziten itzul, dohakabe zu, non ez ziren Jainkoari buruz itzultzen.

        Zendako asalda, gauzak ez direnean zure nahiaren eta gutiziaren araberakoak! Nork non ditu oro, berak nahi bezala? Ez nik, ez zuk, mundu huntan ez nehork. Nehor ez da mundu huntan atsegaberik eta griñarik gabe, izanikan ere errege ala Aita Saindu. Nor da zoriontsuena? Jainkoarentzat zerbaiten jasaiteko on dena.

 

        2. Asko jende ahul, buru arinek derasate: holakoak behazue zer bizi ederra deraman, zoin den aberats, zoin ahaldun, zoin handi! Beha bada zeruko ontasuner, eta ikusiren duzu lurrekoak ez direla deus: egun ba, bihar ez, jasangaitz, gozatzeko bethi ikhara eta griñabide.

        Gizonak, zoriontsu izaiteko, ez du nasaiki aberats behar, bizitzeko doi hura aski du. Egiazko atsegabea, mundu huntan bizitzea. Gizona jainkotiarrago eta bizi hau kiretsago zaio, bere gorputz ustelkorraren eskasak hobeki senditzen dituelakotz eta garbikiago ikusten. Ezen jatea, edatea, atzarririk egoitea, lo egitea, pausatzea, lanean artzea eta gorputzeko bertze beharren meneko izaitea, hoik oro atsegabe zaizko eta nigargarri gizon khartsuari, bihotzez nahi bailuke lokarririk gabe eta bekatu guzietarik garbi bizi.

        3. Gorputzaren beharrak alabainan poxelu ditu gizon jainkotiarrak. Hortakotz zagon profeta Jainkoari oihu-minez: nere beharretarik garbi nezazu, Jauna. Zorigaitz ordean beren atsegabearen berri ez dakitener; arre zorigaitz bizi herresta eta ustelkor hau maite dutener! Nahiz esketik edo lanetik herrestan bizi diren, zonbaitek bizi hau hain dute maite non, zeruaz ez bailukete axola mikorik, hemen egoiten ahal balira bethi.

 

        4. Oi bihotz argalak hek eta fede gabekoak! lurreko gauzer hain dira josiak non, hetaz landa, deusentzat ez baitute gosturik, Bainan, dohakabeak, azkenean ohartuko dira ondikotz, maite zituzten gauzak zoin diren huts eta ezdeusak.

        Sainduek aldiz eta Jesusen adiskide khartsuek gorputzaren nahikerientzat eskerrik ere ez zuten, ez eta beren mendeko edergailuentzat; bethiereko ontasunentzat baizik ez zuten bihotzik, gogorik eta hatsik. Gutiziarik ez zuten zeruko gauza bethierekoentzat baizik; lurreko ontasunen amodioak errekara zitzan beldur baitziren.

        Aneia maitea, bertutean aitzinatzeaz ez othoi etsi: hemendik goiti ere ephe badukezu.

 

        5. Lan horri lotzeko, bihar arte zendako igurika? Xuti zite eta has berehala, diozularik: orai da xedeen obratzeko tenorea, orai gudukatzeko orena, orai zuzenagoki bizitzeko danga.

        Nekeak eta nahigabeak jitearekin, merezimendu irabazteko tenorea ere da jina. Suaren eta uraren artetik behar duzu iragan, goza-lekurat heldu aitzin.

        Zure jiteari ez badiozu ihardukitzen, zure ohidura tzarrak ez ditutzu garaituko. Gorputz herbail hau dakarkeguno, ezin gitazke bekaturik gabe, ez neke eta bihozminik gabe.

        Gogotik bizi ginitazke bakean, atsegabe guzietarik maldan; ba gogotik, bainan, bekatu eginez, inozentzia galdu dugulakotz, galdu ere baitugu egiazko zoriona! Baitezpada pazientzia hartu behar dugu beraz eta Jainkoaren urrikalmendua igurikatu, gure arimako lohia ezeztatu eta haren hil-nahia bethiereko biziak iretsi arte.

 

        6. O zoin den ahul gizonaren gemena, bethi gaizkirat lerratzen denaz geroz! Zure bekatuak egun aithor, eta bihar beretarat eror. Zure buruaren zaintzeko xedea har orai, eta, oren bat barne, xederik hartu ez bazinu bezala ibilki. Zinez gure burua aphaltzeko dugu; harrokeriatik begira giten bethi, hain ahul eta aldakor girenaz geroz. Lan handirekin, graziaren bidez, bilduxea duguna gal dezakegu, begiak itzul artean, ezazolkeriaz.

 

        7. Nola izanen othe gira egunaren ondarrerat, goiz goizetik hoin bihotz-gabe girenean? Zorigaitz guri, pausa nahiz baikabiltza, jadanik bakearen eta soseguaren jabe bagina bezala, gure bizi-moldean saindutasunaren itzalik ere ez delarik ageri oraino!

        On ginuke, khartsutasunari lotu berrian bezala, bertutean nola aitzina berriz ikasten hastea, ikusteko ordutik harat, gure jaidurak xuxenduz, bertutean geroago aitzinatuago goazkenetz.

 

aurrekoa hurrengoa